Letrazkoa bezain haragizkoa

Joseba Sarrionandiaren literatura eta ibilbidea erretratatzen dituen dokumentala sortu dute Peru Magdalena eta Pello Salaberria zuzendariek, idazlearen parte hartzearekin: sorterrian hasi, eta Habanaraino. Larunbatean estreinatuko dute 'Joseba Sarrionandia, hemen eta han' lana, Iurretan.

Joseba Sarrionandia idazleari eskainitako dokumentala erdiz kokatzen da Iurretan, eta erdiz Habanan. PERU MAGDALENA ETA PELLO SALABERRIA.
Inigo Astiz
2017ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Irakurtzearekin gustura konformatuko nintzateke». Esaldiaren puntu horretara helduta, bistakoa da Joseba Sarrionandia idazleak ezinbestean baina batekin jarraitu behar duela esaldia. Halaxe egiten du, eta, hain justu ere, baina horretan dago bere literaturaren muina. Berriz, beraz, hasieratik: «Irakurtzearekin gustura konformatuko nintzateke, baina sentitzen dut beste batzuek azalduko ez dituzten gauza batzuen lekuko izan naizela. Ikusita nago Iurretako plazan ahari topeka bat sei urteko umearen begiekin, edo entzunda nago herenegun hemendik pasatu zen urakanaren haizea; gauza batzuk inork kontatuko ez dituela-eta, horregatik sentitzen dut idazteko beharra». Eta, hain zuzen ere, bere haurtzaroko Iurreta horren eta urakanek astindutako Habana horren artean erretratatu dute Sarrionandia Peru Magdalenak eta Pello Salaberriak Joseba Sarrionandia, hemen eta han dokumentalean. Bietan jarri dute kamera. Hemen eta han. Orain urte eta erdi jarri zuten abian proiektua, Iurretako Udalaren bultzadaz, eta larunbatean estreinatuko dute herrian bertan idazlearen omenez antolatutako jardunaldietan. Askondon, 18:30ean izango da proiekzioa.

«Mitifikazio apur bat badago beti bere figuraren inguruan, baina ez genuen nahi dokumentala estatua bati argizaria ematea bezalakoa izaterik». Peru Magdalenak onartu duenez, Sarrionandiaren mitotik berreskuratu behar izan dute Sarrionandia idazlea dokumentalerako. «Nahi genuen bere literatura ere ager zedila, eta baita bere literaturaren analisi apur bat ere». Eta, halere, literatur testuen artetik ere errekuperatu nahi izan dute pertsona bera. «Ez dugu kuxkuxean aritu nahi izan kamerarekin, leihotik barrura sartu eta begira jarrita, baina ez genuen gauza hotz eta inpertsonal bat egin nahi ere. Puntu horrekin asmatzea izan da zailena, baina tentsio horrek on egiten dio sortzaileari: muskuluak tenk jarrita zaude».

Kokapen ofiziala

Alde izan dute zortea. Sarrionandiaren kokapen zehatza ematerik ez zenean hasi zituzten lanak Magdalenak eta Salaberriak, eta kontakizuna nola osatu asmatu nahian zebiltzan horregatik. Horretan zirela jakin zen, ordea, Sarrionandia Etxepare Euskal Institutuaren irakurle izango zela Habanako unibertsitatean. Orduan egin zen ofizial Kuban zegoela, eta, beraz, erraztu egin zuen horrek dena Magdalena eta Salaberriarentzat.

Orduan ikusi zuten argi dokumentalak bi zati izango zituela: hemen eta han. Iurretan hasi, eta Kuban segitu, alegia. Eta orduan argitu zitzaien titulua ere: Joseba Sarrionandia, hemen eta han. Magdalenak eman du azalpena: «Ekainean joan ginen Kubara, eta proiektua aurkeztu genion. Bera oso umila da, ez zaio gustatzen pertsonalizatzea, baina ikusi zuenean dokumentala aro baten testigantza ere badela, eta inguru batena, onartu egin zuen parte hartzea».

Idazlearen beraren hitzek ere laguntzen dute kontakizuna dokumentalean. Herriko bizkaieraz mintzo da, esaterako, sorterriari buruz. «Korapilo batzuegaz nago Iurretari lotuta. Handixek imajinatzen dut mundua». Mintzo da literaturari buruz. Mintzo da torturei buruz: «Zortzi egun eternoak izan ziren, baina ez nintzen salbuespena». Mintzo da kartzelari buruz: «Hau tokatu zait zapaltzaileen aurka nagoelako». Mintzo da politikari buruz: «Borroka armaturik ez badago, ba hobe, ea erresistentzia hori zabalagoa egiten dugun». Mintzo da ihesaldiari buruz, eta mintzo da Kubari buruz ere. Mintzo da umil, mintzo da bare, eta mintzo da zintzo: «Hemengo bizimodua lirikoa, dramatikoa eta komikoa da. Erbestea ez da ohiko giza tragedia baino okerragoa, ezta hobea ere: gozoa da batzuetan, eta garratza besteetan».

Lagunak eta adituak

Aurrez bideo batzuk eginak zituzten bi zuzendariek, baina hau da egin duten lehen dokumentala, eta jakin-min handia igarri dute hasieratik. «Hainbeste jenderentzat izan du hain eragin handia, eta hainbeste jenderentzat da hain figura presentea!». Baina, Magdalenak dioenez, jakin-min hori ez zaie zama bilakatu. «Pisu hori atzean uzten saiatu gara, eta askatasunez jokatu dugu».

Nahasian doaz dokumentalean Sarrionandiaren bizitza, literatura eta oihartzun literarioa. Horregatik, herrikide izan zituen iurretarrekin hasten da kontakizuna, baina berehala sartzen dira Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika, Eider Rodriguez eta beste hainbat sortzaile eta literatur adituren gogoetak eta lekukotzak ere. Haren poetikotasuna nabarmentzen du Atxagak, esaterako, eta Sarrionandiaren mitoari buruz mintzo da Rodriguez. Baina Sarrionandiarik intimo eta etxekoena da filma errematatzen duena.

Ikusten da bere eguneroko bizimodua, ikusten da bere auzoa, eta ikusten da bere inguruko jendea, eta, finean, beraz, ikusten da Sarrionandia bera ere. Orain urtebete Kuban ateratako argazkietan kaskoa zurituta ikusi zen huraxe bera. Letrazkoa, bai, eta baita hezur-haragizkoa ere.

Estreinaldiaren ostean lana zabaltzeko asmoa dute egileek, baina oraindik ez dute zehaztu nola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.