Interpretazioa, gidoia, zuzendaritza: Emilio Manzano.'VOLVERSE PEQUEÑO'
Musika: Juan Escribano. Jantziak: Cristino Fructuoso. Tokia: Donostiako Tabakalera. Eguna: Azaroaren 16a.
NODO kultur elkarteak eta LABOk LaboXL6 antolatu zuten joan den astean, dantza, antzerki, eta zirku garaikidearen erakusleihoa. Arte eszenikoko profesionalei zuzendutako beste jarduera eta tailer batzuk ere izan ziren. Seigarren edizio honetan, euskarazko hainbat lanez gain, nazioarteko konpainien lanak ikusteko aukera ere izan dugu, eta gonbidatu berezia Portugal izan da. Jaialdiaren izaeran errotuta dago diziplina aniztasuna, dantza, antzerkia eta zirkua uztartuz eta lengoaia eszeniko garaikide eta berriei leku eginez.
Horren adierazle da Emilio Manzano espainiarra, Volverse pequeño obrarekin txikitasunari oda bat egin diona. Haren lana ikustera joan nintzenean, dantza eta antzerki gisa kategorizatuta zegoela ikusi nuen, baina behin bertaratuta, eta emanaldia aurrera joan bitartean, hori baino gehiago zela konturatu nintzen: ikuslearen zentzumenei zuzendutako poesia bisuala, belarriari nahiz azalari eskainitako soinuak eta testurak, doblatu egiten diren geruzak, batak bestearekin jolasten diren argiak… Dantza delako horren inguruan nuen ikusmira zabaldu zidan, ez baitzen besterik gabe dantza garaikidearen errepresentazioa —gaur egun nahiko zabaldua dagoena—, mugimendu-kanon ohikoetatik ateratzen dena; gorputzaren presentzia bera, haren indarra eta estetika baliatzen baitzuen Manzanok.
Edukiari dagokionez, gauza txikiek duten garrantzia goraipatu zuen. Gauza txikien esentzia aberatsa, osoa, betea, besterik behar ez duena. Besteak beste, landa-eremutik hirira doan gazteaz mintzatzen da, amets handiak dituena, arrakastaren eta aspirazio handien kontzepzio amerikarra darabilena, arbasoen bizimodua mespretxatu dezakeena; «urrutira iritsiko da» delako hori, bilatzen duguna urrun egongo balitz bezala; «handia izango zara» hori, garen hau dagoeneko handia izango ez balitz bezala.
Autobiografia fikzionatu honek 30 urte egiten du atzera, txikitako bideo familiar baten muinera. Udarako arratsalde eguzkitsu bat, familia bat, igerilekua. Beste esaldi hura gogorarazi dit: «Zoriontsuak ginen, baina ez ginen jabetzen zoriontsuak ginela».