Euskadi Literatura sariak

Leteren «barruko ahotsa» saritu diote Inazio Mujikari

Saiakera arloan nagusitu da 'Xabier Lete (auto)biografia bat' liburuari eskerIban Zalduak jasoko du euskarazko haur eta gazte literaturakoa, eta Arantzazu Royok eta Xabier Olarrak itzulpenekoa

Inazio Mujika Iraola, Arantzazu Royo, Xabier Olarra, Sara Morante eta Iban Barrenetxea, atzo, Jaurlaritzaren Donostiako egoitzan. ANDONI CANELLADA / ARP.
Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko urriaren 31
00:00
Entzun
Xabier Leteren «barruko ahotsa» entzunarazteak zabaldu dio Inazio Mujika Iraolari euskarazko saiakeraren arloko Euskadi Literatura saria irabazteko bidea, Xabier Lete (auto)biografia bat liburuaren bitartez, epaimahaikideek azaldu dutenez. «Materialaren hautaketa eta lanketa ez ezik, bereziki aipagarria da liburuaren antolaketa sotila eta gaiak josteko era», adierazi dute.

Euskarazko haur eta gazte literaturako Euskadi Literatura saria Iban Zalduak jasoko du, Julen Ribasen Azken garaipena komiki lanaren gidoiarengatik. Lan horretan, «iragana berridatzi eta maisuki eraikitzen da arrotza ez den etorkizuneko mundua», arlo horretako epaimahaikideek azaldu dutenez.

Itzulpenaren arloan, Arantzazu Royo eta Xabier Olarra saritu dituzte, Alaa Al Aswani egiptoar idazlearen Jakobian eraikina nobelaren itzulpenagatik. Epaimahaikideen ustez, «hizkuntza kalitate ona» erakusten du Royo eta Olarraren lanak. «Hizkera aberats eta joria nabari daiteke testuan. Ederki josi dute itzultzaileek euskaraz pertsonaia ezberdinei buruzko zatitxoz osaturiko puzzlea». Horrez gain, Egiptoko kultura «gurera gerturatzeko ahalegina» egin dute itzultzaileek. «Azpimarratzekoa da jatorrizko testua arabieratik euskarara zuzenean ekartzearen meritua. Itzultzaileek duintasunez gainditu dituzte arabieratik euskarara itzultzeko zailtasunak. Orobat, jatorrizkoan agertzen diren pertsona eta toki izenak euskarara egokitzeko egindako ahalegina ere nabarmendu nahi du epaimahaiak».

Daniel Innerarityren saiakera

Gaztelaniaz idatzitako saiakeraren arloko Euskadi saria Daniel Innerarity-ri ematea erabaki du arlo horretako epaimahaiak, La democracia del conocimiento lanarengatik; gaztelaniazko haur eta gazte literaturakoa Iban Barrenetxeak jasoko du —iaz ilustrazio arloko saria irabazle izan zen egile berak—, El cuento del carpintero-rengatik; eta ilustrazio arloko saria Sara Morante-ren La flor roja-rentzat izango da.

Zein bere modalitatean, aurreko urtean argitaratutako libururik onenak saritzea dute helburu Euskadi Literatura sariek. Lehen, aurreko urteko obra guztiak hartzen zituzten aintzat epaimahaikideek. Azken urteetan, ordea, hautagai izateko, norbaitek aurkeztu egin behar du liburua. Aurkeztu ez diren liburuen artean aintzat hartzeko modukorik dagoela iritziz gero, epaimahaikideek aukera dute obra horiek aurkezteko, egilearen baimenarekin betiere. Jaurlaritzak atzo emandako datuen arabera, euskarazko saiakera arloan iaz argitaratutako 14 obra aurkeztu dira aurten; euskarazko haur eta gazte literaturan, 37; itzulpenean, 28; ilustrazioan, 36; gaztelaniazko saiakeran, 10; eta gaztelaniazko haur eta gazte literaturan, 8.

Euskadi Literatura sarien banaketa ekitaldia azaroaren 13an egingo da Bilbon, EHUren Bizkaia aretoan. Irabazle bakoitzak 18.000 euroko saria jasoko du, eta 4.000 eurokoa ere izango du gero, bere lana beste hizkuntza batera edo batzuetara itzultzen bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.