Azken urteotan egin den moduan, lurraldez aldatuko da aurten ere Bertso Eguna, eta, hain zuzen ere, Lesakan (Nafarroa) antolatuko du Bertsozale Elkarteak bertsolari eta bertsozaleen egun handia. Urtarrilaren 25ean izango da, eta egun osorako plana ari dira antolatzen, Laboral Kutxa, Lesakako Udala eta Bortzirietako bertso eskola lagun dituztela. Goizetik hasita, egun guztirako egitaraua izango da, bertsolarien ibilbidetik hasi eta sagardotegian afaltzeraino.
Oraingoz, ez dute aurreratu zein bertsolarik parte hartuko duten Bertso Egunean, baina sarrerak abenduaren 16an jarriko dituzte salgai, eta, hain justu, egun horretan emango dituzte xehetasun gehiago.
1995ean hasi ziren Bertso Eguna antolatzen Donostian —aurretik, 1968tik, Bertsolari Eguna deitzen zioten—, baina 2018an Bertsozale Elkarteak formatua aldatu eta bertsoaren egun handia Euskal Herri osora hedatzea erabaki zuen. Iaz, adibidez, Gernika-Lumon (Bizkaia) egin zuten Bertso Eguna.