Oihane Zuberoa Garmendia: «Liburua Erosen eta Tanatosen arteko dantza bat da»

«Memoria ariketei» zukua atereaz ondu du Oihane Zuberoa Garmendiak bere bigarren poema liburua: 'Bi aldiz iraun'. Eztiki, mintzo da heriotzaz eta galeraz, eta baita maitasunaz eta bizitzaz ere, ondorioz.

Bere bigarren poema liburua idatzi du Oihane Zuberoa Garmendiak: Bi aldiz iraun
Oihane Zuberoa Garmendia, Iruñean, bere bigarren poema liburua eskuetan. AITOR KARASATORRE / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2024ko otsailaren 14a
05:20
Entzun

Irasagar bati ausiki egitearen parekoa izan daiteke galera bat, Oihane Zuberoa Garmendiaren ustez (Erronkari, Nafarroa, 1993); batere gozotasunik gabea. Ordea, dioenez, badago zapore hori goxatzea. Heriotzaz, denboraren joanaz eta ahanzturaz bestela hitz egitea, eta idaztea. «Poesiak lagundu dezake horretan». Bi aldiz iraun (Balea Zuria, 2023) poema liburuan bildu ditu urteotan gordetako memoria ugari, mazedoniak tartean. «Oroitzapenak horixe baitira:/ bizitza puskak/ almibar uretan gordeak».

Liburua ez ote den irakurlearentzako gonbidapen bat, poemak begiez irakurtzekoa ez ezik, aho zaporeren bat ere dastatzekoa.

Bai, oso sentsoriala da. Gainera, poesia asko lotu izan da naturarekin, loreekin; hor badago tradizio handi bat. Louise Gluck datorkit burura, adibidez. Baina, eta frutekin? Hainbeste ere ez dago. Nire kasuan, lagun batek irakurri zizkidan poema batzuk, oso hasierakoak, eta esan zidan: «Joe, zer zukua ateratzen diezun frutarekin lotutako poemei. Zergatik ez duzu hortik jotzen?».

Errealitatearen laztasuna onartuagatik, ematen du plazera ere bilatu duzula, fruten aipamenarekin, adibidez.

Metafora bat da. Poema askotan irasagarra dago, baita azalean ere, eta irasagarra hozkatzea berez oso mina da, gogorra. Liburuan ere aipatzen dira xamurrak ez diren zenbait gauza: heriotza, denboraren iragatea... Baina poemek lagundu dezakete nolabaiteko distantzia hartzen, min horiek goxatzen. Irasagarrarekin jaki gozoa egiten dugun bezala.

Hori da «lengoaia irasagartzea»?

Izan daiteke hizkuntza erabiltzea frutak ematen digun plazer hori transmititzeko, sintesia egin, eta hitzen bitartez zaporeak sentitu ahal izateko. Gero, jakina, dago jolas linguistikoa, pila bat dibertitu naiz. Egia esan, poeta askok esaten dute idazten dutela sufrimendutik, eta idazketa izaten dela barrukoa atera beharrak bultzatua, terapia moduko bat. Niretzat, behintzat kasu honetan, izan da dibertitzea, jolastea, elementuak aldatzea, gauza arruntei beste dimentsio bat ematea. 

Halere, poemaren batek sufriaraziko zizun, ezta?

Badakizu non ez den batere jolasik egon? Izenburuan. 

Zergatik?

Oso zaila egin zitzaidalako izenburua topatzea. Hasiera-hasieran, lanak bazuen beste izen bat: Izotz beltza. Gero, Orri bete zuri ere izen zen hautagai. Azkenean, editorearekin [Aritz Gorrotxategi] negoziatu ondoren, aurkitu genuen Bi aldiz iraun. Halere, balio izan dit beste zerbaiti buruz hausnartzeko: ea zergatik ezin ditugun izenbururik gabeko poema liburuak atera. Zergatik ez esan «Oihane Zuberoa Garmendiaren liburua»? Ze, gainera, gero horrela aritzen gara besteenez: «Canoren liburua», «Itziar Ugarteren liburua», «Suarezen azkena»... izenburuak ahaztu ere egiten ditugu.

Bidaia (h)ariketak deitu zenion «Oihane Zuberoa Garmendiaren lehenbizikoari». Konparaziora, memoria ariketak bildu dituzu orain?

Bai: memoria ariketak, denbora ariketak. Margolari batzuek natura hilak margotzen dituzte, eta zer dira haiek? Modu bat esateko denbora iragaten dela, baina fruta hor gelditzen dela. Denboraren iragateari buruzko hausnarketak daude hemen. Inkontzienteki, natura hilak idatzi ditut.

Eta mazedonia batzuk. «Poema oro mazedonia bat da/ ongi pentsatuz gero», idatzi baituzu.

Bai, erregistroaren arabera, natura hilak dira, edo mazedoniak. Edonola ere, ohartzen naiz idazketa dela gogoratzeko nire erreminta mnemoteknikoa. Poema hauek idazten hasi nintzen garaian psikologia eskolak ematen nituen institutuan, eta, aldi berean, galerak izan nituen etxean. Memoriaren gaia landu nuen ikasleekin, ariketak bidali nizkien, eta ni ere hasi nintzen hausnartzen eta idazten.

«Poeta askok esaten dute idazten dutela sufrimendutik, terapia modura. Niretzat jolasa izan da, dibertitzea»

Memoriari buruz idaztea eta zure memoriez idaztea gauza bera al da?

Ez, baina nik bietatik egin dut. Badago alde bat askoz pertsonalagoa dena, eta, aurrerago, badago memoriari buruzko hausnarketa neutralagoa-edo, poemak jostalariagoekin, eta beste arnasa batekin.

Alzheimerraz eta, oro har, memoriaren galeraz mintzo zara. «Ahosabaian tolesturik geratu zaizkizu/ gure izenak».

Amona ari da memoria galtzen, eta hori ere bada pertsona baten galera. Hitz egiteko gaitasuna galtzen du, eta hor dago ezinezko elkarrizketa bat. Ze idazten diot hari, jakinda ez duela ulertuko. Erreparatzen badiozu, hori da bigarren pertsonan idatzia dagoen zatia, nahiz eta poeta askori aditu diedan bigarren pertsona gutxi erabili behar dela, arrisku batzuk dituelako.

Jaime Gil de Biedma poeta kataluniarrak zioenez, «inori ez zaio poema bat gertatzen» eta «inork ezin du gertatu zaionaz idatzi». Zuri nola datozkizu olerkiak? 

Uste dut poesia gehiago idatzi beharko nukeela jakiteko zein den nire modus operandi-a. Oso adi egoten naiz inguruan gertatzen direnei. Adibidez, ikus ditzaket etxekoak almibar urak egiten, eta... ttak! Halere, egoten ahal zara tematua, hilabeteak eman horretan, eta deusetarako ere ez. Eskerrak kontrakoa ere gerta daitekeen. Batzuetan, bizpahiru astetan sekulako uzta ateratzen da. Deus ureztatu ere egin gabe, ematen du baratzea hilda dagoela, eta, bat-batean, tomate pila bat.

Noiz hasi zinen uzta hau lantzen?

Lehenengo poemak orain dela hiru urtekoak dira, gutxi gorabehera. 2021ean aurkeztu nituen Nafarroako Arte Gaztearen Topaketetara, eta oso ongi egon zen, bertako hiru epaimahaikideek –Uxue Juarez, Hasier Larretxea eta Garazi Arrula– eman zidatelako halako tutoretza bat.

Sumatzen da filosofoa zarela, franko dakizula kultura klasikoaz. Jainko-jainkosa ugari aipatu dituzu.

Erreferentzia horien bitartez mundua berrinterpretatzea asko gustatzen zait. Baina igual irakaslea naizela ere sumatzen da, ze badut gauzak azaltzeko eta pistak emateko joera, nahiz eta poesia akaso guztiz kontrakoa den: gauza batzuk irakurlearen esku uztea.

Afroditak badu bere tokia zurean, lotua sentsualitatearekin, fruta afrodisiakoekin. 

Disfrutatzea ere hortik dator eta; frutatik. Azken batean, liburua da dantza bat Erosen eta Tanatosen artean: maitasuna, sentsualitatea, gorputzaren gozamena eta bizitzaren lehertzea, batetik; eta heriotza, bestetik. 

«Hitzek mundua ordenatzen dute, eta hura etxekotu. Ikaragarria denari izena jarri, eta ja ez da hain ikaragarria»

«Bizitzea/ mundua/ hitzez/ ebakitzea/ da./ Baina/ hitzik/ ez/ denean,/ bizitzak/ gu/ gaitu/ ebakitzen». Poema horretan, iradokitzen duzu hitzak mundua ordena dezakeela, eta berez den baino gizatiarrago utzi. Hori izan daiteke poesiaren egitekoa?

Hitzek ordena bat ematen diote munduari, sailkatu egiten dute, eta etxekotu. Ikaragarria denari izena jartzen diogu, eta ja ez da hain ikaragarria. Hizkuntza arruntak hori lor dezake, eta poesiak ere bai, baina, are, beste plano batera eramanda. Sortzaileek har ditzakete hitz batzuk, berezko testuingurutik atera, eta beste dimentsio bat eman. Eta hori da mazedonia. Baina mazedonia iruditzen zaizu gauza bat poetikoa, berez? Inork ez du mazedonia eskatzen postretarako!

Bistan da puntuazioarekin eta ebakidurekin ere jostatu zarela.

Gustatzen zait formarekin jolastea, baina ez dadila izan jolas hutsa. Aritu zaitezke esaka «nahi ditut poema diferenteak egin, hasiko naiz formak aldatzen». Bale, ados, baina hori zertarako? Edukiak eta formak bat egin behar dute. Bestela, iruditzen zait alferrik galtzen duzula aukera, eta, gainera, horrek irakurlea galtzea ekar dezakeela.

Labur idatzi ohi duzu. Castillo Suarezek dio irakurlea berak nahi duen tokira eramateko erabiltzen duela idaztankera soila. «Irakurleak jokatu behar duelako libre, baina ez libreegi». Ados? 

Neurri batean bai. Gainera, esango nuke idazten hasten zarenean, gaztetan, mezu bat transmititu edo irakurlearengana iritsi baino gehiago, erakutsi nahi izaten duzula zenbat dakizun. Idazten dituzu esaldi ponposoak eta inork erabiltzen ez dituen sinonimoak, eta kizkurtzen duzu hizkuntza, nahiz eta orduan ez zaren konturatzen. Gero, denborarekin, hasten zara hizkuntza sinpletzen, besteak beste zuzentasunaren mesedetan. Ortega y Gassetek badu filosofiari aplikatzen dion printzipio bat nik poesiarako ere hartzen dudana: «Argitasuna da filosofoaren kortesia». Nire ustez, argi idazteak on egiten dio bai idazleari, baita irakurleari ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.