Udako seriea. Musikari bat lau kantatan (I)

Libe Garcia de Kortazar: malenkoniari katigatuta

Lau kanta aukeratu behar, eta musikariak «nahi gabe» jo du doinu melodiko eta tristeetara, aitortu duenez musika estilo horrek mugiarazten baitizkio barrenak gehien. Eta, hala, malenkoniari keinu bat eginez hautatu ditu abestiak.

Libe Garcia de Kortazar. RAUL BOGAJO / FOKU
Libe Garcia de Kortazar. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2024ko abuztuaren 13a
05:10
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Gasteizko Hedegile kaleko 19. zenbakian elkartu da BERRIA Libe Garcia de Kortazar musikariarekin (Bilbo, 1981). Duela bost urte, Txiki eta Nagel Landa anaiek Vinylora binilo eta CD denda zabaldu zuten han. Eguzkia atera da aspaldiko partez, dendaren ateak parez pare zabalik daude, eta erakusleihoan paratutako dozena bat biniloen artean Liberen Azal ezten lana ere ikus daiteke.

Solasaldirako etxea baino leku «aproposagoa» delakoan aukeratu du elkarrizketatuak Vinylora denda; sumatzen da gustuko duela saltokia, maiz joaten dela hara, ezagutzen dituela dendaren zirrikitu denak eta konfiantza baduela jabearekin. Abeslariak irribarre batez agurtu du Txiki, eta hark adeitasunez itzuli dio agurra, zereginekin jarraitu aurretik.

Solasaldia hasi eta berehala egin du aitortza Garcia de Kortazarrek: «Izugarri kostatu zait lau abesti aukeratzea». Ez da lehen aldia kazetariari hori esaten diola. Hitzordua jarri aurretik elkarri bidalitako mezu elektronikoetan, aitortu zion nahi baino gehiago kostatzen ari zitzaiola «bakarrik» lau abesti aukeratzea; baina kazetariaren temak estututa edo, hala idatzi dio azkenean: «Momentu honetan burura etortzen zaizkidanak, hauexek». Eta hauexek dira: Don’t Let Me Down (The Beatles); Mattin (Kashbad); Last Goodbye (Jeff Buckley) eta Highway (Chelsea Wolfe). «Beste batzuk izan zitezkeen», esan dio orain kazetariari. Eta aipatu ditu Lauryn Hill, Tina Turner, Mark Lanegan, Kyuss, Deftones... Baina aukeratutakoekin gehiago identifikatzen du bere burua, rockaren soinu melodiko, harmoniatsu eta tristeak maite dituelako, finean. «Nahi gabe» jo du doinu malenkoniatsuetara, eta onartu du, aldi berean, gisa horretako musikak mugiarazten dizkiola gehien barrenak.

Libe Garcia de Kortazar
Libe Garcia de Kortazar. RAUL BOGAJO/ FOKU

Biniloak erosteko ohitura duten horietakoa da Garcia de Kortazar. Hori ere aitortu dio kazetariari. Musikaren kalitateagatik eta inguruan duten «erritualagatik» maite ditu biniloak. Aitak aitonarenak ziren egurrezko bozgorailu batzuk eman zizkion duela urte batzuk, eta, kontatu duenez, «esperientzia oso polita» da biniloak haiekin entzutea. Elkarrizketara ere bi binilo ekarri ditu, oihalezko poltsa beltz batean sartuta: The Beatles eta Chelsea Wolfen lanak. CD formatuan, berriz, Kashbad eta Jeff Buckley.

«Etxean beti entzun izan dut musika, txikitatik, eta gerora ere bai, asko», esanez hasi da hizketan, dendaren atzealdean dagoen sofa batean esertzen den bitartean. «Kenduko ditugu hor dauden tramankuluak, erosoago egon zaitezten?», eten du hizketaldia dendariak, adeitsu. Ezetz erantzun dio Garcia de Kortazarrek, «dagoen moduan» ongi dagoela, «traste eta guzti». Kaxa artean arakatuz altxorren bat aurkitzea espero duen bikote bat dendan dela hasi dira hizketan abeslaria eta kazetaria.

 

Don't Let Me Down - The Beatles (Get Back, 1969)

 

Irudi bat historiarako: John Lennon, Ringo Starr, Paul McCartney eta George Harrison —Billy Preston teklistaren laguntzarekin—, teilatu baten gainean jotzen. 1969ko urtarrilaren 30a zen, eta Londresko Apple Studios-eko Let It Be saioan grabatu zen. Han entzun zen Don’t Let Me Down abestia. Irudi hori iltzatuta dauka Garcia de Kortazarrek, eta, azaldu duenez, horixe izan da abestia aukeratzeko arrazoietako bat, «kontzertu hura». Baina hitzari ere erreparatu dio, mezuari: «Polita da, hunkibera».

1969. urtearen hasieran sortu zen abestia. Get Back abestiaren B alde moduan kaleratu zen hasieran, baina, gero, George Martinek eta Paul McCartneyk berriro argitaratu zuten, Let It Be... Naked diskoan. Estuki lotuta dago Lennonek garai hartan zuen egoera pertsonalarekin: akituta ageri da, Yoko Onorekin zuen harremanaren eta bere egoera pertsonalaren ondorioz. Askoren ustez, Ono izan zen taldea desegitearen arrazoia, eta, horri buruz galdetuta, zera dio musikariak: «Nik ez diot garrantzirik ematen gai horri: auskalo benetan zer gertatu zen. Musika talde batean hamaika kontu gertatzen dira, eta normala da arazoak egotea».

Garcia de Kortazarrentzat, etxeko «soinu banda» izan da The Beatles. Gurasoen etxean sarri entzuten zuen Liverpooleko laukotearen musika, eta «oroitzapen oso ederrak» dakarzkio. «Haurtzarora eramaten nau talde horrek». Aita Bilbon bizi zen, eta, gazte zela, Ingalaterrako irrati bat sintonizatu eta kasete zintetan grabatzen zuen han jartzen zuten musika. Garai horretan grabatu zituen The Beatlesen kanta ugari, eta ordutik bilakatu zen taldearen zale amorratua. Gerora, taldearen biniloak erosi zituen, eta, aurrerago, alabari oparitu. Harro dio The Beatlesen diskografia ia osoa duela etxean, eta biniloetan, gainera. Eta aita bezala, bera ere The Beatlesen zale amorratua izan zela nerabezaroan: «Karpetak argazkiz beteta neuzkan; haien fana nintzen».

 

Mattin - Kashbad (Hesiak, 1999)

 

«Abestia oso gogorra eta hunkigarria da, eta musika, marabilla bat». Hitzokin definitu du Kashbad taldearen Mattin kanta. Errenteriako taldeak (Gipuzkoa) 1999an kaleratutako Hesiak diskoa ixten duen hamabi minutuko abesti esanguratsua da Mattin, eta istorio gordina dauka bere baitan: Gorka Lazkano baxu joleak idatzi zuen, espetxean zela. «Gauero zure ziegako barroteen artetik/ ideiaz beteriko hodeiak irteten dira ihesean/ Bidaia bat hasten dute gure artean/ Eta ez dira hustutzen zerbait loratu ezean». Hitzen aldetik ez ezik, musikalki ere kanta «hunkigarria» dela uste du, eta gogora ekarri du txelo baten doinuekin abiatzen dela, eta «garapen polita» duela gero, erritmo eta soinu bizietara jauzika.

Mattin izan da, baina Kashbaden beste edozein kanta ere izan zitekeen. Izan ere, Kashbadek mugarria ezarri zuen Euskal Herriko musikan, eta aztarna sakona utzi zion Garcia de Kortazarri ere. Kontatu duenez, taldea deseginda zegoela ezagutu zuen haren musika, «berandu», baina «mundu berri bat» ireki zitzaion, parez pare ireki ere. «Ni ez nintzen euskalduna, eta Benito Lertxundi, Oskorri eta abar kenduta, ez nuen euskal musika entzuten. Nire kuadrillak ere ez zuen musika hori entzuten. Ezjakina nintzen. Neubat taldean jotzen hasi nintzenean, ordea, hasi nintzen Kashbad, Zea Mays eta abar entzuten».

Ordurako, Sorkun Rubio abeslariaren laguna zen —Duna bigarren diskoan (Metak, 2005) harekin parte hartu zuen gero—, eta haren bidez ezagutu zuen Kashbad. Eta ezagutzearekin bat, katigatu egin zen. «Musikalki diferentea zen, eta Sorkunek ahots oso polita zuen, indar handia zuen oholtzan». Pertsonalki eta musikalki, bietan izan zen Kashbad «aberasgarria eta polita» Garcia de Kortazarrentzat, eta talde horren musikak arrastoa utzi du musikariaren ibilbidean.

 

Last Goodbye - Jeff Buckley (Grace, 1994)

 

Ibilbide laburreko artista izan zen Jeff Buckley musikaria, baina itzal sakona utzi zuen.Grace da Buckleyk estudioan grabaturiko disko bakarra, eta hamar abestik osatzen dute: tartean, Last Goodbye-k. Hasieran diskoak arrakasta apala lortu bazuen ere, 1997an— Buckley hil zenean— jarraitzaile berriak agertu ziren, eta, egun, adituek rock alternatiboaren maisulantzat jotzen dute Buckeyren lana.

«Erreferente bat». Horixe da Buckley Garcia de Kortazarrentzat. 20 bat urte zituenean oparitu zioten diskoa lagunek, artean ezagutzen ez zuela, eta «liluratuta» geratu zen Buckleyren ahots sakonarekin eta musikarekin. Aitortu du diskoa hamaika bider entzun duela, «goitik behera, eta behetik gora», eta kanta bat aukeratu behar izan duenean, zalantza egin duela. «Last Goodbye aukeratu dut bereziki gustuko dudalako nola abesten duen, eta askotan, nahi gabe, estilo horretara jo dudalako nire musika egitean ere».

Hitza, doinua, ahotsa... Nekeza egiten zaio abestiaren ezaugarri bakarra nabarmentzea. Hitzetatik hasita, haien kutsu malenkoniatsua goratu du. «Goibelak dira, ilunak... Hasieran, ematen du abestia alaia dela, baina, hitzen esanahiari begiratuz gero, badu beste zentzu bat. Agur bat da. Bizitzari egindako agurra? Maitasunari? Hori da kantaren xarma, nork bere interpretazioa egin dezakeela». Ahotsa, berriz, «itzela» dela dio: «Nola aldatzen duen erregistroa, nola nota altuetan xaramelak egiteko gai den, eta nola jaisten duen tonua gero...». Oro har, disko «borobila» da Grace, eta «abesti guztiak dira ederrak», Garcia de Kortazarren ustez. «Last Goodbye aukeratu izan ez banu, diskoko beste edozein kanta aukeratu nezakeen».

 

Highway - Chelsea Wolfe (Birth of Violence, 2019)

 


«Lehen aldiz entzun nuenean, esan nuen: 'Baina zer da hau?'. Izugarrizko konexioa sentitu nuen haren musikarekin». Chelsea Wolfez mintzatzen hasi, eta laudorioak baino ez ditu AEBetako kantariarentzat. Kontatu du duela zazpi urte izan zuela haren berri aurrenekoz, lagun batzuen bitartez, eta haren ahotsak, melodiak eta estiloak «erabat liluratuta» utzi zutela. Inspirazio iturri ere bada haren musika Garcia de Kortazarrentzat, eta haren estiloarekin identifikatzen du bere burua.

Iluntasunaren diva ezizena irabazita dauka Wolfek, dooma, folka, gotikoa eta metala ezin hobeto uztartzen baititu, eta unibertso pertsonal berezi bat sortzen baitu. Musika «ilun» horrek harrapatu zuen bereziki Garcia de Kortazar, baina baita haren ahotsaren erregistro ezberdinek eta musikariak transmititzen duen «hunkidurak» ere.

Ezaugarri horiek denak batzen ditu Highway kantak. 2019an kaleratutako Birth of Violence folk sustraiko disko intimistan dago abesti hori. «So adrift so alight/ Lost myself in the lights/Spinning wheels kill the time/ With you on my mind», dio abestiak, barru-barruko sentimenduak azaleratuta, Wolfek ohi duen eran. «Sentiberatasun hori» gustuko du musikariak, izugarri. Ekainaren hasieran zuzenean ikusteko aukera izan zuen lehen aldiz, Miarritzen (Lapurdi), eta hitzik gabe geratu zen: «Liluragarria izan zen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.