«Hau ez da literatur jaialdi bat, hau letren jaialdi bat da». Kontzeptu zabalago hori baliatuz deskribatu nahi izan du Bilboko Gutun Zuria jaialdiaren espiritua Ivan de la Nuez idazle, saiakeragile eta jaialdiko antolakuntza taldeko kideak. Festibalak 18 urte beteko dituen honetan, ñabardura hori eginez azpimarratu nahi izan du azken urteetan kontuan hartu dutela literaturaz bestelako diziplinetan sortutako idazketa ere. Gaurtik hasi eta larunbatera bitarte, guztira 20 idazle baino gehiago bilduko ditu programak, baina guztiak ez dira izango literatura idazleak. Itxaro Borda eta Leila Guerriero idazleak ere sarituko dituzte, eta hori ere bada jaialdiaren zabalpenaren froga, De la Nuezek argudiatu duenez. Gaur jasoko dute BBK Gutun Zuria Bilbao saria bi egileek, eta aitortza horrekin abiatuko da jaialdia.
Festibalaren webgunean kontsulta daiteke programa osoa, eta bertan eskura daitezke ekitaldietarako sarrerak ere.
La llamada izeneko liburua da Guerrieroren azken argitalpenetako bat. Argentinako atxilotze zentro klandestinoetan eta milizietan egondako emakume baten lekukotza biltzen du ez-fikziozko liburu horrek, hain zuzen ere. Jasotako aitortzagatik poza adierazi du idazleak hedabideen aurrean egindako aurkezpenean. Poza sariagatik beragatik, eta poza, baita ere, sari horrek aitortza egiten diolako maiz bazterrean geratu ohi den literatur jardun bati, haren hitzetan. «Nik ez-fikziozko lanak idazten ditut, eta ez-fikzioa ez da sekula izaten dantzaldiko erregina. Ni neu, beraz, sekula ez naiz dantzaldiko erregina izango, baina oso pozik izango naiz festako disko jartzailea».
Ikusi gehiago
Borda ere pozik agertu da jaialdiak egindako aitortzarekin. Saria jasotzea ohore handia dela adierazi badu ere, merezi ote duen ez dakiela aitortu du gero. «Hori da euskal idazleok dugun neurosia: ez dakigu sekulan ohoreak, sariak, aipamen positiboak merezi ditugunetz». Edonola ere, sariaren ikur den aginte makila «gogotik» hartuko duela onartu du.
Borda eta Guerriero saritzeko ekitaldiak eta Amorante musikariaren emanaldiak emango diote hasiera jaialdiari, eta Gerriero eta Rodrigo Fresanen arteko solasaldia izango da ondoren. Auditorium osoa beteta izango dute gainera, sarrera guztiak salduta baitaude. Miren Amuriza eta Lizar Begoña idazleen hitzaldirako ere saldu dira sarrera guztiak. Asteazken arratsaldean egingo dute, Bastida aretoan.
«Hizkuntzak ofizialki ezagutuak ez direnean obra literarioa nola sortzen den aipatuko dugu Aurelia Lassaque idazle okzitaniarrak eta biok»
ITXARO BORDAIdazlea
Sabina Urraca eta Rosario Villajos asteazken arratsaldean arituko dira solasaldian. Eta hurrengo egunetan ere elkarrizketa izango da nagusi programan. Andrea Fernandez Plata eta Stefania Caro ez ezik, Carmen Estrada eta Miguel Brieva ere elkartuko dituzte ostegunean, esaterako. Ostiral arratsaldean, Jairo Marcos, Maria Angeles Fernandez eta Maddi Barber elkartuko dituzte, eta gero, Manuel Cruz eta Lola Lopez Mondejar arituko dira elkarrekin solasean. Azken egunean, hau da, larunbatean, Juan Viedma eta Lucia Rabadan arituko dira hizketan Bastida aretoan, eta Joseba Sarrionandia eta Oihane Amantegi elkarrekin izango dira auditoriumean.
Bordaren eta Aurelia Lassaque idazle okzitaniarraren arteko solasaldiak itxiko du egitaraua. Bordak iragarri duenez, euskaraz eta okzitanieraz idazteaz arituko dira bi sortzaileak. «Aipatuko dugu hizkuntzak ofizialki ezagutuak ez direnean nola sortzen den obra literarioa. Militantismoa aipatuko dugu, baina ez hori bakarrik».
Jardunaldi profesionalak
Fernando Perezek iazko abenduaren 12an utzi zuen Azkuna Zentroko zuzendari postua, eta kargua bete gabe dago geroztik. Horregatik, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak aurkeztu du jaialdia prentsaurrekoan. Festibala «erabat finkatuta» dagoela ziurtatu du.
Jaialdiko antolakuntzako kideek gogoratu dutenez, ordea, Perezi bururatu zitzaion festibalari gaur egun duen forma emateko ideia. Hala gogoratu du De la Nuezek: «Hark eskatu zigun jaialdiak Azkuna Zentroaren hibridotasunaren antza izan zezala». Beñat Sarasola idazle eta jaialdiko antolakuntzako kideak ere forma hibrido horri egin dio aipamena. Izan ere, hibridoak izango dira jaialdiko topaketak eta solasaldiak, bai auditorium nagusikoak, bai Bastida aretokoak.
Jendaurrean egingo dituzten ekitaldiez gainera, Gutun Zuria Pro jardunaldiak ere antolatu dituzte aurten. Iaz egin zituzten gisa horretako lehen topaketa profesionalak, eta, emaitza ikusirik, aurten ere mahai inguruak, topaketak eta hitzaldiak barne hartuko dituen bi eguneko zikloa prestatu dute. Liburuen edizioari eta argitalpenari eskaini diote lehen eguneko programa, eta argitalpenen zabalpenari buruzkoa izango da ostegunekoa.