Arabako Bertsolari Txapelketa

Lehia estua izango da Arabako bertsolarien finalean

Larunbatean izango da txapelketako azken saioa, 17:30ean, Gasteizko Europa biltzar etxean. Paula Amilburu aurreneko aldiz ariko da finalean.

Ezkerretik eskuinera: Peru Abarrategi, Paula Amilburu, Iñaki Viñaspre, Manex Agirre, Oihane Perea eta Xabi Igoa, gaur goizean, Gasteizko Europa biltzar etxean. RAUL BOGAJO/ FOKU
unai etxenausia
2022ko ekainaren 7a
14:18
Entzun

30 bertsolarik hasi zuten bidea, baina seik bakarrik izango dute Gasteizko Europa biltzar etxeko oholtzako fokuen pean seiehun pertsonaren aurrean kantatzeko aukera. Arabako Bertsolari Txapelketari amaiera biribila eman nahi diote larunbateko protagonistek. Txapela xede, Peru Abarrategi, Manex Agirre, Paula Amilburu, Xabi Igoa, Oihane Perea eta Iñaki Viñaspre lehiatuko dira aurten. Txapelketa lehiatua izan da hasieratik, eta ez dago batere argi finalean zer gertatuko den ere. Amilburuk izan ezik, beste finalista guztiek badakite zer den final baten abestea. Horiek horrela, larunbatean, 17:30ak puntuan hasiko da lehia, eta bertsolariek beren onena eman beharko dute, ez baitago faborito argirik.

«Txapelketak aurten izan du mailarik handiena». Zalantza izpirik gabe nabarmendu du Viñasprek, azken txapelketako irabazleak. Izan ere, finalean gazteen freskotasuna eta beteranoen garra egotearen seinale da hori. Batzuek badakite zer den buruan txapela daramatela azken agurra kantatzea; beste batzuk, aldiz, gogotsu daude hori beren larruan sentitzeko.

Lau txapel dauzka Pereak, bi Agirrek. Viñasprek, berriz, azken txapelketa irabazi zuen, eta ez du final bat ere huts egin 2004tik. Igoak laugarren finala izango du, eta Abarrategik bigarren aldiz jarraian abestuko du. Aldiz, lehen aldia izango da Amilbururentzat.

Txapelketa berezia izan da aurtengoa, arrazoi askorengatik. Batetik, hiru urte pasatu dira azkenekoz Gasteizko Principal antzokian txapela jokoan egon zenetik; eta, bestetik, hori gutxi balitz bezala, pandemiarengatik txapelketa atzeratzea erabaki zuen Arabako Bertsozale Elkarteak. Beranduago hasi arren, Pereak zehaztu du «oso lehiatua» izan dela ibilbidea, eta guztiek «sufritu» dutela finalera iristeko.

Finaleko lanetan hiru ofizio osatu beharko dituzte binaka: zortziko nagusian, hamarreko txikian eta seiko motzean. Bakarka, bina puntu erantzun beharko dituzte, eta bi bertsoz josi gai bat. Puntu gehien jasotzen duten bi bertsolariak pasatuko dira buruz burukora. Fase horretan, berriz, ofizio bat abestuko dute Iparragirre abila dela doinuan, eta, bakarka, hiru bertso kartzelan, nahi duten doinu eta neurrian.

Serapio Lopez Ortuetak jantziko dio txapela irabazleari. Arabako bertsolaritzan ibilbide oparoa du, eta 1982an lehen bertso eskolen sortzaileetako bat izan zen. Ordutik egundaino, bertsolari, irakasle eta antolatzaile aritu da. 2017ko finalean kantatu zuen azken aldiz Arabako Bertsolari Txapelketan. Horregatik guztiagatik, egindako ibilbidea eskertu nahi dio elkarteak.

Lehenbizikoz Europa biltzar etxean

Finala Europa biltzar etxean egingo den lehen aldia izango da. «Pena Principalean ezin kantatzea, eta foku horien berotasuna ez sentitzea», esan du Amilburuk, apur bat penatuta. Azken txapelketan finaletik koska batera gelditu baitzen. Halere, ez dio garrantzi handirik eman nahi izan, eta lehen finalean lehiatzeko «gogotsu eta pozik» dagoela adierazi du. Agirrerentzat, berriz, «puntu berezia» emango dio finalari leku aldaketak, eta beteranoek —Viñasprek eta Pereak— bat egin dute Agirrek esandakoarekin.

Sei bertsolarietatik lau aramaioarrak (Araba) dira, guztiak lagun minak: Abarrategi, Agirre, Amilburu eta Igoa. Guztiek errepikatu dute ez dela «kasualitatea» laurek finalera sartzea lortu izana, eta urte osoko «lan handia» dagoela atzean. Igoak, esaterako, kontatu du bertso eskoletan «mimo bereziz» prestatu dutela txapelketa: «Txapela irabazteko lehiatu nahiko nuke aurten». Azkenik, Abarrategik hitz egin du. Txapelketa gorabeheratsua izan dela esan du, «maila handikoa», baina espero du finalean gozatu ahal izatea: «Guztiei aurre egiteko kapaz ikusten dut neure burua. Gainera, badakit nik gozatzen badut besteek ere gozatuko dutela».

Arabako bertako eta Euskal Herriko bertsozaleek aukera daukate saiorako sarrera eskuratu ahal izateko: bazkideek hamabost euroan, 16 urtetik beherakoek hamarrean, eta gainerakoek hemezortzi euroan. Antolatzaileek gomendatu dute sarrerak aurrez erosteko, webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.