Lekuonaren maleta

Nicolas Lekuona abangoardiako artistaren elementu pertsonalak eta artelanak zituen maleta bat jaso zuen Bilboko Arte Ederren Museoak 2019an, eta gaur aurkeztu dute. Artista ordiziarraren familiak egin zuen dohaintza.

Bilboko Arte Ederren Museoa - Lekuona
Lekuonaren hainbat elementu aurkeztu dituzte Bilboko Arte Ederren Museoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
marcos tedin
Bilbo
2023ko abenduaren 15a
18:10
Entzun

Nicolas Lekuona artistak (Ordizia, 1913), 23 urterekin hil zen arren, arrastoa utzi zuen euskal artearen historian, baita nazioarteko abangoardiako artearen historian ere. Margolaria, argazkilaria eta diseinatzailea zen, eta haren artelanak zeharo apurtzaileak ziren garai hartan. 2019an, Lekuonaren familiak artistaren objektu pertsonalak, koadernoak, artelanak, marrazkiak eta gutunak zituen maleta bat dohaintzan eman zion Bilboko Arte Ederren Museoari. Gaur aurkeztu dute, aurretik zeuzkaten Lekuonaren beste artelan batzuekin batera. Elementu berri horiek artistaren obra osatzen jarraitzen lagunduko dute.

Lekuona erabat abangoardista izan zen. Hainbat arlotan aritu zen, baina oihartzun handiena lortu duten artelanak haren argazki eta fotomuntaketak dira. Horretan, Lekuona aitzindari izan zen. 29 muntaketa egin zituen –ustez, ez da besterik aurkitu–; horietako batzuk Madrilen daude ikusgai, eta beste batzuk, Houstonen (AEB).

Bilboko Arte Ederren Museoak ezagutzera eman dituen elementuek Lekuonaren estiloa azaltzen dute. Erakusketa berri honek barne hartzen ditu, besteak beste, artista enblematiko haren bi olio pintura eta inauterietako dantza baterako egindako zortzi maskara, beste koadro batzuetan agertuak. Horrez gain, badaude zirriborroak, marrazkiak eta diseinuak ere. Artelan horietan kubismo berantiarra, surrealismoa eta konstruktibismoaren eragina nabari da, baita Lekuonak arkitekturarekiko zeukan zaletasuna ere.

Lekuonaren familiak museoari emandako maletak artistaren izaera ere erakusten du. Senideei eta lagunei bidali zizkien gutunak aurkitu dituzte, eta, haietan, bere asmo artistikoez eta Gerra Zibilean bizi izandakoaz ari da.

Lekuonak hiru urte eman zituen Madrilen, eta han idazle eta artista ospetsu ugari ezagutzeko aukera izan zuen: besteak beste, Ramon Gomez de la Serna. Amari idatzitako gutun batek agerian uzten du Gomez de la Sernaren ustez talentu eta potentzial handia zuela Lekuonak: «Berak [de la Sernak] dakiela, ez dago nire estiloko argazkirik egiten duen beste inor. Etorkizun handia du zinemarako kamerari gisa eta erreportari grafiko gisa».

Azken urteak

1935ean, Ordiziara itzuli zen aparejadore lanetan hasteko. Abangoardiako aktibismoan murgildu zen, eta hainbat gai, estilo eta euskarrirekin esperimentatu zuen: argazkilaritza, fotomuntaketa, collagea, pintura, marrazketa eta poesia, besteak beste. 1936an, gerrara deitu zuten, fronteetako zaurituak garraiatzen aritzeko. Burgosen, Saturraranen eta, azkenik, Fruizen egon zen, alde nazionalarekin.

Gerran hil zen artista, 1937ko ekainaren 11n, 24 urte bete baino lehen. Bonbardaketa batek eragindako amaiera goiztiar horrek, hala ere, ez zuen isildu haren oihartzuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.