Etxahun Lekuek irabazi du 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa (930 puntu). Haren ondotik sailkatu dira Xabat Galletebeitia (893,5), Jone Uria (549,5), Onintza Enbeita (538), Ibon Ajuriagojeaskoa (535,5), Nerea Ibarzabal (534), Miren Amuriza (531) eta Beñat Ugartetxea (510,5). Bere ibilbideko zortzigarren Bizkaiko finalean jantzi du txapela Lekuek.
Saio puntuagarria hasita, gogoetarako baliatu zuten bertsolariek zortziko handiko ariketa. Indusketa bateko bi boluntarioren larruan jarri zituen gaiak Enbeita eta Galletebeitia. 36ko gerran eraildako familia baten hezurrak aurkitu zituzten. Txukun hasi zen Galletebeitia: «Zenbait aztarna agertu dira / apurtu eta kiskali/ nahi zuten baina lurrak ezin du/ oroitzapenik estali». Zorrotz erantzun zion Enbeitak: «Konbersasino danetan dagoz/ Siria eta Alepo…/ Ta beti ez gara kapazak izan/ etxekoa ikusteko». Galletebeitiak itxi zuen ofizioa: «Jarrai dezagun hemen lanean/ gaur arte bezala berdin./ Onintza gure lana tamalez/ hasi baino ez da egin».
Areto hotza zen Miribillakoa, baina bertsolariek asmatu zuten giroa epeltzen. Bizi aritu ziren zortziko txikiko ariketan; Galletebeitiak eta Ugartetxeak osatu zuten ariketako bertsoaldirik osoenetakoa. Haien urrezko ezteiak ospatzeko, hegazkin pribatu batean ari ziren hegan. Lainoa sartu, eta errezoan hasi zen Ugartetxea. Hala ekin zion Galletebeitiak: «Baina errezurako/ zuk ez hartu beta,/ bestela be zerutik/ hurbil gaude eta». Arin jarraitu zuen Ugartetxeak: «Pilotoak bizarra du/ ta badaukat kezka…/ Pilotoa San Pedro/ ez da izango, ezta?». Galletebeitiaren azken bertsoak ere barrez jarri zituen entzuleak:«Ezagun dut biloben/ inteligentzia…/ Ta kobratu nahi dute/ gure herentzia».
Bertsoaldi osoak utzi zituen hamarreko txikiko ariketak. Bikotea ziren Ibarzabal eta Amuriza. Bolivian jaio zen Ibarzabal, hara bidaian joatekoak ziren biak, haien alabak herrialdea ezagutu zezan. Bizi hasi zen Amuriza: «Umetxoa hartuta/ bidaian bi neska./ Bikotea garela/ esango dozu ezta?». Berak esan gabe ere imajinatuko zutela erantzun zion Ibarzabalek, eta dotore amaitu zuen bertsoaldia, bollera eta Bolivia hitzekin jolasean: «Asko maite zaitut ta/ gora Bollivia!».
Bakarkako lanean, bere lehen ebakuntza egin duen medikuaren ahotik kantatu zuen Galletebeitiak. Ebakuntza egin zion eria hil egin zela esan zuen, eta hala amaitu zuen ariketa: «Gaurkoan ezin izan da/ baina ez da amaitzen dana,/ aurrera jarraituko dut/ burutzeko nire plana:/ bihotzez naiz medikua/ ta hauxe da maite dudana». Dotore aritu zen Ibarzabal, politikarien auto ofizialen gidari izan den lagun baten ahotik kantuan: «Baina gerora begira ditut/ ongi lotutako planak. /Beldurtu daitezela guztiak,/ jo dezatela alarmak./ Nahi ditut trajeak ta dirua/ Kanariak ta Bahamak…/Bestela kontau egingo ditut/ hemen entzundako danak».
Bizi bezain arin
Zortziko txikian hasi zuten buruz burukoa Lekuek eta Galletebeitiak, haur biren ahotik kantuan. Parkeko zabu bakarrera igota zegoen Lekue, eta ez zuen jaitsi nahi. Zorrotz hasi zen Galletebeitia: «Eta garaia duzu/ Etxahun, ikusteko.../ Gazteago garenei lekua uzteko». Play Stationean jolastera joango zela esan zuen gero, eta hala erantzun zion Lekuek: «Oin be eukiko dozu/ berriz Xabat bronka.../ Anaia nagusiak/ ez dotzu itxiko ta». Bizi aritu ziren seiko motzean ere, hogei urtez txapelketan lanean aritu diren bi boluntarioren azalean jarrita. Horrela ekin zion Lekuek: «Ai baina gaur nire ustez/ zarata lartxo birtutez…/ Lekeitiarrak kanpora bota/ beharko gendukez». Eta erantzun Galletebeitiak: «Aurrera doa bizitza/ ea noiz kristo ateratzen den/ Xabier Amuriza».
«Telebista piztu duzu, eta bera agertu da. Sinetsi ezinda zaude». Gai horri kantatu zieten kartzelako lanean Lekue eta Galletebeitiak. Zorrotz hasi zen Galletebeitia, torturatu zuen gizona hil zela ikusita: «Zur eta lur geratu naiz/ nola uste dena dela,/ gizon batek heriotzaz/ poztu beharko nuela». Eta amaitzeko: «Leku onena eduki/ zenuen lez gobernuan/ baina lasai elkartuko/ gara berriz infernuan». Luhuson (Lapurdi) atzo goizean izan zen polizia operazioa aipatu zuen Lekuek: «Beste zereinik eneukon eta/ mandoa neukon nere mende,/ botoi gorria sakatu eta/ agertu jata ETB./ Beti ikusi izan dodana/ gogor bakearen alde/ ta atxilotu ein dabe». Horrela itxi zuen bertsoaldia: «Baina nire ustez era hortako/ jenteak aldatuko dau/ hankazgorako mundu hau».
Aurten eman du amaitutzat Xabier Amurizak bere bertso jarduna, eta haren urtetako ibilbidea omendu nahi izan dute txapela janzteko ardura hari emanda. Kantuan beharrean, bertsoak errezitatuta zoriondu zuen Amurizak Lekue. Inurri lanari eskaini zion txapela Lekuek: «Hau euskal kultur zein herringintzan/ gogor zabizienontzat,/ txapel bana ta gehiau merezi/ dau zuetako bakoitzak».
Lekuek txapela, txapelak lekua
Etxahun Lekuek jantzi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapela, Bilbon jokatutako finalean.. Xabier Amurizak jantzi dio txapela.. Xabat Galletebeitia eta Jone Uria sailkatu dira Lekueren atzetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu