Euskaraz egin diren film guztien gaineko informazio ahalik eta osatuena biltzeko eta eskura jartzeko helburuarekin sortu du Zinea Sortzen etxeak Ganbara, euskarazko zinemaren gordailua izango dena. Interneteko datu base formatua du Ganbarak, eta euskarazko zinemagintzaren «argazki historikoa» egin nahi du, sustatzaileek aurreratu dutenez, lehen pelikula filmatu zenetik gaur egun arte. «Euskal zinemagintzak ez du orain arte artxibategi digitalik izan, eta hutsune horri erantzun bat emateko asmoz abiatu dugu egitasmoa», azaldu zuen Ganbara proiektuaren sustatzaile eta Zinea Sortzen elkarteko zuzendari Ritxi Lizartzak, atzo, Euskadiko Filmategiaren egoitzan (Donostia) eginiko aurkezpen jendetsuan. Han izan ziren, besteak beste, Asier Altuna zinemagilea, Joxean Fernandez Filmategiko zuzendaria eta Mikel Irizar eta Ana de Castro Gipuzkoa eta Bizkaiko euskara zuzendariak.
Katalogo edo datu base gisa sortu da Ganbara, eta hori izango du funtzio nagusia. Euskaraz filmatu diren lanen gaineko informaziorik osatuena biltzeaz gain, euskal zineman aritzen diren profesionalei —zinemagileak, aktoreak, teknikariak eta abar— eta ekoiztetxeei buruzko datuak ere jasoko ditu. Uneotan, berrehundik gora filmen, laurehun profesionalen baino gehiagoren eta 50 bat enpresaren fitxak kontsulta daitezke. Ez da, ordea, filmak ikusteko plataforma bat izango.
Zein dira Ganbaran lekua izango duten lanak? Batetik, euskaraz filmatutako pelikulak, fikziozkoak, animaziokoak eta dokumentalak, luzeak eta laburrak. Proiektuaren sustatzaileek egin duten aurreikuspenaren arabera, 700-1.000 dira. Bestetik, euskarara bikoizketa edo azpidatzien bitartez ekarritako lanak: 3.500 inguru. Film bakoitzak izango ditu bere fitxa artistikoa —zuzendaria, aktoreak— eta teknikoa —iraupena, lantaldea—, eta, horrez gain, haien gainean prentsan argitaratutako berriak eta kritikak ere jasoko dituzte. Azken bi atal horietan, euskaraz argitaratutako testuak ez ezik, beste hizkuntza batzuetan kaleratutakoak ere jasoko dituzte. Halaber, filmen kartelak eta argazkiak ere ikusgai eta deskargatzeko moduan izango dira, betiere egileen eskubideak errespetatuta.
Gidoiak, eskuragai
Beste hizkuntza batzuetan kontsulta daitezkeen zinemari buruzko datu baseekin alderatuta, eskaintza berezi bat ere egingo du Ganbarak:filmen gidoiak irakurgai eta eskuragai jarriko ditu. Gaur egun, hamar gidoi kontsulta daitezke —Asier Altunaren Amama, Jon Maiaren Gutik zura eta Antxon Ezeizaren Ke arteko egunak film luzeenak eta Kepa Sojoren Hileta laburrarena, besteak beste—, baina Zinea Sortzen eta Zinea.eus atariaren arduradunen asmoa da zerrenda handituz joatea. Lizartza eskertuta agertu da gidoi horiek dohaintzan eman dituzten zinemagileekin, eta gogorarazi du eskuragai egonda ere ezingo direla manipulatu, eta zinemagileek eskubidea izango dutela edonoiz webgunetik kentzeko, hala nahi izanez gero. Nolanahi ere, unibertsitaterako eta gidoilari izan nahi dutenentzat «gida bat» izan daitezkeela uste du. Webgunea bera —datu basea, alegia— osatzeak lan handia emango duen bezala, batik bat 1980ko hamarkadara bitarteko gidoiak biltzea «prozesu luzea» izango da, paperean jasota daudelako, eskubideak eskatu beharko direlako, eta, ondoren, digitalizazio lana egin.
Euskal zinemagintzaren gaineko informazioa zabaltzeaz gain, haren gaineko ezagutza ere handitu nahi du Ganbarak. «Jende askori euskarazko zinemaz galdetuz gero, Loreak eta Amama aipatuko digute, baina erakutsi nahi dugu halako filmak ez direla ezerezetik sortu».
Ganbaran sartzeko eskubidea edo aukera izango duten lanez galdetuta, Lizartzak jakinarazi du «muga» batzuk jarri beharrean daudela. Hala, zinema lanen gaineko informazioa jasoko du atariak, baina ez telesailei buruzkoa. Eta film labur profesional eta amateurrak sartuko dira. «Irizpidea? Adibidez, Kimuak katalogorako sei-zazpi labur aukeratzen dira 60tik gora lanen artean. Baina gure irizpidea izango da horiek guztiak sartzea Ganbaran». Unibertsitatean egiten diren lanetan ere jarriko dute begia, eta jarraipena egingo diete.
Ganbara proiektuak Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du, eta baita Euskadiko Filmategiaren laguntza ere.
Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:
www.ganbara.eus
Leiho bat euskal zinemarentzat
Euskarazko filmen gordailua sortu du Zinea Sortzen-ek: Ganbara. Pelikulen inguruko informazio osatuaz gain, gidoiak ere irakurgai jarri ditu. 400 profesionalen eta 50 enpresaren fitxak biltzen ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu