Anjel Lertxundi eta Adan Kovacsics idazleen arteko elkarrizketa batekin hasi zen, atzo, Gutun Zuria nazioarteko letren jaialdia, Bilboko Azkuna zentroan. Besteen irakurketak, neure irakurketak izenburuko solasaldian parte hartu zuten bi egileek. Larunbatera arte iraungo duen literatur jaialdiaren lehenengo ekitaldia izan zen hori.
Aurten, Idatzi/Editatu/Irakurri izenburupean antolatu dute jaialdia; izan ere, idazketa, edizioa eta irakurketa prozesu beraren zati gisa aztertu nahi dituzte, «sorkuntza lan bateratu gisa ulertuta, non praktika horietako bakar bat ere ezin den besteetatik bereizi», antolatzaileek azaldu dutenez. Horrela, literatura asmatzeko, ekoizteko, banatzeko, komunikatzeko eta kontsumitzeko modu berriak islatuko ditu jaialdiak. Antolatzaileek adierazi dutenez, Gutun Zurian izango dira «literatura garaikideko zenbait erreferentzia, hala nola Manuel Rivas, Gonçalo M. Tavares, Juan Pablo Villalobos eta Elvira Navarro; egungo narratibako ahots berriak, hala nola Pol Guasch, Munir Hachemi, Leire Bilbao eta Sara Torres; euskal literaturaren panorama berria irudikatzen duten egileak, tartean Katixa Agirre eta Eider Rodriguez; eta idazketa antropologiatik, filosofiatik, psikologiatik edo interpretaziotik abiatuta jorratzen duten sortzaile heterogeneoak: Iñigo Martinez Peña, Jon Gerediaga eta Bob Pop».
Gaur, Manuel Rivas idazle galiziarraren eta Gonzalo M. Tavares portugaldarraren arteko solasaldia izango da, eta Iban Zalduak eta Miren Narbaizak Ipuina engainua da liburuko pasarteak irakurri eta musikatuko dituzte.
Lertxundi eta Kovacsicsen arteko solasaldiarekin hasi da Gutun Zuria jaialdia
Larunbatera bitartean, elkarrizketak, hitzaldi musikatuak, eztabaidak, tailerrak eta liburu aurkezpenak izango dira, besteak beste, Bilbon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu