Argazkilaritzarik gabe ez dago oraina kontatzerik. Eta, aro digitalean murgildurik ere, liburua objektu bizia da oraindik; are, gaurko argazkilari askok liburu formatua hautatzen dute euren lanak erakusteko. Premisa horiek gurutzatzen dira Argazki-liburuen fenomenoa erakusketan. Bartzelonan jarri zuten ikusgai iaz, eta Donostiako San Telmo museorako egokitu dute orain, Gabriela Zendoiaren bildumaren zati esanguratsu bat gehituta, batik bat. Argazki liburuek gorakada nabarmena izan dute azken urteetan, eta erakusketak horren «fenomeno izaera» aldarrikatu nahi d. Moritz Neumuller komisarioaren hitzetan, «argazki liburuen manifestu bat da, neurri batean».
Bartzelonako Kultura Garaikidearen Zentroarekin (CCCB) eta Foto Colectania Fundazioarekin batera ekoitzia dago erakusketa. CCCB ez da argazkilaritzan ardaztutako zentro bat, ezta artean ere, Vicenç Villatoro CCCBko zuzendariak gogorarazi duenez. Azpimarratu du haien zentroak «oraina kontatzea» duela helburu, eta galdera egin du: «Zergatik bilatzen ditu aliantzak argazki liburuen inguruan oraina kontatu nahi duen batek?». Berak erantzun: «Lehenik eta behin, onartzeko argazkilaritzarik gabe ezin dela oraina kontatu. Bigarrenik, argazkilaritzak narratiba berri bat eraikitzen duelako liburu bilakatuta, eta orainaldiko narratiba indartsu ia guztiak sakontzeko eta hedatzeko balio du». Kalkulu batean laburtu du gero: «Argazkilaritza gehi liburua berdin narratiba». Eta azken arrazoi bat ere erantsi du: «Halaber,erakusketa hau aldarri bat da liburuaren alde, artefaktu gisa». Bartzelonako erakusketa gertatzen hasi zirenean, kideetako batek aipatu zuen liburua dela argazkilaritzaren etorkizuna, eta Villatorok zerbait ikusi zuen hor: «Bizitza osoa neraman entzuten liburua bukatzear zegoela, gauza anakroniko bat zela; eta hunkitu egin nintzen esaldi batean 'liburua' eta 'etorkizuna' entzutean. Liburua ez da argazkiaren etorkizuna bakarrik: argazkiaren oraina da. Liburua oraindik gorde daitekeen artefaktu bat da, ikusgarria, eskuragarria, eta uste dut erakusketa honetan horri ere egiten diogula omenaldia».
Sei ikuspegiren elkarrizketa
Gabriela Cendoya bildumagileak 2.000 argazki liburu inguru eman zizkion San Telmo museoari iaz. Susana Soto museoko zuzendariak gogorarazi du erakusketa ekarpen horri lotuta dagoela. Sei ataletan banatu dute erakusketa, eta Zendoiaren bildumak hartzen du horietako bat. Erakusketaren erdian jarri dute Zendoiak museoari emandako liburuen erdia baino gehiago, liburutegi batean. «Argazki liburuen aktibista bat izan naiz, eta ezin izango nuen amestu horientzako erakusketa hau baino ikusgarritasun eta hedapen hoberik», aitortu du Zendoiak. Neumullerrek aipatu du bertako zein kanpoko argazkilari garaikideen «harribitxiak» daudela bilduman, baina zehaztu du liburuak larunbatetan atera ahal izango direla soilik kontsultarako.
Nazioarteko komisario batzuek atondu dituzte gainerako bost atalak, eta Neumuller aritu da denak josten. Sei ikuspegiren arteko «elkarrizketa» bat osatzea izan da asmoa. «Argazki liburuak bitarteko bat dira oraina eta geroa ez ezik argazkilaritzaren historiaere berridazteko», adierazi du Neumullerrek, eta mugimenduaren «aita pontekotzat» jo ditu Horacio Fernandez eta Martin Parr, erakusketako bi ataletan komisario lanak egin dituztenak. Parr argazkilaria eta bildumagilea da, eta harentzat historiako 57 argazki libururik onenak direnak hautatu ditu. Erakusketa guztian sigi-saga doazen kutxatan jarri dituzte, kronologikoki, eta «erakusketaren hezurdura» osatzen dute, Neumullerren esanetan.
Horacio Fernandezek ikuspegi «teorikoagoa» osatu du, Museoa da liburutegia atalean. Manuel Alvarez Bravo, Gabriel Cuallado eta Henri Cartier Bresson argazkilarien liburutegiak erakutsi ditu, arte, filosofia eta literaturako erreferentziekin harremanetan jarrita. Fernandez: «Museoak liburutegiak baino pasiboagoak dira, oro har. Baina, argazki liburuenean, liburutegia da, egiazki, museoa». Jorge Luis Borgesen eta Susan Sontagen esaldi bana hartu ditu; Borgesek dio munduan guzti-guztia liburu batean amaitzeko existitzen dela; Sontagek dio guzti-guztia argazki batean amaitzeko existitzen dela. «Orduan, existitzen den guzti-guztia argazki liburu batean amaitzeko existitzen da, eta, hain zuzen, hori ikusten da hemen dagoen gaien ugaritasunean», laburtu du Fernandezek.
Atal oso bat eskaini diote Life Is Good & Good For You In New York argazki liburuari; 1956an argitaratu zuen William Kleinek, eta ordura arteko ikuspegia irauli zuen: berehala erreferente argi bat bihurtu zen sektorean. Markus Schadenek eta Frederic Lezmik egin dituzte horren komisario lanak.
Ikuspegi «politikoa» , Neumullerren hitzetan, Gerry Badgerrek eman dio erakusketari, Propaganda liburuak versus protesta-liburuak atalean. Azken atala ikuspuntu garaikidetik hurbildu da argazki liburuaren kontzeptura, eta Neumullerrek berak eta Irene Mendozak atondu dute.
Ekainaren 6ra arte egongo da erakusketa San Telmon, eta jarduera programa batek osatuko du. Horien artean, igande honetan 12:00etan egingo duten mahai-ingurua nabarmendu dute: Parr, Fernandez, Zendoia eta Neumuller ariko dira argazki liburuen fenomenoaz eztabaidan.
Liburua da argazkiaren oraina
San Telmo museoak 'Argazki-liburuen fenomenoa' erakusketa ireki du. Argazki liburuen kontzeptua sei ikuspuntutatik aztertzen du, eta ekainaren 17ra bitarte bisita daiteke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu