Hilberria

Leopoldo Zugaza kultur sustatzailea hil da

Gerediaga Elkartea sortu zuen, eta berak bultzatu eta zuzendu zuen Durangoko Azoka lehen urteetan. Beste hainbat kultur erakunderen sortzaileen artean ere izan zen. 90 urterekin zendu da.

Leopoldo Zugaza, artxiboko argazki batean. IMANOL OTEGI
Ainhoa Sarasola.
2022ko azaroaren 2a
21:48
Entzun

Kultura sustatzeko eta dibulgatzeko lanean ibilbide luzea egin zuen Leopoldo Zugaza Fernandezek (Durango, Bizkaia, 1932). Gerediaga Elkartearen sortzaileen artean egon zen 1965ean, eta frankismo garai betean sustatu zuen Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka, baita arte garaikideko lehen erakusketak antolatu ere. Jose Luis Lizundia Gerediaga elkarteko kide eta Durangoko Azokaren sortzaile taldeko kideak BERRIAri gogoratuaren arabera, Zugazarena izan zen azoka sortzeko ideia: «Leopoldo Zugazarena izan zen ekimen hori. Gerra aurretik, errepublika garaian, Gasteizen egin zen liburu azoka bat. Eta Leopoldok hura azaldu zigun elkartea sortu genuen kideoi. 1965eko azokarena euskalgintzan zebilen jendeak ez zuen espero».

1970ean, Durangoko Udal Kultura Aretoak bultzatu zituen, hurrengo 25 urteetan Euskal Eskolako ordezkari nagusiak eta promesa gazteak hartu zituztenak, Euskal Herrian abangoardia sortzeko ezinbesteko erreferentzia bilakatzeraino. 1978tik aurrera, erreferentziazko egitasmo eta erakusketa gune ugari, ikerketa bekak eta argitalpenak jarri zituen abian, Bizkaiko Aurrezki Kutxaren Kultura Saileko arduradun zela.

Bestalde, Bilboko Arte Ederren Museoaren Patronatuko lehendakariorde gisa, erakundea handitzeko eta modernizatzeko proiektuaren buru izan zen. Horretarako, funtsak berregituratu, erakusketa programazio berri bat egin eta erosketa politika sustatu zituen. Hainbat museo erakunderen sorkuntza ere bultzatu zuen, hala nola Durangoko Arte eta Historia Museoarena, Gernikako Euskal Herria Museoarena eta Zarauzko Photomuseumarena. 1981ean, halaber, Arteder arte garaikidearen azoka antolatu zuen.

Egindako lanaren aitortza

Labayru Institutuko, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko eta Eusko Ikaskuntzako kide ere izan zen Zugaza, eta azken urteotan Manuel de Larramendi Institutu Bibliografikoa eta De re bibliographica aldizkaria sortzeko lanetan jardun izan zuen. Eusko Ikaskuntzako ohorezko kide izendatu zuten 2006an, eta hainbat sari jaso izan zituen bere ibilbidean, tartean, Durangoko Azokak bere sortzaileei emandako Argizaiola saria 2015ean, Sabino Arana saria urte berean, Espainiako Urrezko Domina Arte Ederretako Merezimenduari (2016) eta Photoespañak emandako Bartolomee Ros saria (2018).

2020. urtean, halaber, Gure Artea saria eman zion Eusko Jaurlaritzak, Arte plastikoen eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana aitortzeko modalitatean —Laida Lertxundik eta Pello Irazuk jaso zuten saria urte berean—. Epaimahaiak azaldu zuen «Euskadin kultura eta arte plastikoak sei hamarkadatan sustatzearen eta zabaltzearen alde egin duen ibilbide oparoan oinarrituta» hartu zuela saria hari emateko erabakia. «Artearen munduarekin lotutako hainbat elkarte eta erakunderen ekintzaile, editore eta sortzaile izan da Leopoldo Zugaza, eta haren jakin-mina eta lanerako gaitasuna nekaezinak izan dira, hain zuzen ere, bere inguruko kulturaren esparruan aurkitu diren hutsuneak betetzera bultzatu dutenak. Izan ere, artea eta kultura, orokorrean, jendearengana hurbiltzera bideratutako lana da, bai azpiegitura handietatik, bai tokiko espazio txikietatik».

Epaimahaikideen iritziz, «kalitate nabarmena erakutsiz» hartu zuen parte Zugazak kultura artistikoaren balio-katearen fase guztietan: ikerketan, prestakuntzan, sorkuntzan, sustapenean eta banaketan. Horregatik, epaimahaikideen ustez, «euskal arte sistema garaikidea ezin da ulertu Leopoldo Zugazaren ekimen desberdinen ekarpenik gabe». Kulturari lotutako beste alderdi batzuen artean, «oso zeregin garrantzitsua» izan du arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko bidean, eta «interes berezia» agertu izan du abangoardiako euskal artisten sorkuntza zabaltzeko zereginean.

Edonola ere, editore lana izan zen bere zeregin garrantzitsuenetako bat, eta horregatik ere aitortu zion saria epaimahaiak: «Kultur ekoizpen eta erakusketa-ekimen ia guztiekin batera, oso argitalpen zainduak kaleratu izan ditu, arte plastikoei lotuta arreta berezia jarri izan baitu beti ekoizpen editorialean, eta horren erakusgarri dira hark editatu izandako aldizkariak, katalogoak, azterlan monografikoak eta ikerlanak artistei buruz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.