KRITIKA. Artea

Leku bihurtzen diren ezlekuak

(ID_13657592) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2024-03-01, Iruñea. Angel Marcosek erakusketa Iruñeko Ziudadelan, \
Angel Marcosen erakusketako zenbait pieza, Iruñeko Ziudadelan. IÑIGO URIZ / FOKU
2024ko martxoaren 5a
05:05
Entzun

'Bizirauteko arkitekturak'

Artista: Angel Marcos. Non: Ziudadelako arma aretoan, Iruñean. Noiz arte: Apirilaren 28ra arte.

Arkitekturarekiko ikuspuntuak askotarikoak izan daitezke, eta era pluralean aztertu eta ulertu dezakegu haren izaera estetiko bezain funtzionala. Baina, funtsean, arkitektura eta haren parametroen arabera sortutako eraikinak pertsonon babesleku izateko egituratzen dira: babesleku fisikoak, babesleku espiritualak, oroitzapenen babeslekuak... Balio estetikoez gaindi, hor daude arkitekturen izaerak, askotan egunerokotasunak ikusezin bihurtzen dituenak; espazioei zentzua ematen baitiete. Halaber, eredu arkitektonikoak gizartearen isla dira, eta horretan zentratzen da Angel Marcos argazkilariak Iruñeko Ziudadelan aurkeztutako erakusketa.

Bizirauteko arkitekturak titulupean eta Carlos Rosonen komisariotzapean, Marcosen lanak erresilientzia hartzen du abiapuntu gisa. Sentipen horretatik abiatzen da artista, eta muturreko egoeretan etxe baten beharrak bideratzen dituen sormenak kristaltzen ditu bere argazkien bitartez.

Erakusketa espaziora sartzen naizen momentuan, historia pintura baten tamaina monumentala gogora dakarkidan irudi bat aurkezten zait. Alabaina, tamainaz aparte, konposizioak ez du pintura historikoen diskurtso beliko eta loriatsurik aurkezten, kontrakoa baizik. Arnasten dena zaurgarritasuna da. Etxe orratzez hornitutako hiriaren bertikaltasunarekin hausten duen lursaila dugu: hondakinez beteriko hutsunea, ezleku bat. Marc Augeren kontzeptuaren errepresentazio argia, hain zuzen.

Mostra espazio bakarrean egituratzen bada ere, erakusketa espazioaren nitxoek irekidurak ahalbidetzen dituzte. Nahiz eta argazkigintza izan Marcosen lanaren ardatz nagusia, instalazio, bideo eta collageekin uztartzen ditu erakusketan, eta espazioak uztartze horen gaitasuna areagotzen du. Hala, erakusketa konposatzen duten piezek beren arteko loturak bideratzeko aukerak dituzte, eskala handian, baina baita txikian ere, eta, hala, ikuslearen begirada aktibatzen dituen erritmoak sortzen dira.

Argazki monumentala atzean uzten dut hurrengo nitxoan barneratzeko asmoarekin. Orain, ezagutzen ez dudan herrixka batean nago, arrotz egiten ez zaidan nonbait. Etxeak dira, egunerokotasunean ikusi ohi ditudan arkitekturak, baina momentu honetara arte ez nituzkeenak aztertuko. Kaleak hutsik daude, eta etxeen sarrerak estalita, eta ni naiz horiek zeharkatzen dituen bakarra. Artistak baloratzen ez ditugun arkitekturotan jartzen du fokua: arrakala bat, zahartutako etxe zuria, gortinez estalitako ateak... eta, modu honetan, leku bihurtzen ditu, espazioaren beraren bizipenak zeintzuk izan diren aztertu dezagun.

Bada, kontrastea sortzen da nitxo horren parean dagoen espazioko seriearekin. Iruditeria beste bat da, eta ez du loturarik nire egunerokotasunarekin. Kanpamentu batean eraikitako etxola hauskorrak dira, bertako pertsonek inguruak eskaini dizkien material urriekin sortutako arkitekturak. Kasu honetan, artistak argazki gordinetan sumatzen diren konposizioen oihartzunak bideratzen ditu, eta horien azpian abstrakzioaren ateak irekitzen dituzten estanpatuak margotzen ditu. Erresilientzia horretan sormenerako bideak badirela igortzen da nolabait.

Hurrengo espazioetan, lehenengo lanetan sumatzen diren hausnarketen loratzea ikusten da, eta lehenengo instalazioarekin egiten dugu topo. Irudiz osatutako txabola bat da, arrastoz, memoriaz eta artistaren kamerak kristaldutako irudiez blaitzen dena. Arkitektura eta eskultura onirikoen artean kulunkatzen den eraikina da, eta barnean norbaiten objektu kuttunak biltzen ditu.

Soiltasun horretan, biziraupenerako ahalbidetutako espazioa da, eta behin eta berriz errepikatzen zaizkigu halakoak Marcosen lanean. Arroztasuna igortzeko gaitasuna ere badute, inguruetan ez baititugu etxe horien bizilagunak. Bizirautearen arrastoak dira, eta horiei zentzua ematen diena bizitza da. Marcosen lanak hausnarketa horietara bideratzen gaitu, eta ez dira erosoak, baina bai beharrezkoak. Izan ere, ze punturaino da bizitza babesten ez duen leku bat etxe?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.