Liburu batean bildu dituzte 25 urtean Basagaini buruz ikertutakoaren fruituak

Bigarren Burdin Aroko kokaguneari buruzko ezagutza dibulgatzea du xede argitalpenak. Xabier Peñalverrek eta Eloisa Uribarrik osatu dute

Peñalver eta Telleria, atzo, Donostian, liburua aurkezten. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2020ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Xabier Peñalverrek eta Eloisa Uribarrik liburu batean jaso dituzte Basagain Burdin Aroko herrixka gotortuaren gaineko ikerketa lanek orain arte utzitako emaitzak.1994. urtean hasi ziren Anoetako (Gipuzkoa) Basagain mendian indusketa arkeologikoak egiten, eta garaiaren zein orduko biztanleen bizimoduaren ezagutzan sakontzeko aukera eman dute 25 urtez etenik gabe egindako lan horiek. Ezagutza hori dibulgatzeko xedez plazaratu dute orain argitalpena, argazki ugarirekin lagunduta doana, eta atzo aurkeztu zuen lana Peñalverrek berak, Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria aldamenean zuela, Donostian.

Bigarren Burdin Aroa deitutako garaian kokatzen dute adituek Basagaingo herrixka. Bertan eginiko ikerketek aukera eman dute tipologia bereko beste kokagune batzuetan —Intxurren eta Buruntzan, esaterako— jasotako datuak osatzeko, eta horiek beste batzuekin —Santiagomendi eta Munoaundi— indartuz joan dira gero, Peñalverren hitzetan. «Gipuzkoan urria da oraingoz gain batean kokatutako halako herrixken kopurua; soilik hamar gune katalogatu dira orain arte. Hala ere, herrixka honi dagokionez, urteotako lan etengabeak aukera eman du hainbat ekarpen egiteko, batzuk garrantzia handikoak».

Ekarpen horien artetik nabarmenenak modu «soil eta oso dibulgaziozkoan» jaso dituzte argitalpenean. Basagain dagoen bailarari buruzko datuak, herrixkaren eta bere testuinguruaren ingurukoak, orduko biztanleen bizimoduari buruzko azalpenak, eta indusketa lanen inguruko argibideak bildu dituzte liburuan. Guztiak argazki ugarirekin lagundu dituzte: gunearen azalera, harresiaren eta eraikinen aztarnak, indusketa lanak eta aurkitutako objektu ugari —zeramikak, tresnak, txanponak, apaingarriak...— erakusten dituzte. Halaber, orduko biztanleen jarduerak marrazkiz irudikatu dituzte.

Gain batean kokatua zegoen Basagain, eta biztanleek inguruaren ikuspegi zabala zuten, Oria ibaiaren ibilguarena, alegia. Urteotan bildutako datuek agerian utzi dute harresiaren barrualdeak «antolamendu espazial argia» zuela. Biztanleen jarduerei dagokienez, berriz, nekazaritzari lotutakoak egiaztatu dituzte; batez ere artatxikia ekoizten zuten, eta, neurri txikiagoan, espelta, gari azalduna eta beste zereal batzuk. Herritarren elikaduraren beste oinarrietako bat abeltzaintza zen —ardi, ahuntz, behi zein zerrien presentzia baieztatu dute—. Landare fruituak ere biltzen zituzten, hala nola ezkurrak eta hurrak.

Burdina eta merkataritza

Brontzeari eta batez ere burdinari lotutako jarduera metalurgikoa da herrixkaren beste ezaugarri nabarmenetako bat. «Mendiaren beraren magalean dauden burdina meategiak hurbil daudenez, burdinaz eginiko pieza ugari daudenez eta fabrikazio-prozesutik datozen zepak daudenez, pentsa daiteke mineral horren ugaritasuna izan zela kokaleku hori hautatzeko arrazoi nagusietako bat», adierazi zuen arkeologoak. Zeramika ekoizpena ere esanguratsua da, eta, neurri txikiagoan, baita beirarena ere. Zenbait aztarnak erakutsi dute merkataritzan ere jardun zirela, distantzia luzera zenbait materialen kasuan —beirazko besoko zati bat dute horren frogatzat—. Hilarriei ere egin diete lekua liburuan, kopuruagatik eta grabatu motengatik aparteko garrantzia dutela nabarmenduta.

Gipuzkoako aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren, Anoetako Udalaren eta Gordailuaren laguntza eskertu zuen Peñalverrek, eta, bereziki, urteotan guztiotan indusketa lanetan aritu direnena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.