Lengoaia digitalarekin ilustratutako alegia klasikoak

Daniel Tamayo artistak Felix Maria Samaniego idazlearen alegiak ilustratu ditu. Euskara hutsean argitaratutako liburu batean bildu ditu guztiak Bilboko Arte Ederren Museoak, eta erakusketa bat ere osatu du haiekin.

Daniel Tamayo artista, Bilboo Arte Ederren Museoko erakusketan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Daniel Tamayo artista, Bilboo Arte Ederren Museoko erakusketan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2025eko otsailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Artista baten koadroan/ Gizon bat ageri zen/ inoren laguntza gabe/ Lehoi bat menderatzen./ Lan hura ikusi zuen/ Lehoi batek ondoren,/ bere baitan esan zuen/ koadro hartaz burlatzen:/ 'Ez da zaila asmatzea/ artista nor izan den;/ Gizona izan behar du,/ Lehoia ez bederen». Felix Maria de Samaniego arabarra 1781ean hasi zen bere alegia ezagunak argitaratzen —tartean zirela lehoiei buruzko alegia hori eta esneketariaren ameskeriari buruzkoa ere—, eta hamaika bariazio, moldaketa, transformazio eta erreskate izan dira geroztik. Euskarara itzulita eta Daniel Tamayo artistaren ilustrazioekin eman ditu argitara orain Bilboko Arte Ederren Museoak, eta sortzaileak sortutako ehun irudiak biltzen dituen erakusketa bat ere zabaldu dute. Ekainaren 15era arte egongo da ikusgai.

Tamayok azaldu duenez, «amildegiaren ertzean» amaitzen du proiektu bakoitzak aldiro. Hori gertatu zitzaion azken aldian ere, eta orduan piztu zitzaion aspalditik buruan zerabilen ideiari ekiteko asmoa. «Batzuetan, ikusten dudanean gai bat edo bereziki lan egiteko modu bat agortzen zaidala, larritasun moduko bat pizten zait. Amildegi batera hurbilduko banintz bezala izaten da, ia-ia ezintasun egoera batera helduko banintz bezala. Kasu honetan ere, hutsune hori ikusi nuen, eta lanean jarraitu ahal izateko zerbaiten bila hasi. Orduan etorri zitzaidan gogora bizitza osoan gauza batzuk ilustratzeko izan dudan obsesioa. Esate baterako, Apokalipsia, Odisea, Genesiaren lehen partea eta fabulak».

Beraz, aipatutako hutsune horri iheska amaitu zuen artistak Samaniegoren liburuari helduta.

«Batzuetan, ikusten dudanean gai bat edo bereziki lan egiteko modu bat agortzen zaidala, larritasun moduko bat pizten zait. Amildegi batera hurbilduko banintz bezala»

DANIEL TAMAYOArtista

Digitalki sortu ditu liburua ilustratzeko irudi guztiak, eta lau kolore baino ez ditu baliatu horretarako: hutsune zuria batetik, eta tinta beltza, grisa eta gorria bestetik. Proiektu osoari batasuna ematea izan da ahalik eta baliabide gutxien erabiltzeko motiboa. Baina orriz orrikoa izan da erronka, onartu duenez. Alegiaz alegia joan baita artista. «Fabula bakoitzean kontatzen den hori zehatz eta zuzen bildu dezakeen irtenbide bat topatzea izan da jolasa».

Tamayok 2011n egin zuen azken bakarkako erakusketa Bilboko Arte Ederren Museoan. Olio gaineko lanak ziren ordukoak, baina, kasualitatea, Alegiak jarri zion izena bilduma hari ere. «Baina orain dela gutxi ohartu naiz kointzidentzia horretaz», onartu du artistak. Azaldu duenez, titulu hura ez baitzen fabulei egindako erreferentzia bat, baizik eta, modu orokorragoan, fantasiari egindako keinu bat. Nahiz eta, onartu duenez, unibertso piktoriko hori ere animaliaz beteta egon, Samaniegoren liburua bezala.

Daniel Tamayoren 2011ko erakusketako irudi bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Daniel Tamayoren 2011ko erakusketa. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Erakusketa hartan ikusi ahal izan zenez, irudi pilaketa koloretsuek osatu ohi dituzte Tamayoren lanak gehienetan, baina, azaldu duenez, aurrez ere eginak zituen saiakera batzuk baliabide grafiko gutxiago eta xumeagoak erabiltzeko. Hori izan zen Viaje de regreso a Siete izeneko irudi seriean bere buruari ezarritako erronka, kasurako, eta, onartu duenez, «oso ondo» etorri zaio orduan egindako lana, orain Samaniegoren liburua ilustratu ahal izateko.

Tamayoren ilustrazioez gainera, Samaniegoren alegien hainbat edizio ere bildu dituzte erakusketarako. Esate baterako, ilustrazioekin egindako lehen argitalpenaren berredizio bat topatuko du bisitariak, bai eta idazleak berak eskuz idatzitako eskutitz bat ere. Gaur egun galduta dauden poema batzuei buruz mintzo da egilea hartan, eta horiek argitaratzeak Inkisizioarekin eragin dizkion buruhausteez kexu zaio lagunari.

XXI. mende betean

Hiru munduren arteko bidegurutzean dagoen erakusketatzat deskribatu du proiektua Gilermo Zuaznabar Bilboko Arte Ederren Museoko kontserbatzaile buruak. «Erakusketa honek barne hartzen ditu Ilustrazioaren pentsamoldea, liburuaren kultura eta formatu digitala». Eta iritzi bera azaldu du Javier Novo museoko kontserbazio eta ikerketa koordinatzaileak. Haren hitzetan, klasiko bat eguneratzeaz gain, «XXI. mende betean» txertatzen baitu Tamayoren lanak.

(ID_14690647) (Mikel Martinez de Trespuentes/@FOKU) 2025-02-18, Bilbo. \
Tamayoren ilustrazioetako bat. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES/ FOKU

QR kode bat ere gehitu dute liburuarekin batera datorren orri markatzailean, eta, haren bidez, liburuko alegiak euskaraz eta gazteleraz entzuteko aukera izango du irakurleak.

Arabako Foru Aldundiak Samaniegoren alegia guztien edizio elebiduna argitaratu zuen 2004an, eta lan hura izan du oinarri Bilboko Arte Ederren Museoak orain. Koldo Bigurik egin zituen itzulpen lanak, eta orduan egindako lana eguneratzeko aukera izan du orain. Euskarazko alegien tradizioari jarraituz, zortziko nagusiaren egiturara moldatuta daude Samaniegoren testuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.