Lertxundiren obra aztertuko dute Udako Ikastaroetan

Ekainaren 29an eta 30ean arituko dira, eta hamalau hitzaldi, zuzeneko irakurketa musikatu bat eta idazlearen parte hartzea bilduko dituzte

Anjel Lertxundi, 2020ko urtarrilean, Andoainen (Gipuzkoa). A. CANELLADA / FOKU.
itziar ugarte irizar
2023ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Denetarik egin du, eta irakurleen aldetik estimazio handia lortu duen arren, tamaina horretako aitortzarik ez du izan akademiaren partetik». Irakurketa horretan bat zetozen Alex Gurrutxaga eta Beatriz Zabalondo EHUko irakasleak, eta hala bultzatu dute Anjel Lertxundi idazleari (Orio, Gipuzkoa, 1948) egingo zaion lehen ziklo monografikoa: Anjel Lertxundi: idazlea eta obra. Ekainaren 29an eta 30ean izango da Donostiako Miramar jauregian, EHUko Udako Ikastaroen barruan, eta alor askotako hizlariek hartuko dute parte. «Ospakizun giroko goi mailako kongresu bat» izatea da asmoa.

Ikastaroko saio batzuekLertxundiren obraren alderdi askotarikoetan jarriko dute arretagunea, egun indarrean dauden zenbait ikerketa ikuspegitan oinarrituta. Baina, horrekin batera, saio «informalagoak» ere prestatu dituzte; tartean, elkarrizketa idazleari, irakurketa musikatu bat eta Lertxundiren beraren itxierako hitzatzea.

Ikastaroan parte hartuko dutenen artean daude Lourdes Otaegi, Beñat Sarasola, Idoia Santamaria, Jorge Gimenez, Ainhoa Fernandez de Arroiabe, Iñaki Lazkano, Antton Olariaga, Andoni Egaña, Iratxe Retolaza, Nerea Arruti, Xabier Etxaniz Erle, Karla Fernandez de Ganboa, Danele Sarriugarte, Joxan Goikoetxea eta Juan Kruz Igerabide. Izen ematea zabalik da jada, eta egitarauaren xehetasunak webgunean daude eskura.

Atariko gisa, bestalde, ekainaren 20an, Zarauzko Udalak kultur merezimenduaren domina emango dio idazleari. 18:30ean izango da ekitaldia, eta Uxue Alberdik eta Jexuxmai Lopategik ere hartuko dute parte. Ostean, 19:30ean, Idazle totala deitu duten solasaldian Lertxundiren lanaz ariko dira hizketan Egaña, Sarriugarte, Retolaza eta Iñigo Astiz, Modelo aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.