Lekeitioko kaleak, artisten eszenatoki

Bihar hasi eta uztailaren 7ra bitarte egingo da Kalekaren 34. aldia. Guztira hamabi konpainiak eta kolektibok parte hartuko dute jaialdian, eta horietatik lau Euskal Herrikoak dira. Aurten Kalekari atal berria sortu dute.

Antzar’en dantza, Twisting The Balance konpainiaren emanaldia. KALEKA
'Antzar’en dantza', Twisting The Balance konpainiaren emanaldia. KALEKA
Garazi Karrera
2024ko uztailaren 4a
05:10
Entzun

Ikusleak «sentsibilizatzeko eta gogoetara» bultzatzeko asmoz aurkeztu dute Lekeitioko (Bizkaia) 34. Kaleka kaleko arteen jaialdia. Ostiraletik igandera bitarte, hamabi konpainiaren eta kolektiboren lan eszenikoak, tailerrak, partaidetza instalazioak eta komunitatean sortutako kaleko arteen sorkuntzak eskainiko dituzte herriko kaleetan. Euskal Herritik, Herrialde Katalanetatik, Espainiatik, Frantziatik eta Italiatik etorritako taldeek hartuko dute parte aurtengo egitarauan.

Kalekaren helburua da publikoa ikuskizunaren «parte izatea», eta ikusleek «ikuskizuna ulertzea eta bere egitea», beren barneko sugarra «piztuz». Horretarako, aurten Kalekari atal berria sortu dute, ikuslea jaialdiaren parte izateko xedez. Adin guztietako publikoarentzat izango da, eta sentsibilizazio eta gogoeta estetikorako jarduera pilotu gisa txertatu dute. Deialdi ireki baten bidez, ikusleak jaialdiaren jarduera paralelo batera gonbidatu dituzte, non ikusleek zein artistek arte jardunari buruzko jakin-mina eta ezagutza partekatzeko aukera izango duten. Horrekin batera, kalekariek eragina izango dute jaialdiaren komunikazioan ere, beren iritziekin, adierazpenekin eta gogoetekin.

Jaialdia ohiko hiru sailetan banatu dute: Kaleka programa ofiziala, Kaleka Scratch eta Kalekaz Blai. Programa ofizialean, kaleko formatu ezberdinak baliatuz, testuinguru eta euskarri gisa hartzen dituzten lan artistikoak erakutsiko dituzte: ikuskizunak, tailerrak, esku hartzeak, happeningak eta performanceak. Horien artean, Twisting The Balance (Euskal Herria), Kamikaz Kolektiboa (Euskal Herria), Guga & Silvia (Katalunia) eta Compagnia del Buco (Italia) izango dira, besteak beste. Scratchek, berriz, garapenen edo sorrera prozesuan dauden lanak batzen ditu. Kategoria horrek artistaren eta ikuslearen hartu-emana bermatzea du helburu. Horretarako, ikusleekin tailerrak eta artistekin topaketak egingo dituzte. Aurtengoan, Euskal Herriko Okamika taldea izango da protagonista, Herriaren bihotza proiektuarekin. Esperimentazioarekin eta ikusleen parte hartze zuzenarekin lotutako akzioak Kalekaz Blai gunean topatu daitezke. Aldi honetan, Chico-tropico kolektiboaren C.O.S.A. proiektua aurkeztuko dute.

Egitarauari erreparatuta, Compagnia del Buco taldearen G.A.S. ikuskizunak emango dio hasiera jaialdiari, ostiralean, 18:00etan. Jarraian, La Roca Produccionesen eskutik, Zozobra lana izango da ikusgai. 20:30ean, DAB elkartearen ordua izango da, Noeud funtzioarekin. Eguna amaitzeko, La Troupe Malabo konpainiaren Karparty emanaldia egingo dute herriko plazan.

Larunbatean, Itinerania taldeak El Laberint lana aurkeztuko du Uribarren parkean, 16:30ean. Horrez gain, ordubete geroago eta 21:30ean, Okamikaren Herriaren bihotza ikusi ahal izango da Monolitoaren alboan. Underclouds Cie konpainiaren Inertie obrak ere bi pase izango ditu: bata 18:00etan, eta bestea 20:30ean. Guga & Silva kataluniarren Here we go! zirku ikuskizuna 18:30ean hasiko da, Talan. Twisting The Balancek, Lekeitioko herriko jaietan inspiratuta, Antzar’en dantza ikuskizuna egingo du Isuntzako zubian, 19:30ean. Azkenik, gaueko 22:30ean, Cal y Canto Teatroren El jardín del viento emanaldia izango da protagonista herriko plazan.

Isla eta Troia antzerki obrek emango diote amaiera Kaleka jaialdiari, igandean. Lehena, Aragoiko Cia D’Click taldeko kideek egingo dute, Harri Kiskirria gunean, 18:30ean; bigarrena, berriz, 19:30ean izango da, Lekeitioko plazan.

'Kaleka.eus' eta sare sozialak

Antolatzaileek kaleka.eus webgunean eta sare sozialetan argitaratuko dute jaialdiaren inguruko informazio eguneratua. Bertan, egitaraua, albisteak, bideoak, irudiak eta beste zenbait datu biltzen dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.