Kazetaritza ikasketak egin zituen Karmele Jaiok (Gasteiz, 1970), eta, Emakundeko Komunikazio arduradun ez ezik, euskaltzaina ere bada. 2004an argitaratu zuen lehen lana, Hamabost zauri ipuin liburua. Gerora, beste hainbat lan idatzi ditu. Aitaren etxea bere hirugarren eleberria du.
Nola jaso duzu saria?
Poz handia eman dit, izan delako nolabait liburua atera nuenetik jaso ditudan beste sari guztien gailurra edo. Ordutik beste sari batzuk jaso ditut, beste modu batekoak: irakurleen iritziak eta abar. Baina, egia esateko, babes handia sentitu dut liburua atera nuenetik, eta sari honek biribildu egin du babes hori.
Irakurleen babesa aipatu duzu, eta, hain zuzen, babes horren erakusgarri izan liteke irakurle kopurua: konfinamenduan eLiburutegian gehien irakurritako liburuetako bat izan da zurea.
Sariak garrantzitsuak dira, eta adituen iritziak ere oso inportanteak dira, baina irakurleengana heldu eta beraien bizitzako pasarteren bat edo sentipenen bat zure obran aurkitzea oso garrantzitsua da niretzat.
Hausnarketarako liburua dela azpimarratu du epaimahaiak.
Bai, bada hausnarketarako liburua, nik uste. Ez nuen nahi ikustea tesi bat defendatzen ari den eta norbait konbentzitu nahi duen idazle edo obra modura; hori zen erronka, eta hori izan da zailtasuna: alegia, nola esan horren itxura ez edukitzeko. Beraz, saiatu naiz pertsonaia bakoitzaren buruan sartzen eta bakoitzaren ikuspuntuan barneratzen.
Karmele Jaio. Idazlea
«Liburua atera nuenetik jaso dudan babesa biribildu du sari honek»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu