Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Lesakako (Nafarroa) Mairu antzerki tailerrari emango diote Arnasguneak antzerki beka. Taldeak 23.000 euro jasoko ditu Intxaurrak izeneko antzezlana sortzeko eta ekoizteko. Manex Fuchsek zuzenduko du obra; euskararen arnasguneen garrantzia jorratuko du, eta azaroan estreinatuko dute, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan (Gipuzkoa).
Lanaren inguruko xehetasunak eman dituzte gaur Iruñean Ana Ollo Nafarroako Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Aitor Elexpuru Uemako ordezkariak eta Gaizka Sarasola Mairu Antzerki Tailerreko kideak.
Sarasolak gogora ekarri duenez, Lesakako Mairu taldeak 20 urte baino gehiagoko ibilbidea egin du, eta, hain zuzen ere, euskarari lotutako ekimen batetik abiatuta sortu zuten: «Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatutako ikastaro baten inguruan izan zen sorrera, eta euskarak eta kulturak beti izan dute eragina taldean». Antzerki «herrikoia» egiten dute, komunitateari eragiten dioten gaiei begiratuz eta tradiziotik elikatuz. Hala, arnasguneen gaiak ere izaten du tokia haien lanetan: «Kontziente gara gure inguruan euskara osasuntsu dagoela, baina kezkak edo sintomak nabaritzen ditugu».
Bada, kezka edo sintoma horiei begiratuz onduko dute Intxaurra lana. Sarasolak kontatu duenez, laneko protagonista, Terexa, gaixorik egongo da, baina ez du bere osasun egoerak arduratuko, etxeko intxaurrondoaren osasunak baizik: arbolak ere gaitza izango du, eta kezka, gaixotasunarekin batera, Terexa itoz joango da. Antzezlanaren «enborra» biziberritzearen beharra izango da, baina beste «adar» batzuk azalduko dira: «Herri txikien ezaugarriak, kezkak eta premiak agertuko dira; mugaren kontzeptua; iragana, etorkizuna, oraina; zauriak, minak… eta umorea ere bai, beharrezkoa delako».
Formari dagokionez, errealismo magikoan oinarrituko dira, eta «irudi poetikoa» landuko dute: «Testuaren musikaltasunari eta poetikotasunari garrantzia emango diogu, baita soinuari eta argiari ere». Egin beharreko bideari begira, «ardura» dutela dio Sarasolak, «baina batez ere ilusioa».
Arnasguneen garrantzia
Arnasguneak beka Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Uemak 2019an sortutako Arnasa Gara programaren barruan dago. Egitasmo horren helburu nagusien artean daude udalerri euskaldunek eta arnasguneek euskarari egiten dioten ekarpena nabarmentzea, eta herritarrak kontzientziatzea.
Ollo kontseilariak esan du Nafarroako Gobernuaren Euskararen Plan Estrategikoaren helburu nagusietako bat dela, hain zuzen ere, euskararen arnasgunetzat hartzen diren udalerrien garrantzia aitortzea, eta haien hizkuntzaren egoera hobetzea. Halaber, euskarak duen balio «kohesionatzailea» nabarmendu du: «Horregatik, eta gutxituta dagoenez, mimatu, babestu, erreserbatu eta, batez ere, espazio publikoetan sustatu behar dugu».
Bestetik, Zupiriak Arnasa Gara kanpainak 2019tik egindako urratsak ekarri ditu gogora: «Hainbat kanpaina egin ditugu arnasguneek euskara biziberritzeko prozesuan duten garrantzia azpimarratzeko, eta eremu horietan bizi diren herritarrak kontzientziatzea eta ahalduntzea bilatu dugu». Udalerri horiek txikiak izan ohi direnez, Zupiriak garrantzizkotzat jo du haien proposamenekin hirietara ez ezik herri txikietara ere iristea.
Azkenik, Uemaren izenean, Aitor Elexpuru Berako alkateak adierazi du arnasguneen aitortza eta sendotzea izan dela beti Uemaren aldarrikapen nagusietako bat, eta poza adierazi du erakundeek horrekin bat egin izanagatik. Euskararen aldeko elkarlanaren garrantzia nabarmendu du: «Kasu honetan, Azpeitiko Udalarekin eta Dinamoa zentroarekin elkarlanean aritu gara; antzezlana Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan estreinatuko da, eta Mairu taldeko kideek Dinamoa erabiltzeko aukera izango dute».