Pello Salaburu. Euskaltzain eta idazlea

«Liburuak berak eraman ninduen»

Aurretik hartarako asmo argirik izan gabe hasi zen Pello Salaburu 'Errateko nituenak' idazten, eta ezin izan zen gelditu. Horrela ausartu zen literaturaren munduan sartzen, eta harrera ona izaten ari da.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
2015eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Hizkuntzalari gisa da batez ere ezaguna Pello SalaburuEHUko irakaslea (Arizkun, Nafarroa, 1951), 1984az geroztik baita, izan ere, euskaltzain oso. Baina iazko maiatzean Errateko nituenak. Cuzkoko kronika (Erein) argitaratu zuen, genero aldetik definitzen zaila izan arren —elementu autobiografikoak eta nobelistikoak nahasten baititu—, literaturaren munduan harrera ona izaten ari den liburua. «Nik beti nahi izan dut zerbait egin literaturan eta orain arte ez naiz inoiz ausartu», aitortu du Salaburuk. «Neurri txiki batean bada ere, apurtu dut hori liburuarekin. Orain dela bost urte, guztiz baztertua nuen literaturaren mundua; orain, ez. Gustatu, gustatuko litzaidake beste zerbait idaztea, baina ez dakit kapaza izango naizen».

Ia ezustean idazten hasitako liburua da Errateko nituenak.

Ikastaro bat antolatu behar genuen Cuscon (Peru), master bat, eta aurreko astean Miren Azkarate joana zen hara, gauza batzuk lotzera. Hara joan nintzenean, liburuan kontatzen dudan bezala, oso surrealista izan zen dena, han ez baitute hemen bezala funtzionatzen. Txosten bat egin nuen, gaztelaniaz, master haren inguruan zegoen jendeari pasatzeko, baina txostenaren testua ironiaz betea zegoen. Gertatutakoari alde ironikotik begiratuz eginak ziren komentarioetako asko; edo, ironikoa ez baldin bazen, barre eginarazten zuen lekutik begiratuta behintzat. Irakurri zutenek barre egin zuten, eta pentsatu nuen hark eman zezakeela liburu bat idazteko. Horregatik, txosten hura luzatzeari ekin nion, euskaraz.

Baina oso bestelako kontu asko ere kontatu dituzu, masterrarekin zerikusi zuzenik gabekoak.

Testua luzatzea erabaki nuenean, pentsatu nuen beste itxura bat eman behar niola, egin behar nuela bidaia bat neure barrura. Orduan erabaki nuen orrialde horietan sartzea masterretik eta Cuscoko egonalditik kanpoko beste gauza asko.

Liburu hau hasi arte, beraz, ez zenuen hemen kontatzen dituzunak kontatzeko asmorik.

Ez. Hasi nintzen idazten, eta idazteak horretara eraman ninduen. Idazten hasi nintzenean, nire inpresioa zen bakarrik zihoala aurrera kontua. Idazketak bidea hartu zuen, eta bide hartatik joan zen. Liburuak berak eraman ninduen, eta batzuetan konturatzen nintzen ezin nintzela gelditu. Eta, egia esateko, egin nuen lehenbiziko idazketatik testua ez da askorik aldatu. Liburu hau pixkanaka osatzen den puzzle baten antzekoa da, eta honelako liburuetan galtzeko arriskua dago. Baina nik ez nuen planifikatu liburua.

Ia-ia idazketa automatikoa praktikatu zenuela esan daiteke.

Ia-ia. Idazketa amaitu eta gero, egin nizkion ukituak testuari, jakina, estilo aldetik batez ere. Baina %90 edo 95 horrela joan zen.

Euskaltzaindiarekin, edo behintzat Euskaltzaindiaren parte batekin, oso kritikoa zara liburuan. Euskaltzaindian psikopata batbadela ere badiozu...

Gauza askoren inguruan egiten ditut hausnarketak liburuan, eta horien artean baita Euskaltzaindiaz ere. Psikopatak toki guztietan daude; aski da estatistikak begiratzea horretaz jabetzeko. Liburu honetan oso argi hitz egiten da kontu horretaz.

Euskaltzaindian jakintza zientifikoa ez dela behar bezala balioesten diozu, eta batzuetan traba bat ere izan daitekeela.

Hori akademia guztietan gertatzen da, eta gurean ere gertatu da. Nik ez daukat dudarik. Aski da ikustea nor gelditu den kanpoan.

Mirespen eta adiskidetasun handiz hitz egiten duzu Jean Haritxelhar euskaltzainburu zenaz, eta iradokitzen duzu Euskaltzaindiak ez zuela merezi bezala tratatu azken urteetan.

Ez dut ezer iradokitzen. Kontatzen dudana da gertatu zena. Ez dut ezer asmatu.

Sylvia Kristel aktorearekin izandako harremanaren kontua inori kontatu gabea zinen, liburuan diozunez, eta asmorik ere ez zenuen, harik eta liburuak berak horretara bultzatu zintuen arte.

Bai, istorio hori ere hor dago. Bitxia da: istorio horretaz gizonezkoek baino ez didazue galdetzen. Behin telebista kanal baterako elkarrizketa egin zidan emakume batek, eta galdetu zidan horretaz, baina ez berari interesgarria iruditzen zitzaiolako, inguruan zituen gizonezko batzuek eskatu ziotelako baizik. Liburuan dago istorioa, eta horretaz ez dut hitz bat gehiago esango.

Liburua autobiografikoa da neurri handi batean, baina zureak ez diren istorio batzuk ere tartekatzen dituzu, fikziokoak, itxuraz behintzat.

Bada denetatik. Liburuan badira zati autobiografiko asko, eta badira hausnarketak ere; argi neukan hausnarketa horietako batzuk sartu behar nituela, baina beste batzuk, zuzenean egin beharrean, kontatzen ditudan istorio batzuen bidez egin ditut. Istorio horiek erdi-fikziokoak dira; ez dira inondik ere guztiz asmatuak. Nik ikusi dut Cuscon daudela, gauza askotan, gu hemen orain dela 40 urte geunden bezala. Eta orain dela 40 urte gure artean zeuden iritziak eta eztabaidak liburura eraman, eta jarri ditut hango pertsonaien ahotan. Ez dira hala ere pertsonaia guztiz asmatuak. Asmatu baino gehiago, hornitu egin ditut. Nire etxeko kontuak ere fikzionatuta daude. Kontatzen dudanean Txiletik gure etxera [Arizkungo Erratzuriz baserrira] armarriaren bila etorri zen andrearena, badakit andrea etorri zela, baina ez dakit etorri zenean igandea ote zen.

Nobela bat da?

Neurri batean, baditu zati batzuk... Baina ez, ez da nobela bat.

Baina irakur daiteke nobela bat bezala ere.

Bai, irakur daiteke nobela bat bezala, dudarik ez. Baina gauza pertsonal asko badira.

Dena umorez kontatua dago, ironiaz ere bai batzuetan, eta ez diozu beldurrik zeure buruari ere barre egiteari.

Ez dakit lortu dudan edo ez, baina nik umorea mantendu nahi izan dut orrialde guztietan, horrek, ongi asmatuz gero, irakurlearen lana arintzen duelako. Ironia izan daiteke oso baliabide gaiztoa, kaltegarria. Min egin dezake. Nik liburuan ironia erabili dut, umorea erabili dut, baina ez min egiteko. Askotan neure buruari barre egiteko erabili dut; baita inguruan ikusten ditudan gauzei buruz barre egiteko ere, baina uste dut errespetuz egin dudala hori.

Kontalaria aldarte onean dago beti. Zeu ere hala sentitu zara liburua idaztean?

Umorez hartu nuen Cuscon geratu zitzaidana. Gure funtzionatzeko moduarekin ez du zerikusirik hangoak. Horren aurrean, nik barre egiten nuen. Eta idatzi ere aldarte onean egin dut. Batzuetan ordu asko pasatzen nituen idazten, eta nekatzen nintzen, baina umorez idatzi nuen beti. Eta baita satisfazio sentimendu batez ere. Idazten ari nintzela, neure buruari askotan esaten nion: «Zer ongi dagoen hau!». Kontatzeko modua eta hizkera asko landu ditut, eta idatzi ahala gustura sentitzen nintzen egindakoarekin.

Batuan idatzi duzu, baina inguru jakin bateko euskaren ekarpenez hornitutako batuan.

Batua erabiliz, estandarra erabiliz, batu arruntetik ateratzen diren ñabardura asko sar daitezkeela erakutsi nahi nuen. Eredu bat erabili nahi izan dut —ez soilik Baztangoa, zabalagoa baizik: Baztangoa, Baxenabarrekoa eta Lapurdikoa—, hori erabiliz ere batuan gauza asko egin daitezkeela erakusteko, horregatik batasunik galdu gabe. Gure idazlerik onenak Gipuzkoakoak dira, eta bat edo beste Bizkaikoa, eta haiek erabiltzen dute beren euskara, batuan, normala denez. Nik erabili dut neurea, batuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.