Aurtengo Irun Hiria literatura sariko liburuak, aurreko bi urteetakoak bezala, Elkar argitaletxeak plazaratu ditu. Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur aretoan aurkeztu dituzte: Alaine Agirrek (Bermeo, Bizkaia, 1990), Karena nobela, eta Leire Vargasek (Durango, Bizkaia, 2002), Denaametsa den irudipena poema liburua.
«Sentimendu batzuen eta barne mundu baten translazioa izatea bilatzen duen lan bat da hau», esan du Vargas idazle eta bertsolariak, «zauri bat eta orban bat, aldi berean, kezkak, zalantzak nahiak, grinak, minak, etsipenak zein esperantzak mugiarazten duten gorputz batean; hauskorra den gorputz bat, baina, bere gizatasunean, edertasuna aurkitu guran mugituko den identitate batek sostengatua».
Vargasen estreinako liburua da Dena ametsa den irudipena. Duela lau urte idazten hasi zen, eta aurtengo martxoan ondutakoa da olerki berriena. «Liburuaren izenburuak azaltzen dituen sentsazioak dira hotza, isolamendua, bakardadea, norbere baitan gertatutako galera bat, errealitatetik urruti zauden sentipena, harengan eragin gura eta ezina. Nik horrela bizi dut elikadura nahastea», adierazi du Vargasek, «bizitzatik urruti egote batetik, bizitza pantaila batean ikusiko banu legez, inguratzen nauen oro amets bat balitz bezala gogoratuko banu legez».
Hiru ataletan antolatuta datoz 40 poemak: Zuloak, Ateak eta Zubiak.
Gorpuztasunaren eta gizatasunaren kontzientzia hartzea lantzen du lehen atalak: «Gure gorputza aldatu gura eta ezina, hauskortasun fisikoaren pisua». Bigarren atalak kontzientzia hartze ideologikoaz eta politikoaz dihardu: «Nire txoko txikitik ikusten den munduari begiratu kritiko bat egiten diot». Eta hirugarren atala pertsonen arteko harremanen ingurukoa da, «besteen izaerek gugan duten eraginaz, eta ametsetako harremanen eta errealitatearen arteko talkaz».
Haurdunaldia eta abortua
Alaine Agirrek tabuak biluzteko idazten duela aitortu du Karena eleberria aurkeztean. «Kasu honetan amatasunaren arloan sartu naiz. Txikitatik sartu digute ama izan nahi horren hazia, eta presio soziala dago». Kontakizun «idealizatutik» aldendu egin nahi izan du idazleak, eta amatasunari buruz jardutean «isiltzen eta tapatzen diren lekuetara» jo du.
Sara Mendizabal da nobelako protagonista. Donostian neska batekin bizi da, eta liburutegi batean lan egiten du. Sei parte ditu kontakizunak, eta haietan atonduta daude 60 zati labur, «bakoitza bere zentzuaz eta teknikaz». Sei parte nagusien amaieretan erditzea kontatzen da, fase hauen bidez: ospitalea, oxitozina, kontrakzioak, kanporatzea, karena eta legratua.
Ernalezintasunarekin lotuta agertzen dira protagonistak ezagutuko dituen ugalketa teknika lagunduak. «Intseminazio artifizialak eta in vitro-ak azaltzen dira, baina batez ere prozesu medikalizatu horien guztien albo kalteak eta kostuak». Haurdunaldia eta abortua biziko ditu pertsonaiak, erditzean gertatzen den «obstetriziaren biolentzia», eta ondoren «dolu gestazionala».
Dolu baten bidaia, halaxe definitu du eleberria Agirrek: «Nahi den haur bat galtzearen ondoriozko dolua da, eta gogoz kontrako abortu bat egin behar izatea». Gizarteak ukatu egiten duen dolu bat dela iruditzen zaio idazleari. «Isildu eta tapatu egiten da. Ia-ia debekatu egiten da. Ezer gertatu izan ez balitz bezala. Emakumeak prozesu hori pasatu eta min hori sentitu ez balu bezala». Ugalketaren ikuspuntu produktibo bat dauka gizarteak. «Ematen du emakumeak egon behar dugula produzitzeko eta erreproduzitzeko, baina erreproduzitzeko bakarrik utzi ahal diogula produzitzeari».
Jaiotzaz eta heriotzaz dihardu Karena eleberriak: «Hutsaz eta beteaz. Galderez eta galerez». Isildutako dolua aldarriz kontatzen du, «ikusezina ikusgarri eginez, ustez izenik ez duen horri izena emanez».
Leire Vargas eta Alaine Agirreren liburu sarituak argitaratu dituzte
Ama izatearen nahiari eta ezinari buruzkoa da Agirreren 'Karena' eleberria. Vargasen lehen poema liburua da 'Dena ametsa den irudipena'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu