Musika

Su geldoan sortua, lehertzeko asmoz

Brigade Locok 'Bide baten esanahia' diskoa kaleratu berri du; Bergarako taldearen hirugarren lan luzea da. Ingalaterran egon dira, Londresen eta Derbyn, eta Atarrabiako Totem aretoan aurkeztuko dute disko berria, gaur.

Brigade Loco Bergarako taldeko kideak. BRIGADE LOCO
Brigade Loco Bergarako taldeko kideak. BRIGADE LOCO
Beñat Mujika Telleria.
2025eko otsailaren 22a
04:50
Entzun

«Beste egun bat zure atzetik/ Zentzugabeko maitasunak ez dauka legerik/ Begirada irmoa, ametsak doazen lekutik/ Poltsikoak hustuta, bihotza beterik». Hala dio Brigade Locok atzo kaleratu zuen Bide baten esanahia albumeko Bihotza beterik kantuak. Denbora zeraman taldeak ezer kaleratu gabe, baina ez alferrik: ia bi urte igaro dituzte disko berria prestatzen. Doinu berrietan aldaketa txiki batzuk antzematen dira, baina 2017an eztanda egin zuen taldearen esentziari eusten dio Bergarako (Gipuzkoa) boskoteak.

Londrestik etorri berritan elkartu ditu BERRIAk Asier Arteaga (gitarra) eta Manex Egaña (bateria). Hainbat herrialdetara bidaiatu dute taldearekin batera, baina lehen aldia izan dute Ingalaterran. Italiako Bull Brigade taldearekin egon dira han, eta «oso gustura» egon direla nabarmendu du Arteagak: «Ez gara Euskal Herritik asko irten, baina gutxi ere ez. Guk egiten dugun musikak han du jatorria, eta erreferentzia asko han dauzkagu. Gainera, oso harrera ona egin digute».

Ingalaterran estreinatu zuten disko berria, eta gaur egingo dute Euskal Herriko lehena, Atarrabiako Totem aretoan. Su geldoan egindako lana izan da, urte eta erdi igaro baitute estudioan. Arteaga eta Egaña bat datoz honetan: taldearen hiru lan luzeetatik «anbiziotsuena» azken horixe izan da. Izan ere, aurreko bi diskoei baino «askoz ordu gehiago» eskaini dizkiote Bide baten esanahia lanari. «Abestiak gehiago landu ditugu, baita alderdi kontzeptuala eta estetikoa ere. Eta, aurrekoetan ez bezala, disko guztiaren kontzeptuari, abestiei eta alderdi estetikoari zentzu bat eman nahi izan diegu. Agian erritmoz mantsoagoa da aurreko biak baino, eta abesti desberdinen bat ere badauka», nabarmendu du Egañak.

«Abestiak gehiago landu ditugu, baita alderdi kontzeptuala eta estetikoa ere. Eta, aurrekoetan ez bezala, disko guztiaren kontzeptuari, abestiei eta alderdi estetikoari zentzu bat eman nahi izan diegu»

MANEX EGAÑABrigade Loco taldeko bateria jotzailea

Gainera, diskoa bera ez da taldearen berritasun bakarra. Izan ere, trilogia bat ere zabaldu dute azken hilean, diskoaren aurrerapen gisa. Trilogia horretan, Ateak itxi dira, Barnekodisdira eta Agur kantuak elkartu dituzte bideoklip batean. Beñat Goia eta haren lantaldea arduratu dira lan horretaz. «Disko osoan bidaia bat irudikatzea zen asmoa, eta zentzu pertsonala ere eman nahi genion, entzuleak bere bizipen pertsonalak abestietan identifika zitzan. Era berean, alderdi audiobisuala garatzeko anbizioa geneukan, eta hortik sortu zen trilogiaren ideia. Fikziozko pertsonaia baten bidaia planteatzen da trilogian, eta haren bizipenak kontatzen dira», adierazi du Egañak.

 

Esentzia, aldaketak aldaketa

11 abesti bildu ditu Brigade Locok disko berrian. 2017an atera zuen Ekintzek dute hitza diskoan erakutsi zuen esentzia bera du Bergarako taldeak oraindik, baina disko berriak aldaketa batzuk ditu. Arteagak dio erritmo aldaketa bat antzematen dela diskoan, baina ez dela «oso drastikoa». «Brigade Locoren esentziari eusten diogula esango nuke, eta hori nahiko markatuta dagoela diskoan. Abesti batzuetan nabarmena da, eta beste batzuetan gauza berriak probatu ditugu».

Gainera, esentzia horri jarraituz, beste talde bati keinu bat egin dio Brigade Locok oraingoan ere. Aurreko bi diskoetan beste talde baten abesti baten bertsioa egin du taldeak, eta oraingoan ere halaxe egin du. Ondarroako (Bizkaia) Jonny Gerriwelt taldearen Keep the Flame Alive kantuaren bertsioa egin dute. «Guretzat erreferente izan den talde bat sartu dugu orain ere, eta, tradizioari eusteko asmoz, Euskal Herrian hain ezaguna izan ez dena», nabarmendu du Egañak. Arteagak, berriz, «indar handiko abestia» dela nabarmendu du, eta «diskoaren ildoari jarraitzeko lagungarria» dela.

«Brigade Locoren esentziari eusten diogu, eta hori nahiko markatuta dago diskoan. Abesti batzuetan nabarmena da, eta beste batzuetan gauza berriak probatu ditugu»

ALEX ARTEAGA Brigade Loco taldeko gitarra jotzailea

Diskoko azken kantua da guztietan desberdinena: Ohoinak. Bateriaren kolpeak alde batera utzi, eta pianoa, biolina eta mandolina sumatzen dira lehen entzunaldian. Euskal Herritik Ameriketara joan ziren euskaldunei egiten die erreferentzia kantuak. «Heroitzat ditugunak, baina han sekulako sarraskiak egin zituztenak», adierazi du Arteagak. Begiak itxiz gero, Lander Aznalen ahots urratua ahaztu, eta taldeko kide guztiak irudikatu daitezke kantuan, elkar besarkatuz: «Mundu berri baten bila urrun zoaz herrikide guztien izenean/ Gezi zorrotzak haien bizkarretan, lurra betiko kendu eta usurpatzean/ Gurutze madarikatua inposatzean, inperialismoaren izenean».

Ia bi urteko lana dago album berriaren atzean. Denbora zeraman taldeak ezer berririk atera gabe, baina nahita egindako hautua izan da. Iaz behin baino gehiagotan errepikatu zuten kontzertu gutxiko urtea izango zela, «jo eta su» aritu behar zutelako hirugarren diskoa prestatzen. «Urtebete pasatxoko lana dago honen denaren atzean. Argi geneukan neurri honetako proiektu bat egin nahi bagenuen baliabide gehiago behar genituela. Eta hor denbora ere sartzen da. Lan handia egin dugu, emaitza ere txukuna izan zedin», aitortu du Egañak.

Zazpi urte, hamaika gorabehera

Zazpi urteko ibilbidea darama Brigade Locok bizkarrean. 2017an ustekabeko arrakasta lortu zuten Ekintzek dute hitza diskoarekin, eta punk rocka Euskal Herriko hamaika txokotan zabaldu zuten disko hartako abestiekin, hala nola Aurrera doa, Jasaten duguna eta Gaztelu beltza kantuekin.

(ID_17401320153445) BRIGADE LOCO
Brigade Loco Bergarako taldeko kideak. BRIGADE LOCO

Goia jo zuten lehen lanarekin, baina ezusteko batek bertan behera utzi zuen bigarren lan luzea kaleratzea eta ondoren zetorren kontzertu andana egitea. 2020an ziren disko berria ateratzekoak, baina COVID-19aren izurriak hankaz gora jarri zuen dena. «Bigarren diskoa kaleratzear geundela iritsi zen pandemia. Moldatu egin behar izan genuen, eta, azkenean, hiru hilabete geroago kaleratu genuen diskoa. Kaka nahaste hutsa izan zen, eta zuzenekoak eserita egin genituen», gogoratu du Egañak. Eta ez, Brigade Locoren doinuak ez dira besaulkian eserita entzuteko modukoak. Horregatik, zor bat kitatzeko modua izan da hirugarren lan luzearen sormen prozesua. «Taldekide guztiak bat gentozen hirugarren lan honetan denbora asko inbertituko genuela, eta mimo gehiagorekin egingo genuela lan. Mantso joan da prozesua, baina gogoz hartu dugu».

Irribarrea ahoan gogoratu dute Egañak eta Arteagak taldearen ibilbidea. Bateria jotzailearentzat lehen musika taldea izan zen. Gitarra jotzailearentzat ez, aurrez talde amateurren batean aritua baitzen. Baina harentzat ere Brigade Loco izan zen lehen proiektu handia. Orain, zazpi urteren ostean, taldeak emandako aurrerapausoa azpimarratu du Arteagak: «Guretzat, ikasketa prozesu bat izan da Brigade Loco. Taldea asko aldatu da alor guztietan; entseguetan, zuzenekoan, antolaketan, komunikazioan... Bakoitzaren potentziala non dagoen antzeman dugu, eta elkarrekin gaudenean nondik nora joan gaitezkeen ikusi. Alderdi guztietan sendotu gara, nola sorkuntzan, hala barne antolaketa prozesuan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.