Zinema estreinaldiak

Lehertzear den kaiola

Asli Ozge zinemagile turkiarrak 'Black Box' bere azken film luzea estreinatu du. Filmak egun batetik bestera haien eraikinetik atera ezin diren bizilagunen kezkak eta beldurrak hartuko ditu abiapuntutzat, aurreiritziei eta susmoei buruz hitz egiteko.

 Asli Ozgeren 'Black Box' filmeko fotograma bat. BERRIA
Asli Ozgeren 'Black Box' filmeko fotograma bat. BERRIA
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko maiatzaren 15a
05:10
Entzun

Apartamentuz osatutako eraikin bat Berlinen. Nahiko zaharkitua gelditzen ari da, eta erdian patio bat du. Garabi baten laguntzaz, metalezko eta kristalezko kontainer handi bat jarriko dute patio erdian. Johannes Horn inbertitzailearen bulegoa izango da; haren ideia da eraikineko apartamentuak erosi, berritu, eta oraingo bizilagunei saltzea. Hornen iritsiera ez da begi onez ikusiko, eta bizilagunen artean tentsioa handituz joango da.

Henrike Kochek, eraikineko bizilaguna den amak, urteak daramatza etxean lan egiten, eta elkarrizketa baterako deitu diote. Lan eskaintza horrekin, hark eta Daniel senarrak espero dute haien etxea erosteko aukera izango dutela. Eraikinetik ateratzen ari dela, ordea, maskaradun poliziak iritsiko dira, eta debekatu egingo dute eraikinean sartzea nahiz bertatik ateratzea.

Inolako informaziorik gabe, bizilagunen susmoak areagotu egingo dira, sekretuak azaleratuko dira, eta bata bestearen mesfidati bilakatuko dira. Tentsiopean, eguneroko bizitzaren beldur, kezka txikienak ere izugarriak irudituko zaizkie eraikineko biztanleei.

Asli Ozge Berlinen bizi den zinemagile turkiarraren azken filma, Black Box, Cannesko L’Atelier programan onartu zuten 2018an, eta iazko Municheko zinemaldiko New German Cinema sailean estreinatu zen. Ozge gizartea eta gizabanakoek gizarte honetan duten funtzionatzeko era behatzen duen zinemagile gisa egin da ezaguna. Hala erakutsi zuen bere lehen film luzearekin, Men on the Bridge, Bosforoko zubian lan egiten duten hiru gizonen bizitza eta ametsak kontatzen zituen dokumental eta fikzioaren arteko nahasketan; eta, Black Box-ekin, egungo gaiei arretaz so egiteko gizarte txiki bat sortu du, eta gizartearen bakea kolokan jarri dezaketen piztaileak gehitu dizkio. Filmak Dardenne anaien Les Films du Fleuve ekoiztetxea du atzean.

Zinemagile turkiarrak ingurune klaustrofobiko bat eraiki du gentrifikazioa, klase ezberdintasunak eta arrazakeriarekin lotutako aurreiritziak bezalako gaiak lantzeko. Filmak detaileetan jartzen du arreta, eta aztertzen du nola gauza txikienak ere komunitate bat hautsi dezakeen. Musikarik gabe, baina itogarritasuna areagotzen laguntzen duen soinu diseinuarekin (Paul Heymans eta Thomas Gauderrek egina), eta Emre Erkmenen argazki zuzendaritza klasiko baina arretatsupean, Black Box-ek ikuslea bera bere aurreiritzi eta espektatibei buruz hausnartzera eramango du.

'black box'

Zuzendaria eta gidoilaria: Asli Ozge. Aktoreak: Luise Heyer, Felix Kramer, Christian Berkel. Argazkia: Emre Erkmen. Generoa: thrillerra. Urtea: 2023. Iraupena: 120 minutu. Herrialdea: Alemania. Estreinaldia: Maiatzaren 17an, Hego Euskal Herrian.

Beste estreinaldi batzuk

'Un sol radiant' filmeko irudi bat.
Un sol radiant filmeko irudi bat. BERRIA

'Un sol radiant'

Zuzendariak: Monica Cambra, Ariadna Fortuny. Gidoilariak: Ariadna Fortuny, Claudia Garcia de Dios. Aktoreak: Laia Artigas, Nuria Prims, Nunu Sales. Argazkia: Assia J. La-Roca. Generoa: drama. Urtea: 2023. Iraupena: 79 min. Herrialdea: Herrialde Katalanak.

Milak, haren ahizpa nagusiak eta bien amak egun batzuk pasako dituzte landetxe batean, mundutik bakartuta. Giroan gero eta lasaitasun handiagoa arnastuko da, lasaitasun aztoragarria. Begirada deserosoek, isiltasunek eta absentziek gertaera baten hurbiltasuna erakutsiko dute. Energia hori guztia askatzeko, Milak festa bat antolatzea erabakiko du, hurbildu ahala ospakizun soil bat baino askoz gehiago bihurtuz joango dena.

'Un métier sérieux'

Zuzendaria eta gidoilaria: Thomas Lilti. Aktoreak: Vincent Lacoste, François Cluzet, Adèle Exarchopoulos. Argazkia: Antoine Heberle. Generoa: drama. Urtea: 2023. Iraupena: 101 min. Herrialdea: Frantzia.

Ikasturte berria hasiko da. Benjamin bekarik gabeko doktoregoko ikaslea da, eta, etorkizunerako perspektibarik ez duenez, Parisko institutu batean irakasle gisa lan egitea onartuko du. Prestakuntzarik eta esperientziarik gabe, Benjamin laster ohartuko da zer gogorra izan daitekeen irakasle lanbidea baliabiderik ez duen hezkuntza sistema batean. Gainerako irakasleen laguntzarekin, eta zorte pixka batekin, bere bokazioa birplanteatzeko aukera izango du.

'Calladita'

Zuzendaria eta gidoilaria: Miguel Faus. Aktoreak: Paula Grimaldo, Ariadna Gil, Pol Hermoso. Argazkia: Antonio Galisteo. Generoa: drama. Urtea: 2023. Iraupena: 92 min. Herrialdea: Espainia.

Ana Kolonbiatik etorri berria da, eta arte merkatari familia aberats baten luxuzko udako etxean egiten du lan. Neska gazteak egun osoz egiten du lan, kontraturik gabe, udaren amaieran baldintza duinak lortzeko promesa pean; betiere, diskretua eta isila bada. Gisela aldameneko etxeko langilearen bitartez, baina, Anak jakingo du gauzek ez dutela zehazki esan dioten bezala funtzionatzen, eta Costa Bravan igaroko duen udan gehiago dibertitzen saiatuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.