Libertimendua birsortu zen herrian —Donibane Garazin (Nafarroa Beherea)— ez da libertimendurik izanen aurten. Duela hemeretzi urte, 2006ko otsailaren 26an, berpiztu zuen Antton Luku idazle, irakasle, antzerkilari eta ikerlariak, Nafarroako ikastetxeko ikasleekin eta Garaztarrak dantza taldearekin. Bi hamarkadaz, franko hedatu da Garaziko inauteriko erritu forma hori Nafarroa Beherean eta Garaian, Lapurdin eta Gipuzkoan. Datorren urtean, aipu dutenez, Markina-Xemeinen egin nahi dute (Bizkaia). Hedatze horrek erakusten du zer-nolako indarra duen antzerki satirikoa, bertsoa, dantza eta musika elkartzen dituen artedrama horrek. Aldi berean, hauskorra da, urte batetik bestera gazte talde berri baten menturaren meneko delako.
Libertimenduak, lehenik, Santibate dauka erritu aitzindari gisa. Santibate zirtzilen gaua da; ordura arte negua da nagusi, baina santibatekariek desafio egiten diote etxez etxe eske ibiliz, urteko zerriki zatiaren bila. Larunbatean eginen dute lehen Santibate, Baigura eskualdean eta Amikuzen. Nafarroa Behereko Heleta herriko auzoetan ibiliko dira eske zirtzilak, arrastiritik goiti, kantua, bertsoak eta soinulariak lagun. Donapaleun, halaber, ostatuz ostatu joanez. Libertimendua iragarriko dute, bidenabar.
Aurten libertimendurik ez badute ere, garaztarrek Santibate eginen dute berdin-berdin Nafarroa Behereko hiriburuko ostatuetan, otsailaren 21ean. Garazi ez da leku bakarra libertimendua hauskor baita. Oztibarren iaz ez zuten egin, baina aurten berriz muntatu dira gazteak. Arrazoiak orotarikoak izan daitezke. Oztibarren, iaz, Askaot ikuskizuna izan zen. Beste herri batzuetan kabalkadek ere xurga ditzakete arizaleak.
Anitz herritan, Lukuk libertimendua xeheki aztertu duen Libertitzeaz liburua irakurri gabe muntatzen dituzte libertimenduak gazteek. Erritu forma hori berena egin dute. Zergatik? Hori besterik da.
Erritua berpiztu
Duela hemeretzi urte, Donibane Garazin libertimendua berpiztuko zutela iragarri zuen Nora Arbelbide kazetariak 2006ko otsailaren 25eko BERRIA egunkarian. Berpiztu zutenen xedeak laburbildu zituen orduan. Asmoa ez zuten inauteriko erritua birsortzea ohitura hutsagatik: «Helburua ez da eredu zahar bat berpiztea soilik berpizteko, folklorea bailitzan, baizik eta horren funtzioa berreskuratzea, gaurko egunari egokituz», idatzi zuen Arbelbidek. Funtzio horiek zehaztu zituen: «Tabuak hausten segitzea inauteri garaiek baimentzen duten bezala».
Antton Luku bultzatzailearen hitzak ere bildu zituen. Libertitzeaz dantzariei eskaini badie ere, orduko akuilua plazan hitza hartzea izan zuten: «Hitzetik gara partitu. Zer erran nahi dugu? Zer salatzeko erabili nahi dugu plaza?», erran zuen Lukuk: «Gero ditugu bertsoak begiratu, ikusteko pertsonaiak-eta nor izan daitezkeen». Lukuk ekarri gogoeta jorratu zuen Arbelbidek: «Gaurko egunean nor izan daiteke zirtzila? Nork du hausten herri baten ordena bere salaketak eginez? Nork ez du deus galtzeko?».
Hogei urte geroago galdera horiek balio ote dute? Belaunaldi berriek funtzio hori ikusten ote diote artedrama konplexua den libertimenduari? Adierazgarri da 2006an turismoa, bioaniztasuna, «lurraren prezioaren espekulazioa» izan zituztela jorragai, besteak beste. Gaurkotasunik galdu ez duten gaiak.
Estetika bat ere bada libertimenduko plaza hartzea. Pertsonaia guztiekin. Lukuk hastetik izan zuen bidaide Annie Jauregibehere irakaslea. Eta lan berezia egin zuten libertimendu birrasmatu horretako estetikaren inguruan. Zuberoako Uztaro artista kolektiboaren laguntza ere ukan zuten horretarako —Gonzalo Etxebarria eta Eric Gelos, bereziki—. Jauregibeherek jantzietan eta forman egin zuten lana hastapen gisa ikusi zuen. «Gehiago ikertzea merezi du; estetika fintzeko bada oraino zer egin».
Indarrean hauskor
Amikuzen ere izutu dira doi bat aurten, libertimendua muntatzeko zirtzilik aski ukanen zutenez. Duela bi hilabete hiru ziren oraino. Azkenean zazpi zirtzileko taldea ari da karraskan prestatzen.
Martta Irigoien urteetan aritu da zirtzil taldean, eta gaur egun gazte taldea segitzen du, kanpoko begirada eta luma eskainiz. Irigoienek aitortu duenez, udatik landa, ondoko inauteriko libertimendua aipatzen hasten delarik, dilindan da zenbait astez: «Libertimendu eguna bera denek maite dute, baina iraila-urria heldu denean, duda bera dugu beti: berriz eginen ote dugu?».
Baitezpadakoa zaio eginahala egitea. Aise zailago baita urte batez egin gabe utzita berriz abiatzea. Urte batez jende guti bada ere egingarri dela uste du: «Garrantzitsuena taldea egitea da. Talde dinamika». Horretan, zenbait urtez iraun duten zirtzilek anitz laguntzen dutela uste du. «Batzuek bost urtez egiten dute, beraz, engaiamendu bat izaten ahal da; eta hori beharbada ez dute denek nahi».
«Zirtzil zaharrek dute oinarria: libertimenduaren eredua, manerak transmititzeko; taldearen ardura. Rola erakusteko transmisio bat bada»
MARTTA IRIGOIEN Amikuzeko libertimenduko laguntzailea
Amikuzen ere uzkurtasun aire bat sentitu dute gazte zenbaitekin. «Beldur moduko bat sentitzen dute: 'Kapable izanen ote gara zirtzil egiteko?'. Bada uste bat, zerbait egiten jakin behar dela zirtzil izateko». Irigoienek argi du motibazioa aski dela, eta urteko gaien plazaratzeko gogoa. «Behar da enbeia bat, grina bat irri egiteko, plaza hartzeko, baitezpada menperatzen ez dituzun gai batzuk aipatzeko». Urteekin belaunaldi gazteen beharrak aldatu direnetz ez daki. «Beldurgarri zaie? Ez dira identifikatzen? Ez dute plaza hartzeko beharra sentitzen? Ez nakike errateko».
Segur da, haatik, zirtzil zorituek sekulako rola dutela transmisioan. «Zirtzil zaharrek dute oinarria: libertimenduaren eredua, manerak transmititzeko; taldearen ardura». Baita lekuko gaien eta eragileen ezagutza ere. «Rola erakusteko transmisio bat bada». Gazte jin berria talde dinamikan integratzeko bide egokia dela uste du Irigoienek.
Egoera soziolinguistikoa ikusirik, gainera, libertimenduak euskara biziberritzeko indarguneak dira. Baina indargune hauskorrak. «Talde dinamikatik, euskararekiko harremana sendotzen da. Prestakuntza prozesu guzian ikusten da bilakaera bat norberak euskararekin duen harremanean». Erdararekin ohitura batzuk zituenak ere elea euskaldunagotzen balu bezala. «Sormen guzia euskaraz pentsatzen baita, pixkanaka ikusten da pertsonek bidaia bat egiten dutela euskararekin». Jende aitzinean emateak indartzen duen harremana dela gehitu du Irigoienek.
Iruñeko Arrosadia auzoraino
Zailtasunak zailtasun, zortzi libertimendu izanen dira aurten otsail eta martxo artean. Iaz sortu berria ere izango da: Iruñeko Arrosadia auzokoa. Eta Oztibarren itzuli egingo da aurten.
Iruñea hegoaldeko langile auzoa da Arrosadia. Euskaldun gutikoa izanagatik, libertimendu bat muntatzea erabaki zuten iaz auzoko Oberena dantza taldearen eta euskara taldearen inguruan, inauteriei buhako berri bat emateko. Iruinkokotik datorren Iker Tubiak proposatu zuen idea, eta eramaile lanetan dabil orain. Iazkoa «esperimentazioa» izan zela aitortu du, eta, arrakasta ikusirik, aurten ere gogotsu plantatu dira berriz muntatzeko. «Auzotik eta auzoarentzat egina da, eta iaz auzoko jende asko etorri zen». Martxoaren 15ean emanen dute.
«Auzotik eta auzoarentzat egina da, eta iaz auzoko jende asko etorri zen»
IKER TUBIA Arrosadia auzoko libertimenduko laguntzailea
Formatua ibili da. Auzoko erdiguneko plaza batean eman zuten, eta auzotar anitz pasatzen da bertatik. Gaiak auzokoak izanik, ikus-entzuleek bazuten lokia. «Batzuk hor enteratu ziren, eta beste batzuek bazekiten auzoan egondako liskarren berri; beraz, oso identifikatuak sentitzen ziren». Euskara erdigunean ezarriz, aitzina.
Arrosadiko libertimendukoek ez diote beren buruari presiorik jarri nahi, eta urtetik urtera ikusiko dute segitu edo ez. Oberena dantza taldea aspaldikoa eta handia da, eta berme bat izan daiteke. «Dantza taldeak badu segida segurtatua; beraz, dantza aldetik erraza litzateke mantentzea. Beste kontu bat da hurrengo gazteek zirtzil lanetan aritzeko gogorik izango duten», adierazi du Tubiak. Baina aldian aldi ikusiko dute.
Oztibarren duela bost urte hasi ziren libertimendu muntatzen, Jean-Marie Irigoin antzerkilariaren inguruan. Iaz ez zuten egin. Maitexa Iriarte oztibartarrak parte hartuko du aurtengoan, eta esplikatu du joan den urtean arizale gehienak Askaot ikusgarrian aritu zirela eta ez zutela libertimendua egin ahal izan. Aurten, sei zirtzileko taldea osatu dute: «Sei neska, eta lehen libertimendua izanen dugu denek». Dantzariak hamabost eta hogei bitarte izanen dira. Bunuztar Xoriak dantza taldekoak eta ibarrekoak dira denak. «Bai dantzariak, bai zirtzilak, Oztibarreko zortzi herrietakoak gara denak». Irigoienen laguntza izan dute aurten ere.
Iriartek gogoko luke libertimenduak segitzen balu ondoko urteetan, baina, haren ustez, hori ezin da bermatu. «Espero dut segituko duela, baina lehenik hau egin dezagun, eta gero, ikusiko». Ibarra aski ttipia da biztanle kopuruan. «Gazte guti gara, eta oraino gutiago euskaraz aritzen direnak». Horrek zirtzil talde baten muntatzeko zailtasuna ekartzen du, baina lagun artean lehiatzen ahal dira aise.
«Gazte guti gara, eta oraino gutiago euskaraz aritzen direnak»
MAITEXA IRIARTE Oztibarreko libertimenduko zirtzila
Larunbatean hasiko da Santibate-Libertimenduen aroa, Heletatik; martxoaren 16an izanen da azken libertimendua, Bunuzen (Oztibarre, Nafarroa Beherea). Ordenan, Donapaleun (Nafarroa Beherea), Donostiako Añorga auzoan, Heletan (Baigurakoa, Nafarroa Beherea), Iruñean, Baigorrin (Nafarroa Beherea), Hazparnen (Lapurdi), Iruñeko Arrosadia auzoan eta Bunuzen eginen dituzte libertimenduak.
2025eko libertimenduak
- Otsailaren 16an, igandez. Donapaleun (Nafarroa Beherea).
- Otsailaren 22an, larunbatez. Donostiako Añorga auzoan.
- Otsailaren 23an, igandez. Heletan (Baigura, Nafarroa Beherea).
- Martxoaren 2an, igandez. Iruñean (Iruinkokoa) eta Baigorrin (Nafarroa Beherea).
- Martxoaren 15ean, larunbatez. Hazparnen (Lapurdi) eta Iruñeko Arrosadia auzoan.
- Martxoaren 16an, igandez. Bunuzen (Oztibarre, Nafarroa Beherea).