‘L’Histoire de Souleymane’ filma saritu du Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak

Boris Lojkinek zuzendutako lanak 'rider'-en eta paperik gabeko migranteen errealitate gordina erakusten du. Gaur jasoko du saria, gainerako sarituek bezalaxe, Viktoria Eugenian egingo den bukaera galan.

Abou Sangare aktorea Souleymane protagonistaren larruan, 'L' Histoire de Souleymane' filmeko irudi batean.
Abou Sangare aktorea Souleymane protagonistaren larruan, 'L' Histoire de Souleymane' filmeko irudi batean.
Beñat Mujika Telleria.
2025eko apirilaren 11
12:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Pariseko kaleak oinez zeharkatzen dituen bitartean, Souleymane bere historia errepikatzen ari da. Bi egun barru asilo eskaeraren elkarrizketa egin behar du protagonistak, paperak lortzeko gakoetako bat. Baina Souleymane ez dago horretarako prest. Horixe du abiapuntu L’Histoire de Souleymane filmak (Souleymaneren historia)Boris Lojkinek zuzendu du, eta Film Luze Onenaren Publikoaren Saria lortu berri du Donostiako Giza Eskubideen 22. Zinemaldian. Hori da jaialdiko sari nagusia, eta haren bermearekin helduko da lana zinema areto komertzialetara. Hilaren 30etik aurrera izango da hori.

Asteazkenean proiektatu zuten filma Viktoria Eugenian, eta solasaldi bat ere izan zen ondoren. Felipe Corredor Alvarez Riders x Derechos plataformako bozeramaileak eta Amaia Prieto Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia eta Gizarte Laneko departamentuko irakasleak hartu zuten parte bertan. Izan ere, rider-en eta paperik gabeko migranteen errealitate gordina erakusten du Lojkinen filmak.

Gainerako sarituak

Ikuslearen sari nagusiaz gain, beste hainbat sari banatuko ditu Donostiako Giza Eskubideen 22. Zinemaldiak. Film Luzerik Onenaren Amnesty International Sarian, esaterako, Luciana Kaplanen Tratado de invisibilidad filma saritu du epaimahaiak. Waves filmak, berriz, aipamen berezia jaso du.

Film Laburrik Onenaren Saria da Zinemaldian banatzen diren beste sarietako bat. Gazte Epaimahaiak banatzen du sari hori, 18 eta 30 urte bitarteko ehun gazte inguruk, alegia. Kasu horretan, Ali Reza Shah Hosseini irandarraren Black Scarf filma saritu du epaimahaiak, eta 3.000 euroko saria jasoko du. Gainera, Euskal Filmik Onenaren EITB Saria banatu da aurten lehendabiziko aldiz. Sari hori Iñaki Alforjaren eta Iban Toledoren 16060 egun filmari eman diote, eta 1.000 euro jasoko dituzte sortzaileek.

Gaur egingo den bukaera galan jasoko dute saria saritu guztiek (20:00). Horiez gain, Helena Taberna zinemagileak ere jasoko du aurtengo Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria, aitortza egingo baitiote zinemagile nafarraren ibilbideari. Ondoren, zinemaldiaren 22. aldiari amaiera emateko aukeratutako filma proiektatuko da: Good One, India Donaldson zuzendariarena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.