Letren bigarren kolpea

'Hegats' aldizkariaren 54. alea kaleratu du Euskal Idazleen Elkarteak; bigarrena, iaz berritu zutenetik. Alaine Agirrek zuzendu du argitalpena

Euskal literaturak 2015-2016 ikasturtean utzitakoa jaso eta aztertu du Hegats aldizkariak. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
Donostia
2017ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Ukabilkada bat masailean, bete-betean. Argazki hura azalera eramanda aurkeztu zuen Euskal Idazleen Elkarteak Hegats aldizkariaren formatu berritua, iaz. Jasone Osoro elkarteko presidenteak dioenez, euskal literaturak «arreta bereganatzea eta atentzio kolpe» bat ematea zen xedea, euskal idazleen uzta ikusgarri bihurtzeko. «Helburua literatura kalera ateratzea zen, eta literatur aldizkari bat ezohiko lekuetan ere ikusi ahal izatea». Iazko urrats horren ostean, berriki aurkeztu dute Hegats berrituaren bigarren alea; 54.ena, publikatzen hasi zirenetik. Aurrekoaren ezberdina da itxuran, baina «karga sinboliko handia» du honek ere, eta, batez ere, xede bera. Bigarren kolpea jo dute euskal letrek, ikusiak izan daitezen.

Itzaletan galtzen den gizon baten figura dakar ale berriko azalak. Ilunpetan du aurpegia, itzalak estalia, baina haren siluetan igar daiteke modeloa nor den: Juan Mari Irigoien idazlea. Paralelismora jo du Osorok, irudia azaltzerakoan: «Euskal literatura ere bada —bere argi-ilunak edukita— identifika daitekeen zerbait. Gaur egun, euskal literaturan badago produkzioa, estilo eta ahots ezberdinetako autoreak daude, badugu industria bat, erakusleihoak daude, saltokiak...». Eta, halere, ikusgarritasuna falta zaio. Edo agerikotasuna, Osorok lehenetsi duenez. Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordearen hitzetara joz azaldu du bi hitzen arteko aldea: «Gauza ikusgarriak egiten ditugu euskal kulturgintzan, eta hasi behar gara urratsak egiten agerikotasuna ere lortzeko: azken batean, nahiz eta gauza oso ikusgarriak egin, ez baditugu agertzen, irakurleak ez daki hori hor dagoenik».

Urtekaria den aldizkaria

Alaine Agirre idazleak egin ditu aldizkariaren edizio eta koordinazio lanak. Zaloa Fuertes argazkilariari egokitu zaio testuak irudiz laguntzeko ardura, eta Sardina Grafica estudioko Jon Sarasolak egin ditu diseinu lanak. Guztira, ehun orriko aldizkari mardula ondu dute.

Generoari dagokionean, hirumotatako testuakbildu dituzte. Joxe Azurmendi, KoldoIzagirre, EricDitxarri eta Miren Gorrotxategi idazleei elkarrizketak egin dizkiete Itxaro Bordak eta Xabier Mendigurenek. Mahai-inguru itxurako lanak ere jaso dituzte; hiru, osotara. Lehenengoan, Jasone Osoro eta Karmele Jaio idazleak bildu zituen Alaine Agirrek berak, «hainbat ezaugarri komun» dituzten autoreak direlakoan. Bigarrenean, Xabier Mendiguren gidari, itzulpengintzaz jardun dute Garazi Arrula eta Iñigo Roquek. Garbiñe Ubedak zuzendu du hirugarrena: Urolako hiru idazle batu dituzte, aurten lan bana kaleratutakoak hirurak: Pako Aristi, Juan Luis Zabala eta Iñigo Aranbarri.

Denetariko gaiak bildu dituzte aldizkariko erreportajeetan. Felipe Juaristik gaixotasunek literaturan hartzen duten lekua aztertu du. Peru Magdalenak, bestalde, haur literaturaren eta helduen literaturaren arteko mugaz gogoetatu du, bost idazleen iritziak bilduz. Igor Susaeta BERRIAko kazetaria euren kantak idazten dituztenabeslariekin aritu da, eta Urruzuno saria irabazitako hainbat idazle bildu ditu Gari Berasaluzek. Gainera, Juan Mari Irigoienen bizitzako sei liburu mugarriak aletu dituzte Hegats berrian, eta Joseba Sarrionandiaren testuetan ageri diren Durangaldeako benetako tokiak erretratatu ditu Zaloa Fuertesek. Gainera, urteko hainbat gertakari eta argitalpen ere nabarmendu ditu aldizkariak.

Finean, aldizkari bat baino gehiago, urtekaria da Hegats, Osorok dioenez: «Urteko uzta bildu eta aurkeztea», hori da xedea. Liburu dendetan eta harpidetza bitartez eskuratu ahalko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.