Egileak bere etxeko ateak zabaltzearen antzekoa behar du bere obraren onena liburuki bakar batean aurkezteak. Iruzkindua bada, etxeko bisitak gida ere badu. Sabatok hil aurretik bere obraren antologia bat utzi zuen egina, bere ohar eta hitzaurrearekin. Lo mejor de Ernesto Sabato titulupean argitaratu du Seix Barral argitaletxeak. Irakurlea zizka eta mizka ibiliko da haren liburuetan, zeharka haren bizitzaren sigi-sagak ere ezagutuz.
Nietzscheren zita bat erabili ohi zuen Ernesto Sabatok ahoz aho: «Nik ilunetan hondoratzen besterik bizi ezin dutenak maite ditut. Eurak baitira bestaldera joan daitezkeen bakarrak». Arriskutsua, bakarra, ezberdina, korrontearen aurkakoa, etsigarria. Horiek eta beste izenlagun asko erabili ziren aurtengo apirileko egun batez, Ernesto Sabato hil zenean, idazle argentinarra deskribatzeko. Tunela (Mikel Garmendiak itzulia, Alberdania-Elkar, 2007) eta beste lan gogoangarri asko utzi arren, ez zuen preseski bere burua idazletzat. Elkarrizketa batean baino gehiagotan salatu zuen bera snipperra zela, frankotiratzailea. Ez zela inorena, gerrillari batek armadarekin izan dezakeenaren antzerako harremana zuela berak literaturarekin eta jendearekin. Ez zela inondik ere idazle profesionala. Gorroto zuela literatura eta indar handiagoz gorroto zituela literatoak. Ez zitzaiola idazle gisara gogoratzea gustatuko. Arkeologoa edo hizkuntzalaria izan nahiko lukeela, edo autoak konpontzeko tailer txiki bat izan, auzo ezezagun batean. Ilunean hondoratzen besterik bizi ezin dituenak maite zituen, bera ere euretakoa zelako.
Antagonismoak
Zertaz zen bestela Tunela liburua? Ilunen munduari dei egiten zion, giza erabakien barrunbeetara jaitsiz, kontraesan eta alde eginei tiraz. Bere figura ere halakoxea zen: konplexua, polemikoa, kontraesankorra. Idazle gisara lan ahaztezinen egile, baina bizitza publikoan Peronismoaren aurkakoa eta Videlarekin bazkaltzen zuena; Conadeparekin diktadura militarrak desagerrarazitakoen testigantzak jasotzen aritua, gerrillaren bortxa eta estatuaren izua parekatzera heldu zena. Bere erabakietan bakarra eta ezberdina zen, alde batera jarrera hartu izan zuenean ere ez zen betiko eta erabat izan. Giza izaeraren arrakaletan barneratu zen bizitzaren korrontea aurkitzeko. Antagonismoak bizi zuen. Besterik ez nahi.
1911n jaio zen, orain mende bat, Argentinako Rojasen. Handik Santos Lugaresera aldatu zen, hura orube hutsa zenean, ilusiorik gabeko desertu. Bakardadea zen han nagusi. Aitarenganako izuak eta amaren babesak markatu zuen bere izaera, bizitzan, gero, gizartean gurasoekiko zituen beldur berak errepikatu zitzaizkiolarik. Handik ikastera mugitu zen, eta komunismoarekin lehen harremana izan zuen unibertsitatean. Reforma Universitariako militante, Insurrexit taldearen sortzaile 1933an, handik aurrera alderdi komunistako gazterien ordezkari izendatu zuten, baina Stalinek Sobietar Batasunari emandako norabidea ikusirik, bozeramaile gisa Moskura bidali behar zutenean, Belgikan gelditu eta Parisera alde egin zuen, ez Sobietar Batasun ez jaioterri zuen Argentina. Sobietar Batasunean sendatu egingo zela, edo gulag edo ospitale psikiatriko batean amaituko zuela uste zuen: Komunismoa aipatutakoa edo beste ezer ez zela Stalinen norabidearekin.
Komunismoaren sukarra amaitu zitzaionean, Peronismoaren aurkako boza altxatu zuen. Peron ez zen faxismoaren hazia besterik izango, bere demagogiarako gaitasunarekin, eta jende masaren pasiorik txarrenak esnatu eta pizteko zuen intuizioarekin, idazlearentzat: Peron, Argentinako jendeen buruzagia ez ezik, haien esplotatzailea ere bazen. Dena dela, dena ez zuen txar eta gaizto, Peronen ondoan, Eva Duarte «benetako iraultzailetzat» zuen. Paradoxaz eta antagonismoz beteriko bizitza izaki berea, Maria Estela de Peronen gobernua erori ondoren, Triple Ak mehatxatuta bizi izan zen urte batzuetan idazlea.
Kontrara, ordea, Sabatori barkatzen ez zaiona, 1976ko maiatzaren 19an, Videlak intelektualekin hitz egiteko prestaturiko otordura agertzea izan zen. Han ziren Jorge Luis Borges, Horacio Esteban Ratti eta Leonardo Castellani ere, berarekin, eta ordutik dator idazle handiarekiko sinpatiak uzkurtu izana. Sabatok adierazi zuenez, bi ordu horietan, kulturaz hitz egin zuten, gai espiritual eta historikoez, komunikabideez... Elkar ondo ulertu zuten, eta errespetuz aritu ziren. Eta besterik ez, idazlearen arabera, baina Osvaldo Bayer eta orduko beste idazle zenbaitentzat, aurrerantzean, Sabato hipokrisia argentinarraren partaide izango zen. Ezingo zuen, eginahalak eginda ere, Videlaren ondoan agertu zeneko itzal hori aurrerantzean gainetik kendu.
Baina ez ziren hor amaitu bizitzaren sigi-sagak, diktadura militarra amaituta, Argentinan 1976 eta 1983 artean gertaturiko giza eskubideen urraketak aztertzeko batzordeko (CONADEP) burua izan baitzen. Ikerketa eta ondorengo txostena Nunca Más izeneko liburu gogoangarri batean jaso zen, Informe Sábato gisa ezagunagoa denean. Dena dela, han ere, Argentinako armadak diktadura garaian egindako bortxa eta tortura gertakariak montonero eta beste erreboltarienekin alderatzen saiatu zen, herrialdea bizi zuten bi deabruen aipu historikoarekin osatuz urte horietan gertatu zenaren narrazioa. Hala ere, 1989an, tortura eta desagerpenetan inplikatutako 280 pertsona indultatu zituen Argentinako gobernuak, eta horien aurka agertu zen.
Amaitzeko, eta antagonismo erabatekoarekin ixteko atal hau, Sabatok bere burua korronte anarkistetan kokatzen zuen azken urteetan. Anarkismoak besterik ezin zuen erabateko askatasunez justizia soziala lortu bere ustetan. Horrekin batera, kristaua ere bazen. Bere salbamendua, aitortzen zuenez, anarkismo soziala, kristautasuna eta artea ziren.
Ertzetako idazlea
Ez lau eta gris, ez alde bateko soilik, horrelakoa da egun Argentinako arimaren ikono denaren soslaia. Maitatua eta gorrotatua da aldi berean, eta berarekin daramatza, ezin kendurik, estimua eta susmoa. Mamu eta ilunari zuzenduz idatzi zuen, izan gizaki edo gizartez, artikulu edo nobela. Kontzientziak bakean utziko ez balu legez aritu zen. Sobre héroes y tumbas 1936an hasi zen idazten, eta 1961ean argitaratu zen. Ez zen erraz: idatzi, ezabatu, zirriborratu, berridatzi, damutu, berriz hasi aritu zen tai gabe. Haren liburuetan barneratzen denak labirinto batean sartzen denaren irudipena izan behar du. Sartzen dena gutxitan ateratzen da nahastu, galdu, bere burua aurkitu gabe, zatikatu eta konplexuago.
Seix Barral argitaletxeak haren heriotzaren kariz argitaratu duen Lo mejor de Ernesto Sabato da horren adibide. Egileak berak bereizitako antologia iruzkindu bat da, eta haren lan guztietako pasarterik onenekin egina dago. Berdin nobelaren hastapen bat edo El escritor y sus fantasmas saiakerako beste bat: irakurlearen begietara, bizitzan zehar idatzitako obra baten zatiak bere bizitzako pasarteekin nahasten dira. «Gaueko egia», bere fikzioak, eta «eguneko argiak», bere adierazpen eta bizipenak, ezin zituela banandu zioen, ezin zela elkar kutsatu gabeko zatietan eman. Bizitakoa eta idatzia elkar lotuta zeudela ezinbestean, beste behin ere.
Literatura
Lerroa zuzena da, bizitza ez hainbeste
'Lo mejor de Ernesto Sabato' kaleratu du Seix Barralek. Egileak berak hil aurretik prestatutako antologia da, hark idatzitako oharrekin eta hitzaurrearekin osatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu