Leialtasunetik zaintzara

Bigarren liburua kaleratu du Ana Malagonek: 'Gelditu zaitezte gurekin'. Zaintzaz hausnartu du hamalau ipuinetan, «zuzenean edo zeharka»

Ana Malagon idazlea, atzo, Gelditu zaitezte gurekin ipuin liburuaren aurkezpenean, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue
Donostia
2017ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Gelditu zaitezte gurekin (Elkar) du izena Ana Malagonen bigarren liburuak. Lasai, ez da ezer gertatzen lehenengo lanaren aldean, luzeagoak dira ipuinak, eta hamalau ipuinekin osatu du bigarrena. Guztiak fideltasunarekin edo desleialtasunarekin lotu nahi zituen hasieran, eta, azkenean, zaintza da ipuinok atzean duten ideia nagusia, Malagonek azaldu duenez. «Zaintza, zentzu zabalean ulertuta: batzuetan, zuzenean, eta, besteetan, zeharka».

Haren ustez, fideltasuna eta zaintza lotuta daude, baina bigarrena gailendu da: «Zaintzak nola markatzen dituen gaur egun ditugun harremanak, bai besteekin ditugunak, bai geure buruarekin dugun harremana ere». Hausnarketara jo du idazleak, alde horretatik. «Zer suposatzen duen gure bizitzan, hain independenteak eta hain indibidualistak izan nahi dugun eta garen gizarte batean, zer rol jokatzen duen; zaintza zenbateraino behar dugun hain bakarrik ez sentitzeko, edo gure nortasuna berresteko... Azken batean, zer rol daukan».

Ildo horretatik, «denetarik» dago, zaindua izan nahi duen jendea eta izan nahi ez duena. Errealitatean ere hala egokitzen delako: «Hasten gara zainduak izaten, gurasoek zaintzen gaituzte, baina gero horrekin hautsi nahi dugu lagunak edo bikotekidea zaindu nahi ditugulako, eta gero konturatzen gara geure burua zaintzeaz ahaztu garela; gurasoak zaintzeko adinean sartzen gara, eta haiek ez dute zainduak izan nahi, zainduak izan behar dutela konturatzen diren arte...». Horrez gain, pertsonaiek badute «orainean bizitzeko zailtasun nabarmen bat»: «Batzuetan, iraganean kateatuta bizi dira, kontuak eskatzen, edo iragan horrek beren bizitzan utzi dituen markei eta zauriei kasu egiten».

30-40 urteetan dauden pertsonaiekin hasi ditu ipuinak, eta, aurrera egin ahala, adinean gora doaz, «eta gain beheran, aldi berean». Bizitzaren ziklo guztiak islatu nahi izan ditu, eta azken bizpahiru ipuinak jende zaharraren inguruan idatzi ditu. Ipuin asko familiaren ingurukoak dira, gehiago interesatzen zaiolako gaia, beste ezeren aldean; familia disfuntzionalek erakartzen dute batik bat.

Xabier Mendiguren editorearen iritziaren kontrara, Malagonek ez du uste liburuak umorerik duenik. Are, uste du «ilunagoa» dela Lasai, ez da ezer gertatzen-en aldean. «Hark bazuen ironia, 'hau da daukaguna, eta aurrera jarrai dezagun' halako bat; honek, beharbada, ez du hainbeste horretatik». Eta, are, uste du «malenkoniatsuagoa» ere badela. Horrekin lotuta, pasadizo bat kontatu du, aurreko liburuaz egindako irakurle talde batean, partaideetako batek esan ziona: «Liburua oso ondo, baina oso tristea da, eta beste batean zerbait alaiagoa idatzi behar duzu». Barkamena eskatu dio hari, «gogoratzen bada», orduan baietz esan zion arren, ez baitu esana bete.

Liburuaren azala, alde horretatik, «publizitate engainagarria» izan daitekeela dio. «Promesa bat egiten du: badirudi sekulako juerga izango dela, eta gero irakurtzen hasi eta... Igual dirua bueltan eskatuko digute, eta nik ordurako igual gastatuta daukat...», egin du broma. Izenburuaz ez du gehiegirik hitz egin nahi izan, baina badu fideltasunarekin lotura: «Nork eskatu digu fideltasuna, inork baino gehiago, azken mendean? Telebistak, iragarkietara joan baino lehen: 'Geratu zaitezte gurekin'». Ipuinetan telebistak badu presentzia, eta horra arte irakurri du.

Sailkatua izatetik ihes

Ez du mikroipuinik egin nahi izan, hiru arrazoirengatik. Batetik, ez zuelako mikroipuinen idazle gisa sailkatua izan nahi—«rol betierekoan sailkatutako Michael Landon aktorea bezala»—. Bestetik, esaldia «horrorosoa» den arren, konfort gunetik atera eta bere burua zailtasunetan ikusi nahi zuen. Azkenik, ohartu zen kontatu nahi zituenek «gudu zelai zabalago bat» zutela, eta ez zirela orrialde bakarrean sartzen.

Zenbait oztopo izan dituela azaldu du. Batetik, aurrekoa bezala, igande arratsaldeetan idatzi du, nahiz oraingoan «zailagoa» egin zaion, ipuin luzeagoak izanik ez baitzituen hasi eta buka egiten eserialdi bakarrean. «Igande batetik bestera pentsatzen nuen: 'Hauek zeintzuk dira, eta zer egiten dute hemen?'» Geruzaka idatzi behar izan du. Bestetik, ez du «sortzeko sukarrik» izaten; kontrara, «nahiko dispertsoa» dela dio, eta hori ere oztopoa izan dela. Gainera, berezko idazkera «oso zuzena eta hitz gutxikoa» izanik, erredundantzian erortzeko beldurra zuen.

Idazteak hausnartzeko balio dio Malagoni, «egunerokotasunak, presak eta bizimoduak» egiten uzten ez diotena. «Hori islatzen da nire ipuinetan, edo justu kontrako norabidean, ze askotan interegarriagoa da zure iritziaren kontra dauden pertsonaiak sortzea». Litekeena da, haren arabera, pertsonaia asko ez izatea «oso gustagarriak»: «Nahiko miserableak dira —denok gara miserableak, ni neu ere bai, baina disimulatzen saiatzen naiz—; zuzenketa garaian, kontzientziako karga izan nuen, eta onbera izaten saiatu nintzen, baina, editoreak aholkatuta, ez nuen egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.