KRITIKA. Dantza

Libreta gorria

‘Together to get there’ dantza ikuskizunaren une bat. JORDI VIDAL / DFERIA
‘Together to get there’ dantza ikuskizunaren une bat. JORDI VIDAL / DFERIA
Agus Perez.
2024ko martxoaren 13a
05:00
Entzun

‘Together to get there’

 

Koreografia eta interpretazioa: Lali Ayguade, Akira Yoshida. Soinu espazioa: Dodi Beteille. Dramaturgia laguntzailea: Jordi Oriol. Argiak: Fermin Izko. Jantziak: Ferran Casanova. Lekua: Donostiako Gazteszena aretoa. Eguna: Martxoaren 11.

Lali Ayguade dantzari eta koreografo katalanarena izan da aurtengo dFerian ikusi dudan lehen emanaldia. Iaz Runa izenekoarekin aurkeztu zuen bere burua Gazteszenan bertan, eta ikusle askorentzat deskubrimendua izan zen, baina ni behintzat ez ninduen harrapatu, dantza heziketan ikasitako teknika erakustalditzat jo nuelako, alde askotatik bikaina izan arren.

Aurten ekarritako pieza Together to get there (Elkarrekin haraino heltzeko) deitu da, nolabaiteko jolasa eginez ingelesezko hitzekin. Akira Yoshida nafar dantzari apartarekin jardun du oraingo honetan —Runa Lisard Tranisekin dantzatu zuen—, eta orduan bezala, bikotearen gatazka existentzialak izan dira gai nagusi eta bakarrak. Yoshidak (Iruñea, 1990) Ziomara Hormaetxerekin dantzatu zuen Ahotsak izeneko piezan, eta interesgarria da jakitea bere kabuz hasi zela kale-dantzaren munduan, eta alor horretan sari asko eskuratu zituela munduko zenbait herritan, dantza garaikidean bere burua hezi baino lehen. Ayguadek, berriz, Kataluniako Institut del Teatre prestigiotsuan garatu zituen dantzarako dauzkan dohain miresgarriak.

Together to get there-n dena hasi da giro ilun eta iragarle batean, Yoshidak lanbas baten kirtenari eusten ziola, zalantzati, dudakor, zerbait esan edo egin beharko balu bezala, baina horretarako ausardia nahikorik aurkitu gabe. Bitartean, Ayguaderen pertsonaia mahai baten atzean zegoen eserita, notak hartzen libreta gorri batean, eta, hain zuzen ere, libreta gorria bihurtu da hasierako planteamenduaren gako nagusia.

Zer ote dago idatzita orri haietan? Zer gertatuko litzateke emakumeak idatzi duena gizonak jakingo balu? Eta giro onirikoan bete-betean sartuta, nor izan da noren amets, Joseba Sarrionandiaren —eta Mikel Laboaren— Lili bat olerki eta abestian bezala?

Hasiera interesgarri horren ostean, bueltaka ibili dira barne sentimenduak adierazteko ezintasunaren inguruan, eta horretarako hainbat pasarte aberasgarri eratu dituzte, hala nola amodio deklarazio akrobatikoan, Ayguadek garaturiko bi solo bortitzetan, egur karrasken hotsekin lagundutako harreman gogortuenean eta irrati zein argi interferentziekin hornitutako dantza pasarteetan.

Gauzak horrela, bikaina iruditu zait proposamenaren egikera, baina horren guztiaren ostean zertarako sakon baten falta sumatu dut ideia zaparradaren atzetik, eta, horren ezean, teknika erakustaldi soila izatearen arriskua errepikatu da beste behin. Hurrengo batean, agian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.