Durangoko Azoka

Lehengo sorkarietatik gaurkoak

‘Hartzea ematea DA’! lelopean irekiko ditu ateak Durangoko Azokak. Lau eguneko egitaraua osatu dute, eta sortzaileen belaunaldi aniztasuna hartu dute aintzat.

Azokako erakusmahai bat, iaz. JON URBE / FOKU
Azokako erakusmahai bat, iaz. JON URBE / FOKU
nerea intxausti
2024ko abenduaren 5a
05:00
Entzun

Sortzaile batak bestearenetik hartzen du eta, aldi berean, eman. Aurrekoen eraginagatik dira asko gaur egungo sortzaile: lehen hartu egin zuten, eta orain eurak ari dira ematen. Horixe da, hain zuzen, Durangoko Azokaren 59. edizioko leloaren funtsa: Hartzea ematea DA!. Azokak urtebete besterik ez du falta sei hamarkada osatzeko.

Hilabeteetako lanaren ostean, antolakuntzaren asmoak mamituta daude. «Kultura jasotzea bide bat da gizarteari bueltan emateko», azaldu zuen Beñat Gaztelurrutia koordinatzaileak azokaren aurkezpenean. Haren esanetan, kultura jasotzeko eta haren alde egiteko modu bat da Durangoko Azokan egotea; «irakurtzea bestela idaztea den bezala, entzutea kantatzea da, ikustea antzeztea...». Nabarmendu zuen deialdi berezia egin nahi dietela aurten zaleei, «ezinbestekoak direlako kultur sistema osasuntsu baterako».

Landako gunean 153 partaide eta 274 erakusmahai izango dira, eta 933 kultur nobedade egongo dira kulturazaleek «hartzeko eta emateko». Lan berriak aurkezteko 200 ekitaldi inguru programatu dituzte lau egunetarako. Egitarau osoa durangokoazoka.eus webgunean kontsultatu daiteke, egunez egun eta gunez gune bereizita. Antolakuntzakoek aurreratu dute sorkuntza lan horiek denetariko estilo eta gaiak jorratzen dituztela, eta tokikoak bezala mundu osokoak ere badirela. Horren erakusgarri, Palestinari buruz aurkeztuko diren zenbait lan, euskaratik ere begiratzen baitzaio munduari.

Durangoko Azoka iragarri eta apainduko duen kartelaren egileek urrian aurkeztu zuten haien sorkaria. Udatxo eta Balu artistek sortu zuten, eta, eurek proposatuta, ostiralean azokan egongo dira, kartela formatu txikian bisitariei banatzen eta sinatzen.

Antolakuntzakoek nabarmendu dute ostiralean Marramiau sorkuntza kolektiboak Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz animazio telesaila estreinatuko duela bi emanalditan: Saguganbaran eta Irudienean. Iazko Sormen Bekaren emaitza da.

Belaunaldi aniztasuna

Belaunaldien arteko sorkuntzak daukan eraginean jarri dute arreta aurten Gerediaga elkartekoek, eta, hori aitzakia hartuta, sortzaile gazteen eta ibilbide luzekoen arteko oreka islatzen du egitarauak. Adibidez, Txopet, Xsakara eta TOC taldeak igoko dira Plateruenako oholtzara, baina baita Mikel Urdangarin eta Kokein ere.

Irudienean ere, zinemaren alorrean, kontrastea nahi izan dute. Bertan izango dira David Perez Sañudo —Ane eta Azken erromantikoak  film luzeak zuzendu ditu— eta Arrigurikoak —ikus-entzunezko ekoiztetxe txiki bat da, spotak eta bideoklipak egin ohi dituena—. Iratxe Fresnedaren, Jone Arriolaren eta Ane Berriotxoaren lanak ere proiektatuko dituzte egunotan, besteak beste.

Azoka Telebistaren edukien artean ere nabarituko da belaunaldi ezberdinen presentzia. Diziplina bera jorratzen duten belaunaldi bateko eta besteko bi sortzaile jarriko dituzte aurrez aurre, eta transmisioa izango dute hizketagai. 

Lau egun trinko

Azoka 10:30ean zabalduko dute, eta 20:00etan itxiko; hori bai, igandean lehenago itxiko dute: 18:00etan. Ordutegiari dagokionez, beraz, iazko eredua mantenduko dute.

Bisitariei garraio publikoa erabiltzea gomendatu die antolakuntzak, eta, autoz etortzekotan, ohartarazi diete ostiralean, larunbatean eta igandean autobus zerbitzua izango dutela Iurretako autobideko irteerako aparkalekuetatik Landakora.

Jakinarazi dute puntu moreak ezarri dituztela Landako gunean, eta, norbaitek beharra izango balu,  aukera izango duela informazio puntuetara edo soinean txapa morea duten antolatzaileengana gerturatzeko: indarkeria matxistaren aurkako protokoloa abiatuko 
dute.

Durango herrian ere izango da zer bisitatua azoka bitartean. Andre Mariko elizpean, Artisauen eta Sortzaileen VII. Azoka antolatuko du Eixu artisau elkarteak, eta Merkatu plazan, berriz, euskal denda jarriko du Arbaso elkarteak, besteak beste. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.