Zinema

'Lesvia' dokumentalak irabazi du Zinegoak jaialdiko sari nagusia

Memoria lesbikoek eta ultraeskuinari egindako erresistentziak protagonismo handia izan dute Zinegoak jaialdiaren XXI. aldian. Elsa Aloisioren 'Au bord de nos nuits blanches' film laburrak ikus-entzuleen saria jaso du.

Lesvia dokumentalaren irudi bat. ZINEGOAK
Lesvia dokumentalaren irudi bat. ZINEGOAK
garbine ubeda goikoetxea
Bilbo
2024ko uztailaren 1a
20:05
Entzun

Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak, Zinegoak-ek, Tzeli Hadjidimitriou zuzendariaren Lesvia dokumentala hobetsi du aurtengoan. Epaimahaiaren arabera, dokumental hori «behar-beharrezkoa da, bizikidetzaren aldetik, eta jende arruntaren ahotsa entzuteko». Lesbianismoak urte luzeetan pairatutako bazterketari ultraeskuinaren gorakadak ekarritako neurri lesbofoboak erantsi behar zaizkiola gogoratu du epaimahaiak, jaialdiaren amaierako ekitaldian, Bilborock aretoan.

Lesvia dokumentala DOK kategoriako irabazlea ere bada, baina ez kategoria horretan gailendu den bakarra, Joris Lachaiseren Transfariana dokumentalari aipamen berezia egin baitio epaimahaiak: «Ezinbestekoa da pelikula hori ikustea, FARC taldearen borroka marxista eta militarizatua borroka transfeministarekin bat eginda erakusten duelako, maisutasun handiz».

Fikziozko lanen kategorian, FIKen, Levan Akin Zuzendariaren Crossing pelikulak irabazi du, «Istanbul hiri zaratatsua bikain erretratatzeagatik». Crossing filmeko pertsonaiak, «elkarren bila ez ezik, norbere buruaren bila ere» ari direla azaldu du epaimahaiak: «Bere begirada zinematografikoagatik, gurea izan daitezkeen bizitza bidaia horiekiko enpatia arraro bat sortzen du».

Narratiba berriei loturiko KRAK kategorian, berriz, Lisa Gerig zinemagilearen The Hearing filmak jaso du saria, Europara —Suitza barne— datorren migrazioari aurre egiteko gaiari heltzen diolako, eta narrazioa «oso ondo antolatuta» dagoelako: «Europako inguruotan, milaka pertsonak bizi duten drama soziala islatzen du, queer izan edo ez izan».

Lillah Halla zuzendariaren Levante filmak ere bereganatu du saririk: Aniztasuna eta Giza Eskubideen saria batetik, eta Lesbianismo eta Generoaren saria, bestetik. Aniztasun eta Giza Eskubideen epaimahaiak Jorge Cadenaren Flores del otro patio ere nabarmendu du, hain zuzen, «LGTBI borroka gainditu, eta sexu eta genero disidentziak jatorrizko herrien eta eskubideen defentsarekin lotzen dituelako».

Beste hainbat sari

Elsa Aloisiren Au bord de nos nuits blanches filmak prostituten eta emakume transen erresistentziaz mintzo da, eta ikus-entzuleen saria lortu du. Senior epaimahaiaren sari nagusia Tomas Caliren L'esquisse filmari eman diote «artea komunikazio bide unibertsal gisa planteatzen duelako», eta Jone Arriolaren Dena asmatuta dago filmak aipamen berezia eskuratu du. Bertan ageri diren bi gazteak «berba perfektuaren bila» dabiltza, elkarrekin urratuko duten bidea definitzeko ahaleginean.

Gazte epaimahaiak ematen duen saria Shuli Huang zuzendariarentzat izan da, eta aipamen berezia, berriz, Afioco Gnecco eta Carolina Yusteren Ciao Bambina filmari egin diote, «istorio errealista eta hurbila dakarrelako, eta sentiberatasun eta naturaltasun handiz kontatu dutelako».

Euskal Aktoreen Batasunaren epaimahaiak Fikziozko Film Luzeko Antzezpen Nagusirik Onenaren saria Mzia Aranbuli aktoreari eman dio, «begirada ahaltsu baten bidez ikus-entzuleak emozio guztietatik barrena eraman dituelako Crossing filmean». Bigarren saria Ludwika Paletarentzat izan da, Todo el silencio filmean egindako lanagatik: «Gaitasun handia erakutsi du entzumen aniztasuna duen pertsona bat interpretatzeko».

Bella Cintra eta Laurent Lopez de Gardeyk, azkenik, ZG PRO saria irabazi dute, «Los Siento proiektuan erakutsitako freskotasunagatik eta originaltasunagatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.