Iruñeko Lendakaris Muertos musika taldeak atzo jakinarazi zuen beren gitarrista Ivan Carmona taldetik alboratu dutela, indarkeria matxistarekin loturiko prozesu judizial batean sartua dagoelako, sexu indarkeria egotzita. Sare sozialen bitartez eman zuten horren berri. «Ivan, Lendakaris Muertoseko gitarrista, ez da taldeko kide izanen aurrerantzean». Oharrean azaldu zutenez, kideek herenegun izan zuten Carmonaren kontrako akusazioaren berri, eta gainerako kideek «aho batez» hartu zuten gitarrista kanporatzeko erabakia.
Atzo gauean, ordea, taldeak erretiratu egin zuen agiria Instagrametik, inolako azalpenik eman gabe.
Zehatz-mehatz, Lendakaris Muertoseko kideek komunikatuan idatzi zuten Carmona taldetik kanpo izanen dela «prozesua bukatu eta gertatutakoa argitzen den arte». Ez zuten zehaztu epaileen ebazpenak eraginik izanen ote duen taldearen erabakietan. Carmona 2022an batu zen taldera, Joxemi Redinek utzitako hutsunea betetzeko.
Bestalde, indarkeria matxista gaitzesteko ere baliatu zuten oharra taldekoek. «Berretsi nahi dugu ez dugula onartzen inolako abusuzko jokabiderik, berdin taldeko kideren batena bada edo gure lantaldeko norbaitena».
Taldea 2004an sortu zen, Iruñean. Punk musika zuzena eta gazteleraz abestutako kritika soziala eta umorea uztartu ditu beti haien proposamenak. Zuzenekoetan ere probokazioarekin jokatzen dute maiz. Estudioko zazpi lan dituzte kalean, eta zuzenean grabatutako bi disko ere bai.
Apotheke taldearen kasua
Lendakaris Muertosekoek beren kasua plazaratu eta ordu batzuetara, Apotheke musika taldeak ere indarkeria matxistarekin lotutako notizia bat zabaldu du sareetan; abeslari ohiari buruzkoa. Taldeko abeslari izateari utzi zion orain dela hilabete batzuk Julen del Vallek, baina erretiroa iragartzearekin batera ez zen argudiatu zergatik. Orain jakin da, taldeko gainerako kideek sare sozialetan jakinarazi dutenez, «eraso matxista bat» izan dela eragilea. Hau ere erantsi dute oharrean: «Uste dugu ez esateak ikusezin egiten duela emakumeek egunero pairatu behar duten errealitate nazkagarri hau. Apotheke taldeak gertatutakoa kondenatzen du, eta behar izan diren erabakiak hartu ditu».
Elektronika eta punka uztartzen dituen talde bat da Apotheke, Iruñekoa, eta euskarazko kantak zein gaztelaniazkoak atera dituzte orain arte. Indatxikia izeneko EPa plazaratu zuten iaz, eta, horretan, Julen del Vallerenak dira hitzak eta ahotsa, hain zuzen. Orain hilabete, argitalpen bat egin zuten sare sozialetan, eta bertan idatzi «aurpegi berriak» zituztela ordutik aurrera. Del Valle ez zen argazkian ageri.