Zinema

Leon de Aranoa saritu du Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldiak

Jaialdiaren antolatzaileek haren «konpromisoa» laudatu dute, eta zuzendariak giza eskubideen alde lan egiten dutenei eskaini die garaipena.

Fernando Leon de Aranoa, Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldiko saria eskuan duela, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU
Fernando Leon de Aranoa, Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldiko saria eskuan duela, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU
urko iridoy alzelai
Donostia
2024ko apirilaren 13a
05:00
Entzun

«Pertsonek mugiarazten naute, haien istorioek eta emozioek. Askotan esaten dut ni ez naizela paisajista, erretratugilea baizik; hau da, gai bat jorratzeko orduan pertsonetan oinarritu ohi naiz, ez gaian». Enpatia ariketa bat da zinema, Fernando Leon de Aranoaren ustez (Madril, 1968), eta, hain zuzen ere, bere lanekin erakutsi duen «konpromisoa» saritu dio Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldiak orain. Sari banaketarekin hasi zuten jaialdia, atzo, Viktoria Eugenian, eta Leon de Aranoaren lanik ezagunenetako bat ere proiektatu zuten ekitaldiaren ostean: Barrio, hain zuzen ere, 1998an estreinatutakoa.

2002an Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra jaso zuen zuzendariak Los lunes al sol filmagatik, eta ibilbide osoa saritu dio orain Giza Eskubideen Zinemaldiak. Giza eskubideen alde borrokatzen diren aktibistei eskaini zien atzo jasotako saria, eta «heroitzat» jo zituen bai aktibista horiek, bai eta urraketak jasan dituzten biktimak ere, eta azaldu zuen haiekin konprometituta dagoela. Gizarteko hainbat bidegabekeria irudikatu ditu Leon de Aranoak bere filmetan, eta, azaldu zuenez, pertsonaien bidez egin du hori. Baina bere pertsonaiekin sortzen duen harremana ez da solidaritatean oinarritzen, haiei dien mirespenean baizik. Eta orduan aipatu zuen zuzendariak haiekiko enpatia sentitzeak zabaltzen duela, hain zuzen, ikusleei enpatia hori «kutsatzeko» aukera.

Haserreak eta sumindurak pizten dute maiz Leon de Aranoa zinema zuzendariaren sorkuntza. Eta, azaldu zuenez, sentimendu horiek bultzatu zuten Barrio filma sortzera. Madrilgo auzo bateko hiru neraberen istorioak kontatzen ditu lanak, eta langile klasearen garai haietako arazoak irudikatu. Edonola ere, gehitu zuen gehienetan dokumentalek azkar salatu beharreko gaiak lantzen dituztela eta fikzioaren prozesua, berriz, motelagoa dela. 

Zuzendaria harro agertu zen aitortzagatik, baina, era berean, adierazi zuen ez dagoela ospatzeko ezer, horrelako sariak eta zinemaldiak egoteak esan nahi baitu giza eskubideen urraketak ez direla eten: «75 urte bete berri dira giza eskubideen adierazpen unibertsala onartu zenetik, eta, tamalez, aldarrikapen horrek gure gizartearen ezintasuna erakusten du gaur egun, munduko pertsona orori ezin diogu-eta duin bizitzeko aukerarik eskaini. Giza eskubideak osasuntsu egon daitezen borrokatu behar dugu». Leon de Aranoak argi du giza eskubideen zinemaldien funtsa urraketak salatzea dela, eta zinemagileen lana, berriz, munduko bidegabekeriak kontatzea.

Harro agertu da zuzendaria, baina era berean, adierazi du ez dagoela ezer ospatzeko, horrelako sariak eta zinemaldiak egoteak esan nahi baitu giza eskubideen urraketak ez direla eten.

Sari bera jaso duten beste bi pertsona nabarmendu zituen zinemagileak bere hitzaldian. Lehen bi sarituak, zehazki: «Ohore handia da sari hau irabazi duten zinemagile handiekin batera agertzea garaipenen zerrendan. Pilar Bardem eta Elias Kerejeta, adibidez, oso garrantzitsuak izan dira nire ibilbidean, eta asko maite ditut». Kerejeta izan zen Leon de Aranoaren lehen filmari (Familia) aukera bat eman zion ekoizlea. «Bai nigan eta bai beste hainbat zuzendarirengan konfiantza handia jarri zuen Eliasek, eta gure lehen pelikulak ekoiztu. Ausarta zen oso, eta, haren hitzetan, berak ez zuen inoiz pelikula txarrik ekoiztu nahi». Kerejetaren eskutik egindako La espalda del mundo pelikula ere aipatu zuen zinemagileak, Viktoria Eugenian estreinatu baitzuen, duela 25 urte.

Migrazioa lehen planoan

Leon de Aranoak aitortu zuenez, baditu lan gehiago egiteko ideiak. «Bereziki Europa hegoaldeko migrazioa jorratu nahiko nuke. Etsipenetik ihesi doazen milaka pertsona daude egunero Mediterraneoa zeharkatzen, eta askok ez dute lortzen. Migratzaile horiek ez ditu Mediterraneo itsasoak hiltzen, Europako migrazio politikek baizik». Zuzendari batek intereseko zaizkion gaiez aritu behar duela uste du zinemagileak, eta gai horrek sortzen dion haserreak bultzatu behar duela filma sortzera. «Herrialde baten egoeraren erakusleiho handi bat da zinema. Horregatik, gizartea aldatuz doan heinean, zinema ere aldatu egiten da».

Saria banatzeko ekitaldiaren ostean, Benito Zambranoren El Salto filma ikusteko aukera ere izan zuten Viktoria Eugenian bildutakoek. Melillako hesian gertatutako istorioak biltzen ditu. Eta, atzo iragarri zutenez, laster jarriko dute filma areto komertzialetan ere. Jaialdia hilaren 19an amaituko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.