Aurten dira hamar urte hil zela. Aurten urtemuga borobiletan lehena. Abenduaren 4an. Eta hala hasi da han-hemen Xabier Leteren izena berriz hedatzen, haren kantuen oihartzunarena, haren olerkiena. Haren obra eta figura aztertu dituzten lanak ugaritu dira berriki, badira berriak bidean, eta soka horretan helduko da Xabier Lete: gezur eta egia gurea ekitaldia ere. Ez edonola: Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostia Kulturaren bultzadarekin, 30 kulturgilek baino gehiagok hartuko dute parte omenaldian, Frantxis Lopez Landatxek osatu duen gidoiari jarraituta. Nagore Plazaola izan da ekoizlea, eta Fernando Bernues arduratu da zuzendaritza artistikoaz. Bihar ziren aurkeztekoak, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, baina atzeratu egingo dute ekitaldia, parte hartzaile batek positibo eman duelako koronabirusean.
Bernuesek egin zion gidoiaz arduratzeko proposamena Lopez Landatxeri, zeinak Gipuzkoako Aldundian lanean hastean ezagutu zuen kantari eta poeta, aspaldi. «Sartu berriak ginen Imanol Murua [Gipuzkoako kultura diputatua orduan], Xabier eta hirurok. Urte horietan ezagutu genuen elkar, eta hortik aurrera lagun egin». Haren izaera «anitza» gogoan hartuta aritu da omenaldiko ekitaldia atontzen orain. «Xabierrek bazuen biluzteko erraztasun handia; lotsatia izan arren, bere poesian eta kantuetan egiten zuen hori». Alderdi horri garrantzia eman nahi izan dio Lopez Landatxek, baita Letek izandako garapenari ere. «Existentzialismoa eta espiritualitatea lehenengo garaietatik izan zituen. Baina areagotuz joan zen haren humanismoa, bizitzarekiko errespetua, bestearekiko begirunea...». Leteren konstantetzat dituen horiek, haren «zamak», «alaitasunak» eta «mugarriak» ordenatzea eta «izpi» modura baliatzea izan du zeregin emanaldiaren gidoia osatzean. «Koktel nahiko konplexua zen, eta bere hitzari eman nahi izan diot lehentasuna. Nik ordena bat, kronologia bat, eta izpi batzuk jarri ditut».
Musikariak, olerkariak, bertsolariak, idazleak eta dantzariak izango dira izpi horiei helduko dietenak. Luzea da zerrenda: Bernardo Atxaga, Pier Paul Berzaitz, Itxaro Borda, Eñaut Elorrieta, Igor Estankona, Luis Garde, Aintzane Galane, Pascal Gaigne, Jon Gerediaga, Karmele Jaio, Mariasun Landa, Oihana Lekuona, Anjel Lertxundi, Jon Martin, Alaia Martin, Jabier Muguruza, Pello Ramirez, Olatz Salvador, Asier Serrano, Antton Valverde, Argia dantza taldeko kideak eta beste. Belaunaldi batek baino gehiagok hartuko dute parte bertan, beraz, eta batzuek Leteren lanak zein harentzat lehenagotik idatzita zituztenak kantatu edota errezitatuko badituzte ere, beste batzuek emanaldirako propio sortutako lanak erakutsiko dituzte. Omentzeko modua ere bilatu baitute: haren obra oinarri hartuta, material berriak plazaratzea.
«Pentsatzen dut Xabierrengandik jaso ditugula askotan exaltaziozko kantuak, eta gehiegi barneratu gabe kantatzen ditugula, gehiegi arakatu gabe», erantsi du Lopez Landatxek. «Haren poetika eta etika arakatzeko eta gureganatzeko garaia da; hark esaten zuen bezala, gure baitatzeko».
Hitzari eta musikari berdin
Hori dena espazio eta denbora jakin batean nola bildu. Horretan jardun du Bernuesek, gidoilariak emandako haritik: Letek sorrarazten dituen sentsazioak jasoko zituen «geografia eszeniko bat» sortzen. «Baretasuna, sakontasuna, edertasuna, austeritatea. Uste dut espazioak horri erantzuten dion dimentsio poetiko bat hartu duela, sortzaile guztiek zeharkatu ahal izateko modukoa, abegikorra».
Leteren bi eremu nagusiei pareko lekua ematen ere ahalegindu dela azaldu du zuzendariak: hitzari eta musikari. Bost piano izango dira une oro agertokian —ekitaldiko musika zuzendari Karlos Gimenezekin batera ariko dira Iñaki Salvador, Sorkunde Idigoras, Fredi Pelaez eta Joana Ortega—, baina beste hamar besaulki ere izango dira, eta horietatik igaroko dira, elkarri hitza emanez, gainontzeko kideak. Bernues: «Uste dut guztia batuta dimentsio bat hartuko dugula, zer izan eta zer den Xabier Lete. Haren obraren gaurkotasuna ere azpimarratzeko zerbait da; ikusten ari gara, agertzen ari diren lan berri guztiekin».
Harkaitz Millan Gipuzkoako Kultura diputatuak, bestalde, Leteren erreferente izaera azpimarratzeko baliatu du ekitaldiaren aurkezpena. Aipatu duenez, bai bere belaunaldiarentzat, bai eta aurrekoentzat, Lete izan dena laburbil dezake ikuskizunak: «Xabier Lete elkarrizketa etikoaren eta estetikoaren arteko talkan izan zen abila. Konpromisoa adierazi zuen euskararekin eta euskal kulturarekin, orokorrean; kantagintzarekin eta olerkigintzarekin, zehatzago». Letek izandako «terrorismoaren aurkako konpromiso etikoa» ere azpimarratu du Millanek, gogora ekarriz aurten 40 urte direla Garaiz gabiltz manifestua sinatu zuenetik. «1980an, garai hain goiztiar batean, biolentziak euskal gizartearentzat eta euskal kulturarentzat esan nahi zuenaren aitzindari izan ziren Xabier, eta euskal kulturako beste zenbait handi: Julio Caro Baroja, [Eduardo] Txillida, Gabriel Zelaia, Joxe Migel Barandiaran eta beste hainbat sinatzaile».
Tradizioa berreskuratzen egindako lana eta jardun politiko instituzionalean utzitako arrastoa ere izan ditu gogoan Millanek; Lete Kultura diputatu izan zeneko urteak, tartean. «Hari zor dizkiogu oraindik ere euskal kulturaren hainbat espazio, haren garaian sortuak izan zirenak».