Azkenean martxan sekula jarri ez bazen ere, Lemoizen (Bizkaia) eraikitako zentral nuklearra osatzekoa zen azpiegituren multzoak 1,8 kilometro karratu hartzen ditu Barasorda kalan, eta erreaktoreek 55 metroko altuera eta 40 metroko diametroa dute. Zentralaren gaiak garai batean hartu zuen dimentsio politiko, sinboliko eta soziala ere ez da gutxiesteko modukoa. Ixone Sadaba artistak (Bilbo, 1977), baina, zentralaren dimentsio «inperial» horiei heldu, eta errealitatean diren bezala irudikatu ditu Escala 1:1 esposizioan.
Lemoizko zentralaren benetako neurriak kontuan hartuta, Bilboko Azkuna zentroko erakusketa aretoan, zentralari buruzko argazki bilduma egin du. «Erakusketa gelaren barruan zentrala sartzeko», hainbat teknika uztartu ditu, esaterako, erakusketa aretoa Lemoizko zentral nuklearraren irudiz eta bertan topatutako objektuz betetzea.

Artistak, argazkien bidez eman nahi izan du sarbidea «herriarentzat traumatikoa den» eta publikoarentzat itxita dagoen azpiegitura horretara; izan ere, obrak bertan behera utzi zirenetik lau hamarkada igaro dira, eta itxita dago ordutik. «Lanaren helburua eztabaida berpiztea da, gatazka hura ezagutu ez zuten belaunaldi berriek ere auzi honen inguruan hausnartu ahal izateko», azaldu du Carles Guerrak, proiektuaren komisarioak.
Zentralaren inguruko auziaren eragina ere nabarmendu nahi izan dute erakusketarekin. Artistak eta komisarioak aipatu dutenez, azpiegitura hutsa dena «sinbolo» bihurtu da jadanik. «Geruza askotara igaro zen», azaldu dute, eta proiektuak dimentsio sozialean, politikoan, humanoan zein ekologikoan izandako eragina nabarmendu dute. «Lan honen bitartez, Lemoiz Azkuna zentroan sartu da 1:1 eskalan. Eskala horrek ihes egiten die objektuak eta istorioak beti handitzen ibiltzen diren autoritarismoei», esan du komisarioak.
«Lan honen bitartez, Lemoiz Azkuna zentroan sartu da 1:1 eskalan. Eskala horrek ihes egiten die objektuak eta istorioak beti handitzen ibiltzen diren autoritarismoei»
CARLES GUERRA Erakusketaren komisarioa
Zentralaren neurriekin fidel jokatzea izan dute erronka. Zentralaren tamaina den bezalakoa erakutsi nahi izan dute; ez handiagoa, ez txikiagoa. Horren erakusgarri da hamabost argazki sekuentziaren proiekzioak osatzen duen erakusketako pieza nagusia. Panoramika oso bat erakusten duten sei argazkik osatzen dute sekuentzietako bakoitza, eta bost metro garai eta ia 38 metro luze den horma batean proiektatu dute. Pieza horrek Lemoizko hainbat tokitara garraiatzen du ikuslea: esate baterako, kanpoaldeko zenbait tokitara, zentrala hozteko eraiki zuten Urbietako urtegira eta erreaktorearen barrualdera. Horrela, lortu nahi izan du zentral nuklearrean bertan dagoen sentsazioa izan dezan ikusleak.
Lemoizen bertan aurkitutako hainbat objektu ere berreskuratu ditu artistak: horien artean dira oraindik argia ematen duten bonbilla fluoreszenteak zein langileen eskularruak eta kristalezko edalontzi dotoreak, bulegoetan egoten diren horietakoak. Objektu horiek jantzi egiten dituzte zentral abandonatuaren xehetasunak jasotzen dituzten argazkiak. Esate baterako, bulegoetako argazki bat ere ikus daiteke erakusketan, eta bertan egon ohi ziren bonbillak dira atzean piztuta jarri dituztenak.

Horrez gain, zentralaren obretan erabilitako aldamio bat ere berregin du Sadabak erakusketa areto barruan. Aldamio hori Cadaguako kondearentzat eraiki zuten, 1973an obrak begiraleku garai batetik ikus zitzan. Artistak azaldu du zergatik bihurtu duen hori ere erakusketaren parte: «Iberdrolak obrei buruz duen artxiboan topo egin nuen aldamio edo begiraleku honekin. Interesgarria iruditzen zait, uste dudalako, Lemoizi bizkarra eman beharrean, hari begiratu behar diogula, gure iraganari, orainari eta etorkizunari begiratzeko».
Hiru kamera mota
Proiektua 2020an abiatu zuen Sadabak, BBVA Fundazioaren Leonardo beka bat jaso zuenean Lemoizi buruzko ikerketa artistiko bat egin zezan. Ikerketaren emaitza Azkuna zentroko erakusketa aretoan kokatu behar zutela jakin zuenean, gela horren neurriko obra diseinatu zuen. Gero, argazkiak egitera atera zen hiru kamerarekin: analogikoa, digitala eta plakak erabiltzen dituena.
Erakusketa gelaren tamaina «oso handia» dela nabarmendu du artistak. Pieza nagusia, esaterako, ia 38 metroko luze dela zehaztu du. «Horregatik jolastu nahi izan dugu Lemoizen tamainarekin, eta zentrala erakusketa gelaren barruan sartu, nolabait, azpiegitura bat dela esaten diguten neurriak emateko». Objektuen dimentsiora ekarri nahi izan dute sinbolo bihurtu zena, eta neurtu egin dute, hau da, objektuak tratatzen diren moduan tratatu dute, komisarioak azaldu duenez.
«Gai asko biltzen dituzte azpiegitura horiek. Nik ezin ditut gai horiek guztiak azaldu, baina argazkigintza erabil dezaket eztabaida horiek guztiak irekitzeko»
IXONE SADABA Artista
Gatazka politikoaz haragoko beste kontakizun batzuk ere landu nahi izan ditu artistak argazkietan. Ikerketari ekin zionean, iruditu zitzaion Lemoizi buruz gizartera heldu den kontakizun bakarra auzi politikoarena izan zela, eta horrekin apurtu nahi izan zuen. «Gai asko biltzen dituzte azpiegitura horiek: sarrera debekatua, garai hartan Europan bortitzak izan ziren trantsizio guztiak, antropozenoa, eremuan loratu den landaredia basatia, azpiegituren tamaina inperiala, ingurumen biolentzia... Nik ezin ditut gai horiek guztiak azaldu, baina argazkigintza erabil dezaket eztabaida horiek guztiak irekitzeko».
Erakusketa apirilaren 27ra arte egongo da zabalik, eta artistak berak gidatutako bisitak ere egingo dira; hurrengoa martxoaren 26an. Erakusketaz gain, eskolako ikasleentzako tailerrak ere egingo dituzte zentraleko eremuan dagoen landarediari buruz, Jose Ramon Ais artistarekin.