Lehengo eta oraingo tonalitateak aztertuko dituzte Inpernuko Pozan

Iker Goenagak hitzaldia emango du bihar.Etzi, Laja eta Joseba Tapia mahai inguru batean mintzatuko dira, Izer moderatzaile dutela

Iñaki Garmendia Laja soinu jotzailea. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2015eko irailaren 9a
00:00
Entzun
Trikitia jotzeko lehengo eta oraingo tonalitate ezberdinak izango dira aztergai bihar eta etzi, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak antolatutako Inpernuko Poza trikitiaren inguruko jardunaldien hamahirugarren ekitaldian. Biharko saioan, 19:30ean, Iker Goenaga trikitilariak hitzaldia emango du; etzikoan, ordu berean, Iñaki Garmendia Laja eta Joseba Tapia trikitilariak mintzatuko dira, beste trikitilari bat moderatzaile dutela: Iosu Arrizabalaga Izer.

«Garai bateko jotzeko moduari erreparatzen badiogu eta gaur egungoarekin alderatu, hainbat ezberdintasun daudela konturatuko gara», adierazi dute antolatzaileek, aurtengo saioak aurkeztean. «Horietako bat tonalitatea da, eta, horrek sortzen dizkigun kezkak asetze aldera, gai honi erantzuna ematen saiatuko diren itzal handiko trikitilariak gonbidatuko ditugu aurtengo jardunaldietara».

Laja soinu jotzailea «garai bateko jotzeko moduaren adierazle gisa» gonbidatu dute parte hartuko duen mahai ingurura. «Elgeta eta Sakabiren ikasle izan zen trikitilari horrek haiengandik jasotako jotzeko moduak esplikatuko dizkigu. Aldaketa etorri zenean, berriz, zuzen-zuzeneko protagonistetako bat izan zen Joseba Tapia, aurrekoa jasotzeaz gain tonalitate berriak jorratuz bere ibilbide propioa egin duen trikitilaria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.