Musika

Eresbilek liburu batean bildu du mende erdiko bere jarduna

Euskal musikaren artxiboak sorreratik gaurdaino izandako ibilbidea jorratu dute 'Eresbil, 50 urte musika-ondarearen zerbitzura' liburuan. Artxiboaren historiaz ez ezik, bilduta dauzkaten milaka materialez ere idatzi dute.

Eresbilen 50. urteurreneko liburuaren aurkezpena, Donostiako Tabakaleran. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Eresbilen 50. urteurreneko liburuaren aurkezpena, Donostiako Tabakaleran. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
urko iridoy alzelai
Donostia
2024ko abenduaren 12a
17:35
Entzun

Behar batek bultzatuta sortu zuen Jose Luis Ansorenak Eresbil musika artxiboa: kontzertu eta jaialdietan sortutako material guztia biltzeko eta gordetzeko. 1974. urtean hasi zen horretan, eta, beraz, 50 urte bete ditu aurten. Mende erdi horren urteurrena ospatzeko, liburu bat kaleratu dute, azkeneko bost hamarkadetan egindako lana bilduz: Eresbil, 50 urte musika-ondarearen zerbitzura. «Musikariei ez ezik, edozeini zuzendutako liburua da hau, euskal musikaren ondarea dauka-eta ardatz», esan du Arantxa Arzamendik, Andra Mari abesbatzako zuzendariak.

Musikaste jaialdia eta Andra Mari abesbatza izan ziren Eresbil sortzeko arrazoia. «Abesbatzaren materiala armairu batean jasotzen hasi zen Ansorena. Gero, konturatu zen Musikaste jaialdian partitura, kartel eta halako material asko sortzen zirela, eta hori gorde egin behar zela», azaldu du Arzamendik. Horrela ekin zion Eresbilek, eta, urteak aurrera joan ahala, handituz joan da proiektua. «Hasieran, Errenteriako kaputxinoen elizako behealdean egiten genuen lan, baina, geroago, Niessen enpresaren fabrikara mugitu ginen, gaur egun gauden tokira», esan du Pello Leiñena Eresbileko zuzendariak.

Arzamendik adierazi du ondare mota guztiek ez dutela tratamendu bera izaten: «Ondare bakoitza ezberdin kudeatzen da, eta hor musikarena galtzailea izan ohi da». Hori bera arrazoituz, esan du musika inguratzen duen materiala erraz galtzen dela, efimeroa dela, alegia, eta hori dela musika artxibo bat sortzeko erronka handienetarikoa. Urkiri Salaberria Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen arduradunak «arimarekin» alderatu du musika, eta esan du ezen, ondare immaterial bat den heinean, oso garrantzitsua dela hura gordetzea. Salaberria: «Gure arbasoen lanari aitortza bat egitea da ondarea. Horregatik, artxiboak oso funtsezkoak dira, oso garrantzitsuak, gure ondare hori gorde eta ondorengoei transmititzeko».

Bi zatitan banatutako liburua

Bi zatitan banatu dute argitalpena. Lehenengoan, Eresbilen ibilbidean jarri diote arreta, eta modu kronologikoan bildu dituzte erakundeak mende erdian izandako erronkak eta gorabeherak. «Bertan parte hartu duten pertsonak agertzen dira, eta erakunde izateko emandako pausoak ulertzeko aukera dago», azaldu du Leiñenak. Egun garrantzitsuak nabarmendu dituzte lehen zati horretan, hala nola modu instituzionalean egindako lehen bilera (1978) eta egoitza berriaren irekiera (2002), beste askoren artean.

Euskal Herriko musikagileei aitortza egin nahi izan diete liburu barnean ere. Leiñenak berak Euskal Herriko musikagileak Eresbilen izeneko atala idatzi du, eta azken mendeetako euskal musikagileak sailkatu ditu bertan, askotan infografien laguntzaz. Horrela, ikusi daiteke XX. mendea izan zela oparoena euskal musikagileei dagokienez, eta gehienak Gipuzkoan jaio zirela. Sailkapenaz gain, dokumentazio iturriak ere aipatu ditu, musikagileak aurkitzeko erabiliak izan direnak.

Bigarren zatian, berriz, artxiboan aurkitu daitezkeen material ezberdin asko sailkatu dituzte, tipologiaren arabera. Bost ataletan banatu dute: Eskuz idatzitako eta inprimatutako musika, Ikus-entzunezkoak eta soinu grabazioak, Testu materiala, Material grafikoa eta Dosier dokumentalak. Marc Barnesek idatzi du horietan lehena, hura da-eta eskuz idatzitako musikaren arduraduna Eresbil barnean. XV. mendean Arnaut Gilen musikagileak idatzitako Missale mixtum Pampilonense-tik (euskal eremuan identifikatutako lehen musika testua) gaur egun sortzen direnetaraino iritsi da Barnes.

«Etorkizunean ere erronka asko izango ditugu, hala nola adimen artifiziala. Gure ondoan eduki behar dugu, tresna garrantzitsua izango da eta»

PELLO LEIÑENAEresbil musika artxiboko zuzendaria

Partiturak ez ezik, bestelako hainbat materialek osatzen dute musika mundua, hala nola kartelek, kontzertuetarako sarrerek, liburuek, ikus entzunezkoek, diskoek, grabaketek... Horiek denak biltzen egiten du lan Eresbilek, eta liburuaren bigarren zatian bakoitzeko adibide ugari aurkitu daitezke.

Modu analogikoan sortutako eta gordetako materialak badira artxiboan, baina baita material digitala ere. Hori izan da Eresbilen erronka handienetariko bat, Leiñenaren ustez: garai analogikoa atzean uztea eta digitalizazioan murgiltzea. Leiñena: «Halere, etorkizunean ere erronka asko izango ditugu, hala nola adimen artifiziala. Gure ondoan eduki behar dugu, tresna garrantzitsua izango da eta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.