Donostia 2016. 'Iturriak' instalazioa

Lekuen memoria kolektiboa

Azken 25 urteotan Donostian kendutako hamahiru iturri berreskuratu, eta Ondarretako lorategietan jarri ditu Maider Lopez artistak

Denis Itxasok eta Pablo Berastegik lagunduta aurkeztu zuen instalazioa Maider Lopezek. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2016ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Zeinek kendu zuen Morlans gas fabrikaren alboan zegoen iturria? Eta Altzako San Martzial plazaren ondokoa? Nora eraman zituzten? Zergatik? Galdera horiek egin izan dizkio bere buruari, sarritan, Maider Lopezek (Donostia, 1975), eta galderoi erantzun bat bilatu nahian, ikerketa bat abiatu zuen artistak duela zenbait urte. Aspaldiko asmoa zuen Donostiako iturriak berreskuratzea, eta Donostia 2016 kultur hiriburutzak eman dio orain horretarako aukera. Azkeneko 25 urteotan hiriko espazio publikoetatik erretiratu dituzten hamahiru iturri Ondarretako lorategietan kokatu ditu, garai batean izan zuten funtzio berarekin: elkargune bilakatzea herritarrentzat. Urriaren 31ra arte egongo dira bertan, eta, Pablo Berastegi Donostia 2016ko zuzendari nagusiak atzo adierazi zuenez, nahiko lukete ondoren ere hura izatea iturrientzako kokalekua. Lopezen instalazioak, nola ez, Iturriak du izena.

«Hiriaren egunerokotasunean aldaketa txikiak izaten dira, eta aldaketa txiki horiekin aldatu egiten da, baita ere, gure artean harremanak izateko dugun modua». Iturriak espazio publikoarekin lotzen ditu Lopezek, «espazio publikoa sortzen dute», eta iturri baten desagertzeak, berak bere horretan, espazio publikoa eraldatzen duela uste du. «Hiri altzariek oro har, eta iturriek zehazki, gaitasuna dute gogoeta eragiteko. Pertsonen memoria indibiduala eta kolektiboa osatzen dutelako».

Instalazioaren bitartez, plaza bakarrean jarri ditu Lopezek lehenago beste gune batzuetan izan ziren hamahiru iturriak. 1960ko hamarkadatik 1980kora jarri zituzten hiriko hainbat txokotan (Okendon, Benta Berriko Oñati kalean...), eta 1990az geroztik desagertzen joan ziren. Ez zituzten suntsitu, ordea, eta hainbat biltegitan izan dira urte hauetan guztietan. Udal teknikariekin elkarlanean berreskuratu ditu piezak Lopezek, berriro ere lanean jartzeko. Altzairurtuzko, kareharrizko eta hormigoizko iturriak dira, beren garaian deskatalogatu egin zirenak hainbat arrazoi direla eta: hirigintza aldaketak, ur-hartune arazoak eta baita une jakin batean desegokitzat jo izan zituztelako ere.

Oroitzapenen batuketa

Orain, iturri horiek berreskuratuta, oroitzapen batzuk ekarri nahi izan ditu lehen planora artista donostiarrak. «Nik nire oroitzapenak ditut, pertsonalak, eta bakoitzak bereak izango ditu. Horrek osatzen du memoria kolektiboa». Iturrien desagertzeak berak pertsonen harremanetan nola eragiten duen ere gogoetagaia izan da Lopezentzat. «Pertsona batzuentzat eguneroko ohitura da etxetik irtetea, batzuetan zakurrarekin, eta iturri baten parean dagoen eserlekuan esertzea. Eta, egun batetik bestera, desagertzen da iturria eta desagertzen da bankua». Horrek berak norbanakoen harremanak aldatzen ditu Lopezen iritziz, eta baita espazioa bera ere. «Erabilerak berak eraldatzen du espazioa».

Hori dela eta, Ondarretako lorategiak harremanetarako kokaleku gisa ulertzen ditu artistak. Eta Iturriak instalazio gisa ikustera baino gehiago, iturriak berak erabiltzera deitu zituen herritarrak atzo. «Hemen daude, eta zuen esku daude, zuek erabiltzeko. Espazio publiko bat da; ez begira gelditzeko instalazio bat». Nabarmena zen atzo hori. Donostia 2016ko ordezkari ugarik eta Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak lagunduta izan zen Lopez Ondarretan, baina dozenaka herritar ere ondoan zituen. Jolasten umeak, eta ura edaten haur zein heldu. Iturrien inguruan.

Iturriak Donostia 2016ko Pagadi kaiaren barruan kokatzen da, arte garaikidearen garapenerako erabiliko den eremuan. Berastegi kultur hiriburutzaren zuzendariak nabarmendu nahi izan zuen instalazioaren izaera, «fin eta leuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.