Musikari buruzkoa irudi lezake hasieran erakusketak.«Hein batean bada», zehaztu du komisario Xabier Erkiziak, baina errematea eman ziztuan: «Bada musikari buruzkoa, baina ez soilik, eta ez hainbertze». Uholdeak izeneko programaren bosgarren ediziorako ondutako lanaz ari da: bat bitan. Oharrak, zirriborroak, partiturak eta beste hainbat belarrirako idazkerak. «Eta ez dago soinurik aretoan, ezpada, izatekotan, bisitariaren buru barrenean. Egin baitezake ahalegina lerro artean eta partitura artean irakurtzeko». Hain zuzen, musikaren idazkerari eman dio garrantzia Erkiziak lanean: partituraz josi du erakusketa, eta partitura bat osatu horiekin guztiekin. Tafallako kulturgunean (Nafarroa) jarri du ikusgai.
Askotariko diziplinetan aritzen diren artisten piezak daude jasota bilduman. Iruñean eginiko aurkezpenean Erkiziak behin eta berriz izendatu gisara, «partiturak» dira denak. Edonola ere, erakusketaren izenak berak garbi iradokitzen du pentagrametatik aparteko elementu grafiko ugari ere bildu dituztela lanean, «a priori musika lengoaiaren parte ez direnak», esplikatu du komisarioak. Eta, hala, badira paperean eskuz idatzitako kodizeak, badira inprimatutako partiturak, baina baita poemak, marrazki figuratiboak, argazki serieak eta collage koloretsuak ere. Erakusketan ez ezik, liburuxka batean ere bildu dituzte artelanak –Franziska-k diseinatu du–.
Uholdeak programak artista garaikideekin egiten du lan normalean. Aldi honetan, berriz, parte hartu dute gaur egungo sortzaileek, baina baita XII. mendekoek ere, esaterako. Artxiboko obrei eta, zenbait kasutan, originalen erreprodukzioei esker, Erdi Arotik orain arteko piezak jaso dituzte erakusketan; hala nola Pablo Sarasaterenak, Emiliana Zubeldiarenak eta Emilio Arrietarenak. Neurri batean, ordena kronologikoan aurkeztu dituzte piezak, baina ez beti; «hausturak» ere eragin dituzte denboraren lerroan, Erkiziak esplikatu duenez. Dena dela, komisarioak iritzi dio hain atzera begiratu eta hain «bide luzea» bistaratzeak ematen duela aukera, hain justu, ikusteko musika idazteko saiakerak nola aldatu diren. «Nola artista bakoitzak asmatu duen hizkera bat musika adierazteko».
«Asko interesatzen zitzaidan konpositore batek buruan duen hori idazteko egiten duen ariketa».
XABIER ERKIZIA Soinu ikerlaria
Zehazki idazkerari erreparatu izana ez zen bestela bezala gertatu, Erkiziak oroitu duenez. «Asko interesatzen zitzaidan konpositore batek buruan duen hori idazteko egiten duen ariketa». Salto horretan gerta daitekeena esplikatzeko, François J. Bonnet konpositorearen idazki bat kabitu dute erakusketan —baita liburuxkan ere—. Honela dio: «Musikaren promesa da, prestaketa edo gogorapena. (...) Musikak, promesa bezala, beti huts egiten du musika bihurtzen». Erkiziaren interpretazioaren arabera, bada «burutik partiturara» galtzen den zerbait, «lengoaiak ezin baitu guztiz bildu buruan den musikaren konplexutasuna».
Collage baten musika
Musikariak ez diren artisten lanetan arakatu, eta musika aurkitzea; hori da Erkiziaren lanaren gakoetako bat, finean. Izan ere, zer doinu du, adibidez, Mikel Cabrerizoren Arkatzezko marrazkia exaktor paper gainean (2020) artelanak? Maddi Barberren nor+_gorria.pdf. idazkiak? Asier Gogortzaren Trans (urdina) collageak? Ba al da horiek aditzerik? «Elkarrizketa interesgarri asko izan ditut artistekin, besteak beste, batzuetan haiek ez zutelako imajinatu ere egiten lanak partiturak izan zitezkeenik», kontatu du Erkiziak, irakurketa isil horietan ere musikaltasuna dagoela sinetsita.
Iñigo Astizen Euri hotsa olerkia daerakusketan jasotakoetako bat. Ahots goran irakurri du Erkiziak, musika agerian uzteko: «akaso besterik gabe/ euri hotsa bildu eta/ ezer aztoratu gabe utzi/ elkarren azalen aipamena/ enfasi sasoi hauetan/ zarata handirik gabe/ itzaltzen diren beste/ gauza guztien bakean».
Uholdeak programa Uharteko Arte Garaikideko Zentroak antolatzen du, zenbait erakunderen laguntzarekin: hala nola Jorge Oteiza Fundazio Museoa eta Nafarroako Errege Artxibo Nagusia. Erakusketa martxoaren 24ra bitarte izanen da Tafallan; apirilean, Altsasura joango da, eta Agoizko kultur etxera maiatzean.