Leteren adierazpide guztiak, oholtzara

Beñat Gaztelumendik, Joserra Senperenak, Quico Pugesek eta Xabier San Sebastianek 'Loreak eta zauriak' ikuskizuna sortu dute, Xabier Leteren omenez. Gaur estreinatuko dute, Zarautzen

Beñat Gaztelumendi, Joserra Senperena, Xabier San Sebastian eta Quico Puges. JUAN GONZALEZ ANDRES.
Ane Eslava.
2020ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Xabier Lete (Oiartzun, Gipuzkoa, 1944 - Donostia, 2010) ertz askotako pertsonaia izan zen, poliedrikoa. Hori da bereizten duten ezaugarrietako bat: esparru askotan aritu zela; diziplina ugari bildu zituela bere baitan, eta oholtza gainera eraman. Guztiak uztartu eta bakoitzaren «zatitxo bat» taularatuko dute orain Beñat Gaztelumendi bertsolariak, Xabier San Sebastian kantariak, Joserra Senperena pianistak eta Quico Puges biolontxelo jotzaileak, ikuskizun batean: Loreak eta zauriak, Xabier Leteri kantari. Gaur estreinatuko dute, Zarauzko Modelo aretoan (Gipuzkoa), artista eta pentsalaria zendu zenetik hamar urte betetzen direnean.

Emanaldiak Leteren kantuak izango ditu abiapuntu, baina bertsoak ere pisu nabarmena izango du. «Izan ere, Letek harreman berezia zuen bertsolaritzarekin; haren kantu askotan sumatzen da garai bateko bertsolarien eragina: esamoldeetan, esaldiak tolestatzeko moduetan, kantuen metrikan…», azaldu du Beñat Gaztelumendi proiektuko kideak. Hala, Leteren kantuen bertsio berrituak eskainiko dituzte, eta kantu berri bat ere aurkeztuko dute, «hari eskerrak emateko». Letek musikatutako bertso sortak ere baliatuko dituzte, emanaldi bakoitzeko tokiaren ezaugarrien arabera egokituta.

Lete eta haren obra, beraz, gaurko errealitatera ekarriko dute. Momentutik eta tokitik begiratuko diote, berreskuratze ariketa soil batetik harago joateko. Gaztelumendi: «Leteren kantuak, bere horretan, badira elkarrekin topo egiteko leku eder bat, baina haiekin jolas ere egin daiteke, imajinatuz nola kantatuko liokeen Letek 2020ari, edo 2020an bizi garenok Leteren kantuak nola egokituko genituzkeen». Jolas hori egingo dute ikuskizunean. Artista eta pentsalariaren kantuen bidez egungo munduari so egiteko proposamen bat da, funtsean.

Lete gogoratu nahi dutelako, baina gogoratzea «ekintza aktibo» gisa ulertuta. Gogoratzea beste norbaitek kantatutakoa kantatzea izan daitekeelako, baina gaur egun kantatzen duenaren ahots, gorputz eta sentiberatasunetatik abiatuta. «Omendu eta halako hitzak aipatzen ditugu, baina norberarengandik abiatzen den ekintza bat da beti gogoratzea, eta norberari zerbait ematen dioten neurrian gogoratzen gara falta diren horiekin».

Gaztelumendiren kasuan, ez zuen Lete aurrez aurre ezagutu; ez zuen zuzenean inoiz entzun; gurasoen belaunaldiarengandik jaso zuen. «Eta horrekin harreman gorabeheratsua izan dut beti», aitortu du. Leterenganako maitasuna eta gorrotoa sentitu duela dio; «aita» baten gisakoa izan dela beretzat: harengandik jaso duela heziketa emozional eta ideologikoaren zati handi bat, baina, zenbaitetan, «amorratu» duela. «Amorratu egiten nau, haren ispiluan nire burua ikusten saiatzen naizenean inoiz baino inperfektuago agertzen naizelako. (...) Haren gaztaro bihurri haren ondoren etorri zen aro espirituala boz gora kritikatu izan diodan arren nire baitan negu hurbilak izua eragiten didalako», idatzi du egitasmoa aurkezteko testuan. «Horregatik, interesatzen zitzaidan gure belaunalditik eta gure egoeratik jaso dugun herentzia horri kantatzea, eta horretarako tartea aurkitu dut emanaldi honetan».

Maitasuna eta gorrotoa. Norbanakoa eta kolektiboa. Bizitza eta heriotza. Mina eta kemena. Bitasuna edo kontrastea etengabe aurki daitezke Leteren inguruan, proiektuko kidearen arabera: «Harrigarria da Leteren kantuak zer sakonak diren, zer minberak, gogorrak, nola adierazten duten haren egonezina... Eta, aldi berean, hura jendaurrean zer gertukoa, zirikatzailea, umoretsua zen... Kontraste hori harrigarria da, eta haren kantuetan ere ikusten dugu». Ideia hori hartu dute oinarritzat izenburua aukeratzeko tenorean, Loreak eta zauriak eta Lore bat, zauri bat diskoari keinua egin nahi izan diote.

Taula gainean

Emaitza diziplina arteko emanaldi bat da, ordubete eta 45 minutukoa. Oholtza gainean, Leteren kantuak «modu librean» gorpuztuko dituzte. Haren bi abestitan oinarritutako bi bertso sorta musikatu taularatuko dituzte, eta baita bertsolari zaharrei eskainitako diskoetan erabili zituen doinuetan kantatutako bertso berriak ere. Kontakizun kronologikoa egingo dute, Letek bizitzan igaro zituen garaiak erakusteko, kantuen eta bertsoen bitartez. «Hasierako sehaska kantuetatik eta intimoagoetatik igaroko gara sozialago eta handiagoetara, hark egin zuen moduan; gero, gure baitara bilduko gara», zehaztu du Gaztelumendik. Eta, bukaeran, «sorpresatxo bat» egongo da.

Urteurrenarekin batera

Urte bitxia izaten ari da aurtengoa, oro har, eta Leteren heriotzaren urteurrenaren inguruan gertatzen ari dena ere esanguratsua da. Azken hilabeteetan, izan ere, harekin lotutako hamaika egitasmo sortu dira, era askotakoak: musika ikuskizunak, antologiak, saiakerak, hitzaldiak, omenaldiak... Leherketa horren barruan etorri da ikuskizun hau ere.

«Nik ez dakit zenbateraino dagoen kalkulatua leherketa, zenbateraino den kontzientea aitortza», adierazi du Gaztelumendik. Haren irudiko, Leteri aitortza egiteko premia egon daiteke eztandaren atzean —«baliteke bere garaian nahikoa eskertu ez izana»—, baina horren gainetik, beste behar bat ere ikusten du: Leterengana jotzekoa. «Askok jo dugu harengana bizitzako momentu askotan, eta, aurten, urteurrenaren aitzakiarekin topo egin dugu; baina omendu nahitik harago, bada Leterengana jotzeko premia bat, gauza batzuk esplikatzeko; haren testigantza beharrezkoa delako Euskal Herrian bizi izan duguna ulertzeko, eta baita aurrera begiratzeko ere».

Hortaz, halako garai gorabeheratsu batean halako proiektu bat sortzeko aukera izatea «oso berezia» izan dela ziurtatu du bertsolariak. Itxialdi garaian bereziki, eta ondoren ere, denbora izan dute emanaldia «mimoz» prestatzeko. «Polita izan zen konfinamenduan Leteren kantuetan arakatzea, bertsoak idaztea…». Hain zuzen, «bakartzea» areagotu egin den garaiotan, ulergarri ikusten du Leterengana are gehiago jotzea: «Naturala da momentu hauetan ezagutzen ditugun lekuetara bueltatu nahi izatea, eta Lete da belaunaldi askok topo egin duten toki bat; onuragarria da horra jotzea».

Ikuskizunaren estreinaldia Zarauzko Modelo aretoan izango da, gaur, 19:00etan. Abenduan, beste lau emanaldi egingo dituzte, guztiak Gipuzkoan: 11n, Hondarribiko Itsas Etxea auditoriumean; 13an, Oiartzungo Elorsoro kiroldegian; 17an, Hernaniko Biteri kultur etxean, eta 26an, Usurbilgo Sutegi kultur etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.