Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak

Lehoiaren ahoan sartu du burua

Nerea Ibarzabalek irabazi du Baionako saioa, eta, lehen itzuliko puntuak batuta, ia ziurtatua du Iruñerako sailkatzea. Datorren astean argituko da nortzuk ariko diren finalean

Beñat Gaztelumendi, Nerea Ibarzabal eta Unai Agirre, Baionako finalaurrekoa nork irabazi zuen jakin berritan. BOB EDME.
Miren Mujika Telleria.
Baiona
2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Atzoko saioan garaile atera ondotik, beste pixka batean luzatuko zaizkio, antza, «itolarri sentipenak» Nerea Ibarzabali. Hala adierazi zuen berak bukaerako agurrean. «Lantza bat estomagoan», baina irabazteko pronto zegoela egin zuen abisu hasieran:«Burua lehoi baten ahoan/ sartzea bada ideia/ ados, has dadila lehia». Irungo (Gipuzkoa) saioko puntuazioak sailkapen orokorrean atzera bota bazuen ere, igo du final handirako aulki bat erreserbatzeko behar zuen koska. Nolanahi ere, ezin ziurtzat jo oraindik; datorren astean jakingo baita, Bilboko saioaren ondotik, zer zazpi bertsolari izango dituen alboan Maialen Lujanbiok Iruñeko Nafarroa Arenan.

671,5 puntu eskuratuta nagusitu zen Ibarzabal beste bost bertsolarien aurretik. 3,5 punturengatik gailendu zaio bigarrenari, Sustrai Colinari (668); Beñat Gaztelumendik egin zuen hirugarren, 656,5 punturekin; eta Julio Sotok laugarren (643,5). Unai Agirre izan zen azken-aurren, 639,5 puntu eskuratuta; eta Eñaut Martikorena azken, 584 punturekin.

Aktualitateko gaiak jarri zituen Ainhoa Larretxea gai emaileak. Tokira egokitutakoak, gainera. Ibarzabalen eta Agirreren hamarreko txikiko gaia izan zen horren adibide bat. Baionako karriketan saltoki txiki bana duten bi saltzaile ziren, gaiaren arabera; urte bukaeran salmentek bere horretan jarraituz gero bere saltoki txikia itxiko zuela azaldu behar zion Agirrek Ibarzabali. Gaurkotasunez eman zuen lehen kolpea Ibarzabalek ere. Black friday eta Amazon eraman zituen lehen puntura, eta horiek saltzaileen eskuburdina eta kate bihurtu direla kexatu zen: «Ta sinetsi nahi nuke/ laguna, gaur arte/ ez garela bakarrik/ paisaiaren parte». Honela erantzun zion Agirrek: «Jendearekin badet/ hainbeste jelosi/ txikia famatu ta/ handian erosi».Txikienak elkartzea proposatu zion Ibarzabalek ondotik, eta horretarako berandu zela adierazi zion Agirrek segidan. Indartsu bota zuen Ibarzabalek azken kolpea ere. «Nahiago dut sartzea/ neure etxeraino/ zurean frankizi bat/ aurkitzea baino». Agirrerena izan zen azken erantzuna, eta etsipen zantzuz kantatu zuen: «Asko igo dituzte/ argia ta gasa/ laster lapurtu baietz/ ura ta arnasa/ oraindikan ez degu/ okerrena pasa».

Zortziko handia izan zuten erantzun beharreko hurrengo ariketa. Ibarzabaleneta Gaztelumendiren bertsoaldian izan ziren, ziurrenean, alerik txalotuenak, nahiz eta atzo sortu zen giro beroarekin zail den txalometroa neurtzen. Lizeoan azken urtea duten Seaskako ikasle biren larruan jarri behar izan zuten bi bertsolariek. Azterketak euskaraz egiteko trabak egon arren borrokan segitzen zutela adierazi zien gai emaileak. Gaztelumendirena izan zen lehen hitza: «Besteengandik ikasi behar/ omen genukeen garaian/ hemen gabiltza helduagoei/ lezioak eman nahian». Borroka horri luzaroan eustea garaipentzat jo zuen Ibarzabalek jarraian: «Ai, baina zer den baikorrak izan/ ta tristuran ez jaustea/ garaipen bat da hainbeste urtez/ borroka bati eustea». Urteen poderioz irakaspenak ere atera zituztela erantzun zuen gero Gaztelumendik: «Hainbeste urte borroka baten/ eta berdin dihardugu/ zapalkuntzak zer esan nahi duen/ ederki ikasi dugu». Aste honetako albiste bat ere eraman zuen kantura, azkenik, Ibarzabalek; Frantziak bertsolaritza kultura ondare immaterial gisa onartu izana, alegia: «Orain bertsoa ia ondare/ immaterial da, tira/ baina hortarako baliabide/ materialak behar dira».

Zortziko txikian jardun ziren ondoren. Tatuatzailea zen Gaztelumendi, eta bezeroa, berriz, Colina. Azalean zeraman izena ezaba ziezaiola eskatu zion Colinak, hirugarrenez. Usoa eta Leire izenak azalean dagoeneko idatziak zizkiola abiatu zen tatuatzailea: «Eguraldia bezain/ aldakor zera zu/ hurrena pegatinak/ ipini itzazu». Gaztelumendik esandakoari erantzunez, Leire hori kentzeko eskatu zion Colinak: «Kendu zazu Leire/ ta Malen jar zazu/ behintzat beherapen bat/ egingo didazu?». Aurreko bi izenak bizkarrean eta bularrean tatuatu zizkiola adierazi zuen Gaztelumendik, eta hurrengoa kopetan nahi al zuen galdetu zion kantuz. Metafora batez ilustratu zuen, azkenik, bertsoa Colinak: «Bizi bainaiz izenak/ jarri ta ezaba/ maitasunean azal/ gogorra behar da».

Hileta hotsa ganbaran

Ganbarakoa izan zuten egin beharreko hurrengo ariketa, eta gai honen gainean kantatu behar izan zuten: «Bihar da egun handia. Ez joatea erabaki duzu». Zein egun zen, baina? Bada, galdera horrixe erantzun behar zioten bertsolariek hiru bertsotan.

Colinak lortu zuen puntu gehien ganbarako ariketan (152 denera). Hilkutxan zegoelarik, bere hileta elizkizuna irudikatu zuen, eta, bere heriotzaren ondorioz, familia bazkariko egunera huts egingo zuela argitu zuen hasieran. «Mundu hontatik joan naiz/ neure sen ta neure garbo/ min hau jasatea baino/ librea izatea nahiago/ bizitza antzerkia da/ ta heriotza gehiago».

Hilkutxatik, elizako lehen ilaran ikusten zituen hurrengo eguneko familia bazkarian izango ziren gehienak. Horientzat guztientzat bere heriotza «liberazio bat» izango zen arren, damu eta oroitzapenak harekin eramango zituela kantatu zuen bigarren bertsoan: «Susmoa daukat nerekin/ joango direla denak/ oroitzapenen damuak/ damuen oroitzapenak/ sentitzen nituenak ta/ kontatzen ez nituenak».

Ez zen edonolako hileta elizkizuna. Izan ere, familiakoak ez ezik, han zituen beste asko: Otegi, Txibite eta Etxegarai politikariak, besteak beste. Are, haiekin batera, bertso berean sartu zituen Andoni Egaña, Xabier Leteren Izarren hautsa eta Imanol Larzabalen Mendian gora kantuak: «Ikusten ditut Otegi/ Txibite ta Etxegarai/ bertsoa Egañak bota du/ bai, oraindik bizi da, bai/ nahiz eta izarren hautsa/ bilakatzen den bizigai/ bihar ez naiz joango eta /egin zazue lo lasai».

Saioko irabazleak ere publikoa irabazi zuen bere ganbarakoarekin, izeba baten hiletara agertzeari uko egitea erabaki duenaren larruan kantatuta. «Barkatu, izeba, sentitzen dut zu/ joatea apartean/ baina pertsonak maite behar dira/ bizirik dauden artean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.