74 urterekin hil da Joan Mari Irigoien idazlea (Altza, Donostia, 1948), gaixoaldi luze baten ondotik. Gutxika-gutxika itzali da, baina jakina da hark urteetan ondutako literatur lanak ez direla nolanahi iraungiko aurrerantzeanere; ez kultur munduaren muinean, ez handik kanpokoan ere. Hori bistaratu dute idazlearen heriotzaren berri izan denez geroztik errenkadan plazaratu diren ehunka mezuek. «Obra miresgarria ekarri zion euskal literaturari, eta bizipoza zabaldu zuen beti ingurukoen artean», idatzi du Elkar argitaletxeak, «atsekabez». Irigoienek argitaletxe horretan lanean eman zituen hogei urtetik gora, eta, hain zuzen, haren gerizpean argitaratu zituen lan gehienak, hala nola Letra txikiaz bada ere (2002). Nork bere txikian, miresmenez eta kariñoz agurtu dute idazlea ehunka lagunek.
Ezinbestean, euskal literaturgintza da idazlearen heriotzakgehien astindu dituen esparruetako bat. Hainbat sortzailek plazaratu dituzte Irigoieni eskainitako agur mezuak. Besteak beste, Mariasun Landak kariñoz agurtu du «adiskide eta konplize» izandakoa. Karmele Jaiok, bihotza ukiturik, eskerrak eman dizkio eginikoengatik: «Mendi-tontor eguzkitsuari begira gogoratuko zaitut beti. Eskerrik asko, Joan Mari Irigoien». Bestalde, «berandu» ari delako susmotan zabaldu du mezua Julen Gabiria itzultzaileak: «[...] idatziz jarrita ere, ezin ganoraz eskertu zure eskuzabaltasun infinitua, konpromiso etengabea, umorezko ukendua, zure literatura. Laster arte, Joan Mari: eskerrik asko beti».
Egiazki, berdin da mezuok kulturgileek, instituzioek, bestelako erakundeek edo zernahi girotako norbanakoek idatziak diren. Horietan guztietan, esker ona gailendu da, beste deus baino gehiago. Adibidez, Euskaltzaindiak azpimarratu du euskaltzain urgazle ez ezik «idazle aparta eta gizon ona» ere bazela Irigoien, eta Euskal Idazleen Elkarteak samina agertu du heriotzagatik: «Euskal letrak doluan ditugu». Era berean, albisteak eragindako hunkidura azaldu du Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak, esanez «atximur bat» sentitu duela bihotzean, eta Eskisabelen aurretik kargu horretan izanikoak, Paul Bilbaok, aitortu du gaztetatik miresten zuela altzatarra.
Irigoienek lotura estua izan zuen futbolarekin. Jokalari izan zen urte batzuez, eta, hain justu ere, futbolari buruzkoa izan zen argitaratutako azken nobela: Derbia (Elkar, 2019). Horiek horrela, Realaren bigarren taldean eginiko urteak ekarri ditu gogora klub txuri-urdinak, eta «maisu» bat zela nabarmendu du Athleticek.
Doluminak politikan
Politikan ere izan da erreakziorik. Besteak beste, batetik, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk adierazi du «erreferente bat» zendu dela. Gipuzkoako Aldundiko buru izateko EH Bilduren hautagai den Maddalen Iriartek Irigoienekin izandako hartu-emanak ekarri ditu gogora, eta esplikatu du idazleak «elkarrizketarako gogoa» transmititu ziola aldi horietan. Bestetik, EAJren ahaldungai Eider Mendozak zehaztu du idazlearen heriotzak «galera handia» dakarkiela euskarari eta Euskal Herriari.
Donostiako alkate Eneko Goiak nabarmendu du bere belaunaldia Babilonia irakurriz hazi dela. «Haren [Irigoienen] lan ikaragarriak goi mailara igo zuen euskal literatura. Adiorik ez», idatzi du Twitterren. Marisol Garmendia PSE-EEko Donostiako alkategaiak ere gogoan izan du Irigoien, eta «erreferentziazkoa» izan dela adierazi du sare sozial berean.
Letra txikiaz bada ere
Joan Mari Irigoien hil den notiziak erreakzio soka luzea ekarri du. Haren literatur obra eta zabaldu duen «bizipoza» goraipatu dituzte, «miresmenez»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu