Literatura

Letraz bete dira begiak

Literaturazaleak Zarautzen elkartu dira beste urte batez, Literaturian. Booktegiri aitortza egin dio jaialdiak.

Liburuak, irakurleak, idazleak eta argitaletxeetako kideak batu zituen liburu azokak, atzo, Zarautzen. MAIALEN ANDRES / FOKU
Liburuak, irakurleak, idazleak eta argitaletxeetako kideak batu zituen liburu azokak, atzo, Zarautzen. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Zarautz
2024ko maiatzaren 26a
05:15
Entzun

Begi adina letra eta begirada adina kontakizun bildu ditu, beste urte batez, Literaturiak Zarautzen (Gipuzkoa). Begia eta egia hitzekin jolas eginez, (B)egia hartu dute aurten lelotzat antolatzaileek, eta zer begiratua izan dute euskal literaturari huts-hutsean eskainitako jaialdi horretan elkartu diren literaturazaleek. Liburuek erakarri dituzte haien begiradak azokan, eta askotariko emanaldiek Modelo aretoan. Eta, era batera edo bestera, letraz bete zaizkie begiak. 

Ateak irekitzerako heldu dira lehen bisitariak Lege Zaharren plazako karpara. Barruan, liburuz betetako hamaika mahai zituzten zain, eta, haien atzealdean, euskal argitaletxeetako kideak, harrera egiteko prest. Garazi Arrula Txalaparta argitaletxeko mahaiaz bestaldean izan da beste urte batez, eta, gutxi-asko, urteroko jende jarioa sumatu du. «Ez da jendetza biltzen duen azoka bat, baina tantaka ari da jendea etortzen». Batzuk, liburu jakin baten bila, eta gehientsuenak, «begiratzera».

Haur eta helduentzako lanak jarri dituzte mahaian; «eta beti txiki geratzen zaigu», aitortu du Arrulak, irriz. Izan ere, libururik berrienak ez ezik, funtsean dituztenak ere eraman ohi dituzte azokara. «Saiatzen gara nahasten. Azokek horretarako aukera ere ematen dute, funtsa ateratzeko, arnasberritzeko eta beste aukera bat emateko». Literaturiaren gisako azoken balioa ere nabarmendu du editoreak. «Beti da positiboa kalera ateratzea, plaza hartzea eta ikusgai jartzea. Eta topaketa leku bat ere bada». 

«Azokek horretarako aukera ematen dute: lan berriak ez ezik funtsa ere ateratzeko 
eta arnasberritzeko».

GARAZI ARRULATxalaparta argitaletxea

1545 argitaletxeko Xabi Salaberriarentzat, berriz, lehen urtea izan da liburuz betetako mahaiaren beste aldean. «Iaz ere izan ginen Literaturian, Mare liburua aurkezten, Modelon, baina liburu azokan lehen aldia dugu, eta oso gustura gaude. Urtean ezin ditugu azoka asko egin, baina Literaturia erreferente bat da guretzat, eta hemen parte hartzea, luxua».

Haienera ere hurbildu da jendea, hara ere «begiratzera» gehienak, baina izan da lan jakinen bat ezagun duelako gerturatu denik ere. «Gehienentzat berriak gara, baina nabaritzen dugu pixkanaka jendea ezagutzen ari dela haur filosofiarekin lotutako proiektuak, edo badakiela literatura eta pentsamendua elkartzen diren leku horretan gabiltzala». Arrulak aipatutako topalekuaren alderdia da Salaberriarentzat politenetako bat: beste argitaletxeetako kideen eta idazle eta ilustratzaileen artean sortzen den giroa. 

«Nabaritzen dugu jendea pixkanaka ezagutzen ari dela literatura eta pentsamendua elkartzen diren lekuan gabiltzala».XABI SALABERRIA1545 argitaletxea

Liburu aurkezpenak egiteko Ahotseneak prestatutako gunea karpa barruan atondu dute aurten ere. Idoia Torregarai eta Patxi Huarte Zaldieroa izan dira lehenak oholtzara igotzen, elkarrekin ondu duten Mikroipuinak (Elkar) lanaren nondik norakoak aletzeko. Eta haien ondotik, eguerdian puntu-puntuan, Booktegi atariko kide Aritz Branton igo da taula gainera, jaialdiaren aitortza jasotzera. Euskal literaturaren alde egindako lanagatik, pertsona, talde edo kolektibo bat omentzen du urtero Literaturiak, eta literatura maite duen ororentzat «webgune aberats eta interesgarria» dela iritzita, Booktegi saritzea erabaki du aurten. Manu Urbietak egindako oroigarria jasota, esker oneko agertu da Branton, eta literaturazale guztiak gonbidatu ditu urriaren 26an Usurbilera joatera (Gipuzkoa), Booktegiren jaialdira. 

(ID_13919225) (/@FOKU) 2024-05-24, Zarautz. Literaturia azoka
Aritz Branton Booktegi atariko kidea, jaialdiaren aitortza jasotzen. MAIALEN ANDRES / FOKU

Liburu aurkezpenak bata bestearen segidan kateatu dira ondoren, eta hainbat egile beren lanen gainean hizketan entzuteko aukera izan dute azokan bildutakoek. Goizean, Gorka Salces —Airemortuak (Balea Zuria)—, Asel Luzarraga —Zortzigarren hiria (Txalaparta)—, Yolanda Arrieta —Etxe bat norberarena (Alberdania)— eta Maddi Sarasua —Biharraren hegietan (Maiatz)— mintzatu dira beren liburuez, eta, arratsean, beste horrenbeste egin dute Urtzi Urkizuk —Txoria hodei artean (Berria, Elkar, Jakin)—, Goiatz Labandibarrek —Putzua (Erein)— eta Iñigo Astizek —Monogamoak (Susa)—, besteak beste. 

(ID_13920241) (/EZEZAGUNA) urtzi
Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak ere aurkeztu du bere liburua: Txoria hodei artean. BERRIA

Itzultzaileen begirada

Komikietan, irudiek erakarri ohi dute lehen kolpean irakurlearen begia. Baina testuetara egin ohi dute salto segidan, eta euskaratutako obretan irudi horien atzean egilearenak ez ezik begi gehiago ere ezkutatzen direla ekarri dute gogora Modelo aretoan eguerdian egindako mahai inguruan. Bunbuiloen atzean ere, itzultzailearen (b)egia izenburupean, komikien itzulpenen gaineko gogoetak plazaratu dituzte Miel Anjel Elustondok eta Julen Gabiriak, Bego Montorioren gidaritzapean. Euskarazko komikigintzaren gaur egungo egoeraz eta komiki lan bat euskaratzeak izan ditzakeen berezitasunez jardun dira solasean. 

(ID_13919229) (/@FOKU) 2024-05-24, Zarautz. Literaturia azoka
Miel Anjel Elustondo, Bego Montorio eta Julen Gabiria, komikien itzulpenari buruzko solasaldian. MAIALEN ANDRES / FOKU

Liburu aurkezpenek bezala, bestelako ekitaldiek ere ez dute etenik izan arratsean. Hala, Patxi Zubizarretak sortutako Inuksuit ikuskizuna hartu du lehenik Modelo aretoak, eta, iluntzean, Gotzon Barandiaranen lan berria oinarri duen Galbahea. Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko izeneko emanaldia. Gaur izango du Literaturiak azken eguna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.