Leundu gabeko obrak

Manu Muniategiandikoetxea Rodtxenkoren lan baten berrikuspenaren bidez hurbildu da Oteizaren obrara, Altzuzako museoanBukatu gabeko eta leundu gabeko lanen indarra aldarrikatu du artistak

Manu Muniategiandikoetxea, Altzuzan (Nafarroa), Oteiza museoan, Rodtxenko artista errusiarraren lan batean oinarrituta egin duen berrikuspenaren ondoan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Altzuza
2011ko otsailaren 11
00:00
Entzun
«Normalean, mugarri diren lanak baino ez dizkiegu ezagutzen artistei, baina lan txikiek, inportantziarik gabe estudioko bazter batean daudenek, leundu gabeko obrek ematen dute artistaren benetako neurria. Eta horien indarra da, adibidez, Oteizarengandik gehien erakartzen nauena». Hori da Manu Muniategiandikoetxea artistak (Bergara, 1966) Jorge Oteizaren lana berrikusteko hartu duen abiapuntua. Haren lanetan sorkuntza prozesuak duen garrantzia. Ideia horretan oinarrituta sortu du Rod 9 izeneko obra, Oteiza museoaren Interpretazioak izeneko programaren barruan. Altzuzan (Nafarroa) ikusi ahal izango da maiatzaren 29ra arte.

Beste artista bat erabili du, halere, Muniategiandikoetxeak Oteizarengana heltzeko zubi lanetarako: Alexander Rodtxenko artista errusiarra. 20ko hamarkadako haren eskultura baten bereganatze pertsonala da funtsean haren pieza. Zirkulu zentrokidez osatutako eskultura bat .

Konstruktibismoaren parte izana da Rodtxenko eta Oteiza batzen dituena, Muniategiandikoetxearen hitzetan, baita sorkuntza prozesuarekin zuten jarrera ere. Argazkigintzagatik eta kartelgintzagatik da batez ere ezaguna Rodtxenko, baina eskulturak ere baditu. Argazkiekin lotuta haiek ere. «Egun ikusten diren Rodtxenkoren eskultura obra gehienak haren lanen argazkietatik egindako aldaerak dira. Egun ikusten dugun Rodtxenko ez da jatorrizkoa. Zarpail bat zen bera. Oso artista ona, baina bukatu gabeak dirudite haren eskultura lanek; lau egur eta iltzerekin egiten zuen lan».

Argazki batetik atera du Muniategiandikoetxeak ere bere lanaren oinarritzat hartu duen Rodtxenkoren eskultura. «Argazkian bera ageri da, atzean, bazter batean, zirkulu zentrokidez osatutako pieza baten eskema duela. Eta hura neureganatu egin dut nik. Hala, neure burua ikusten dut argazkian; Rodtxenko bera bilakatzen naizela imajinatzen dut. Abangoardia hartako kide bilakatzen naiz».

Rodtxenkorenaren parekoa da Muniategiandikoetxearen pieza ere, bariazio bat, eta errusiarrarenaren pare, bere pieza ere bukatu gabe dagoela dio Muniategiandikoetxeak. «Obra ahula da. Maketa moduko bat, protoirudi bat. Baina pieza Oteizaren museoan kokatzen denez, espazioarekin eta erakusketa iraunkorrarekin harremanetan dagoenez, interesgarria iruditu zitzaidan sorkuntza lanaren prozesuaren garrantzia agertzea».

Oteizaren figuran justifikatzen du artista errusiarraren obra bere egitea Muniategiandikoetxeak: «Hari esker heldu naiz Popova, Tatlin eta beste artistengana. Oteizaren testuetan badaude haien oihartzunak; berak ere besteen diskurtsoak hartu eta bere egiten zituen».

Eskala jolasa

Obra ez da hamalau zirkulu zentrokidez osatutako eskultura pieza soilik. Artistaren sorkuntza prozesuaren berri ematen duten sei margolanek ere osatzen dute Muniategiandikoetxearen instalazioa. Eta baita bideo batek ere. Jolas optiko bat da ikus- entzunezkoa. Murtziako (Espainia) La Conservera arte zentroaren erdian ageri da bideoan orain Altzuzan ikus daitekeen esfera. Ez berez dituen 45 zentimetroko diametroarekin, ordea, erraldoi baizik. Kameratik hurbil jarri du pieza artistak, eta, itxura batean, areto oso-osoa hartzen du. Indartu egiten du artistak, gainera, inpresio hori, aretoan mugitzen denean, bere piezaren neurria hartzeko itxurak eginez.

Sorkuntza prozesuaren garrantzia azpimarratu nahi izan du berriz ere artistak bideoarekin. «5,4 metroko diametroa zuen pieza honen bariazio bat egin nahi nuen Murtziarako, eta hartara heldu ahal izateko, ate gisa erabili nuen pieza txikiago hau».

Laborategi lana aldarrikatzen du Muniategiandikoetxeak. Horretarako erabili ditu Altzuzan eskulturaren ondoan ikus daitezkeen margolanak, adibidez. Gerora eskultura izango zenarekin jokatzeko. Baina, dioenez, ez da instalazioaren elementu piktoriko bakarra. «Ni pintorea naiz; pintore-pintorea, eta eskultura pieza bezainbeste interesatzen zait haren itzala. Gainontzeko guztiak besteko garrantzia du». Mugimenduan dago etengabe.

Altzuzan erakutsi duena ez da lan bukatua, bere garapen prozesuaren baitako urrats bat gehiago baino ez. «Lan honetan, zura mozteko, laserra erabili nuen lehenengoz, eta ikaragarri gustatu zitzaidan. Dena laserretik pasatzen hasi nintzen. Oso ongi margotzen duen ikasle baten paisaia bat ere pasatu nuen laserretik, eta gustatu zitzaidan efektua, eta paisaiekin nabil orain lanean».

Ikaslearen paisaiarekin egindako mozketa horiek dira, hain zuzen, museoak Muniategiandikoetxearen lanari buruz argitaratu duen katalogoko azken irudia. Zirkulu zentrokideetan dago ebakita, baina bi dimentsiotan oraindik, eskultura osatu gabe. Pieza abstraktu bat dirudi. Oteizarengana itzuli da bere lanaren norabide berria azaltzeko: «Paisaia da, paisaiaren dekonstrukzioa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.