Gulliverrekin batera partitu zen Literatura Unibertsala bilduma bide luzeko bidaian, asmoak argi, eta helmuga data zehatzik gabe. 1990. urtea zen: EIZIE, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak, Eusko Jaurlaritzak eta Ibaizabal argitaletxeek nazioarteko literaturako ale ezagunenak euskarara ekartzeko plana jarri zuten martxan. Hitzarmen hartatik jaio zen Jonathan Switfen klasikoaren itzulpena, Gulliverren bidaiak hura, ate bat irekiz, bidenabar, ondotik etorriko zirenei. Laster batu zitzaizkion Mark Twainen Mississipi inguruko abenturak, Truman Capoteren ipuinak, Garcia Marquezen fantasiazko mundu tropikalak, Borgesen elezaharrak, Tolstoiren heriotzarekiko kezkak eta Mahfuzen Kairoko azoken usainak. Etorri ziren Austenen ironiak, Saramagoren Lisboako kronikak, Woolfen barne munduak, Dos Passosen New York, Shakespeareren Hamlet, Beauvoirren aldarriak, Barojaren Bidasoa, Shelleyren munstroak. Eta etorri ziren beste asko.
Osotara, 26 urteko ibilbidean, 167 ale eskaini dizkio bildumak euskal irakurleari, munduko mokaduak euskaraz dasta ditzan. Bidean dira beste hiru, aurten argitaratzekoak, eta beste bi etorriko dira datorren urteko uztan. Hortik aurrerakoak, ordea, ez daude argi: EIZIEk jakinarazi duenez, gogoeta prozesuan sartu da bilduma, eta hausnarketa aldi horretatik aterako den ondorioak baldintzatuko du proiektuaren geroa. «Impasse bat», Mikel Garmendia EIZIEko lehendakariaren hitzetan, «hausnarketa bat egin eta elkarren berri izateko». Egoerak, Literatura Unibertsala sailari bezalaxe eragiten dio Urrezko Biblioteka bildumari ere: 2010ean jarri zuten martxan atala, Literatura Unibertsaleko liburuak berrargitaratzeko. Hogei liburuko zerrenda osatu zuten orduan, eta 13 argitaratuak dituzte. Aurten, beste bi kaleratuko dituzte, baina gainerako bostak zalantzan daude, abiatutako gogoeta prozesuarekin zer gertatuko.
Finantzaketa dago hausnarketa bultzatu duen egoeraren muinean. EIZIEk jakinarazi duenez, azken urteetan murriztu da Eusko Jaurlaritzak elkarteari emandako diru laguntza —111.800 euro izan zen 2012an, 95.000 euro2014an, eta 80.000 euro da aurten—. Ondorioz, «erritmoari eustea ezinezko» bilakatu zaio itzultzaileen erakundeari. Datuek argi erakusten dute erritmo horren moteltzea: 2006an, adibidez, zortzi liburu kaleratu zituen Literatura Unibertsala bildumak, eta 2007an, hamar. 2014an, ordea, lau baino ez ziren izan, eta iaz, hiru. Horregatik Garmendiaren kexua: «Daukagun diru laguntzarekin erritmo horri ezin zaio eutsi, eta miraririk ezin da egin». Edonola, «onbera jarrita»,uler dezake EIZIEko lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren jarrera, «badakigu-eta zer garaitan bizi garen». Baina kontrara, ulertzeko ere eskatzen dio beste aldeari, ulertzeko «herri proiektu» bat dela bildumarena. «Literatura Unibertsala edozein herrik behar duen gauza bat da, ez du justifikazio handirik behar». Eta halako proiektuek, iraun ahal izateko, laguntza behar dutela uste du. «Ez dira zerutik erortzen».
Jokin Azkue Eusko Jaurlaritzako Euskararen Sustapenerako zuzendariak harriduraz hartu ditu EIZIEko lehendakariaren hitzak, eta haren jarrera azaldu nahi izan du: «Guk ez dugu ezbaian ezer jarri». Adierazi duenez, indarrean dira Eusko Jaurlaritzaren eta EIZIEren artean sinatutako hitzarmen eta proiektuak, eta horiei eusteko asmoa du, dioenez, haren departamentuak: «Finkatu beharko dugu nondik jo, ze liburu itzuli, ikusi beharko dugu diru baliabideekin noraino iristen garen, baina hori urteroko eztabaida da. Guk ez dugu zalantzan jarri EIZIEri eman behar diogun aurrekontua». Halere, ez du ukatzen aurrekontuetan «doikuntzak» izan direla azken urteetan, baina egoera orokorrean kokatu ditu: «Beste zenbait izendunetan ere egon dira doikuntzak. Ez da denak mantendu direla eta EIZIErena jaitsi dela». Eta, nolanahi ere, adierazi du diru horrekin proiektuari eusteko adina dagoela. «80.000 euro dira, diru dezenteko kontua da». Ez du zalantzarik, beraz: «Dudarik gabe, badago gauzak egitea».
Baina itzultzaileentzat, nonbait, ez da diru nahikoa. Hain zuzen ere, «laguntza problema» bat pairatzen du Literatura Unibertsala bildumak, Xabier Olarra itzultzaile eta Igela argitaletxeko editorearen ustez. Arazoa ez dago itzultzeko obra kopuruan, ez eta itzultzaile gabezian ere: «Bada behar adina itzultzaile urtean zortzi edo hamar obra ekartzeko. Kontua da horrek gobernuaren aldetik normalean baino laguntza gehiago behar duela». Erronkari eusteko behar besteko finantzaketarik, ordea, ez du ikusten Olarrak. Eta uste du badakiela zergatik den: «Baten batek zalantzan jar dezake hain harrera urria duen lan batean hainbeste inbertitzea komeni den, edo zuzena den. Nire aldetik, ez dut dudarik». Eta, hitzetik hortzera,«estrategikotasuna» eta «etorkizuna» esapideak darabiltza editoreak proiektuaren garrantzia nabarmentzeko.
Garazi Arrula itzultzaileak EIZIEren argitalpen zerbitzuan eman ditu azken urteak, eta gertutik ezagutu du Literatura Unibertsala bildumak pairatzen duen egoera. Itzulpen politika faltari egotzi dio berak erantzukizuna, eta, Olarraren gisan, itzulpenaren garrantzi sozialaz mintzatu da: «Gizarteari ematen zaion zerbitzu bat da klasikoak euskaraz izatea». Ez luke nahi erantzukizunguztia instituzioen esku ezarri, «baina gauza batzuk ez badira laguntza instituzionalarekin egiten, muga handiak daude». Horregatik, «plangintza handi bat» galdegin du, itzulpengintza luzera begira landuko duena, «eta ez lau urtean behingo ikuspegiarekin».
2014an egin zuten Literatura Unibertsaleko zazpi libururen itzulpenak adjudikatzeko azken lehiaketa publikoa. Hortik bost falta dira oraindik argitaratzeko, eta, urak nahasi iritsiagatik, hitzartutako horiek argitaratzera konprometitu dira bi aldeak. «Baina gehiagorik ez», Garmendiak dioenez. «Ezin dugu aurrerapauso gehiago eman, gastu gehiago ezin dugulako egin».
Hausnarketa prozesuak argituko ditu, beraz, etorkizuneko urratsak. Eta, hortaz, tarte hori amaitu bitartean ez dago jakiterik proiektuarekin zer gertatuko den. Zuhurtziaz mintzo da Garmendia: «Ez nuke nahi esaterik: 'Mikel Garmendiak dio [bilduma] desagertu egingo dela'. Ez, zeren, egia esan, hori letra guztiekin ezin du inork esan. Baina arriskua badago, noski».
Eta arrisku horrek, gauzatzekotan, kalte egin diezaieke itzultzaileen egoera profesionalari ere, Arrulak dioenez. Hasiberriei, batez ere: «[Literatura Unibertsalak] kristoren harrobia sortu du, eta batzuentzat lehen literatur itzulpena izan da». Lehiaketa prozeduraren arabera, modu anonimoan aurkezten dira itzulpen laginak, eta modu kolektiboan ere egin daitezke. Eta, gainera, «ongi ordaindua da, eta hori ez da beti gertatzen». Azken lehiaketan, adibidez, 2.700 eta 15.000 euro arteko laguntza eman zitzaien itzultzaileei, lanen arabera.
Aldaketetarako aukera
Kasik hogeita hamar urte joan dira bilduma martxan jarri zenetik. Olarrak dioenez, «okertzeko bide handirik» ez zegoen orduan, «euskarara itzultzeko ia dena zegoelako». Lehen fase horretan, 1990tik 2002ra bitartean, «funtsezkotzat» har zitezkeen 100 liburu euskaratu zituen Ibaizabal argitaletxeak. Hortik aurrera, eta 2010era arte, beste 50 liburu argitaratu zituzten Alberdania eta Elkar etxeek, lankidetzan. 2011n abiatu zen hirugarren etapa, Erein eta Igela argitaletxeek hauspotuta. Jamaica Kincaid Antigua eta Barbudako idazlearen Nire amaren autobiografia liburua aukeratu zuten aroa estreinatzeko. Eta ez zen kasualitatea izan: garai hartan, Bakartxo Arrizabalagaren zuzendaritzan, EIZIEk kanon ofizialak zalantzan jarrizituen, eta aukeraketa zabaltzeko egindako hausnarketarekin zerikusia zuen hautuak.
Eta bat dator Olarra gogoeta horrekin: «Nik askoz jarrera irekiagoa dut orain. Ez genuke hain estuak izan beharko zer argitaratzen den erabakitzerakoan. Literatura Unibertsala izenburuak ekarri du hor klasikoak deitzen zaienak jartzea. Eta klasikoak zer dira? Bada, hain zuzen ere, gutxien irakurtzen direnak». Horregatik, jarrera malgua behar dela uste du editoreak, batzuei leku emateko, bestei kendu gabe: «Kanoneko hainbat obra daudenez, kanonean ez daudenek ere bide izan beharko lukete».
Bat dator horrekin Garmendia ere, eta, «asmoak ongi finkatuta, gauza zabal bat egitea» nahiko luke EIZIEko lehendakariak. «Beste kanon horri kasu gutxiago egin, eta guk gure zerrenda egitea», zer eta bilduma «ahalik eta interesgarriena» osatzeko.
Akaso horrek konpon lezake (edo konpontzen lagundu) euskarazko itzulpengintzak egun duen arazorik handiena: harrera. Literaturak, oro har, geroz eta irakurle gutxiago baditu, are gutxiago izan ohi ditu literatur itzuliak. «Hori beti izan da hala —dio Olarrak—, baina orain dela 30 urte horri pixka bat buelta eman zitzaion, eta, behintzat, agertu da sektore bat halako lanak eskatu eta irakurtzen dituena. Handia edo txikia den, tira, editore batentzat inoiz ez da izango behar adinakoa, baina bada».
Erronkak asko dira, beraz, eta,Garmendiaren ustez, sektorea osatzen duten eragileen arteko lankidetza eskatzen du egoerak. Finean, dioenez, literatura unibertsala «ez da EIZIEren gauza bat, eta ez da EAJren gauza bat. Nik uste dut, nahiz eta oso panfletarioa iruditu, herriaren gauza bat dela». Horregatik, eragileetako bakoitzak izan ditzakeen interesak «ahaztu gabe», gogoeta partekaturako deia egin nahi du Garmendiak, «elkar izorratu gabe eta lankidetza gehiago eginez».
Orain zabaldutako tarteak, beraz, aukera luzatu dezake Literatura Unibertsala bildumaren jarraipenaz harago, bilduma horren nolakotasunaz eta itzulpengintzako sektorearen gainerako erronkez gogoetatzeko. «Krisiak aldaketak dira», dio Arrulak, «eta batzuetan ez datoz gaizki». Horregatik, kezka bai, baina esperantza ere nabari da haren hitzetan, egoera berriak zaharkitutako hainbat gauza berritzen lagundu dezakeelakoan. Lagundu dezakeelakoan, adibidez, «bilduma birplanteatzen, eta benetan zer behar dauden ikusten». Behinola abiatutako bidaia, beraz, ez da oraindik bukatu. Bide berrien bila ari da.
LETREN BIDAIA, BIDE BERRIEN BILA
EIZIEk hausnarketa prozesua jarri du martxan, orain 26 urte abiatutako Literatura Unibertsala bildumarekin zer egin pentsatzeko. Azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzaren finantzaketan izandako murrizketek behartu dute hausnarketarako aldia. Berrikuntzarako baliatu nahi dute etena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu