Klasiko modernoa eta XIX. mendeari lotua egon arren, klasikoen kategoriara igaro den izen handiko idazlea. Jamaica Kincaidi (Antigua uhartea, 1949) eta Herman Melvilleri (New York, 1819-1891) egokitu zaie Literatura Unibertsala bildumaren hirugarren aroa hastea. Kincaiden Nire amaren autobiografia euskaratu du Alberto Martinez de la Cuadrak eta Melvilleren bi eleberri labur bildu dituzte lan bakarrean, Benito Cereno eta Billy Budd,marinela, biak Jose Ramon Vazquezek itzuliak. Eusko Jaurlaritzak eta EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak hasitako egitasmoaren lehendabiziko ehun liburuak Ibaizabalek argitaratu zituen, ondorengo 52ak Alberdaniak eta Elkarrek, eta datozen 50ak Alberdaniak, Ereinek eta Igelak aterako dituzte.
«Klasiko modernoa». Inazio Mujika Iraola editoreak horrela definitu du Jamaica Kincaid.Postkolonialismoari lotutako literaturaren ordezkari garrantzitsuenetako bat da Kincaid—jaio zenean, Antigua britainiarren kolonia zen—, eta orain arte ez zegoen haren libururik euskaraz argitaratuta. «Literatura postkoloniala kolonialismoaren diskurtsoari, botere egiturei eta gizarte hierarkiei aurka egiten dien literatura da», argitu du Alberto Martinez de la Cuadra itzultzaileak, eta horren barruan kokatu du bai Kincaiden lana bai aurretik Literatura Unibertsala bilduman argitaratu zuen beste itzulpen bat ere, Chinua Acheberen Gainbehera dator dena. «Kolonialismoaren eta beraren ondorioen aurkako kritika sutsuak dira biak».
Frantz Fanonek (1925-1961) postkolonialismoaren gainean egindako azterketek Nire amaren autobiografia-n izan zuten eragina nabarmendu du Martinez de la Cuadrak: «Fanonek adierazi nahi izan zuen zein modu suntsigarrian eragin zien kolonialismoak bai kolonizatzaileei bai kolonizatuei, betiereko tentsioan koexistitzera kondenatu baitzituen». Hain zuzen ere, kolonizatzailearen eta kolonizatuaren arteko oposizioa agertzen da Nire amaren autobiografia-n. Kincaidek Xuela izeneko pertsonaia nagusiaren eta gainerakoen arteko harremanak baliatzen ditu Fanonek bere idatzietan deskribatzen dituen kategoria sozialak artikulatzeko.
Izenburuari traizio eginez, autobiografiatik gutxi du liburuak, nahiz eta haren lan askok eta askok dituzten elementu autobiografikoak. «Kasu honetan, egilea, narratzailea eta pertsonaia nagusia ez dira pertsona bera». Britainiarren mendeko Mendebaldeko Indietako emakume mota jakin baten bizitza idaztea izen zen Kincaiden asmoa, eta «bere bizitza eta belaunaldia izan ez arren, autobiografikoa zirudien ahots batez esan nahi zituen gauzak». Itzultzailearen iritziz, «prosa zehatza eta lirikoa» darabil Kincaidek liburuan.
Itsasoko istorioak
Elementu komun ugari dituzte Benito Cereno-k (1855) eta Billy Budd, marinela-k (1991), Herman Melvillek urte askoko aldearekin idatzi zituen arren. Moby Dick monumentala bezala, Herman Melvillek itsasoan kokatu zituen bi eleberri labur horiek. Bakoitzak, ordea, tonu propioa du, Jose Ramon Vazquez euskaratzaileak argitu duenez. «Biak itsasontzi batean daude kokatuak, bietan hiru pertsonaia nagusi ditugu eta bietan mundua antzoki bihurtuta ageri zaigu, agertoki. Batean maskarada bat antzezteko; bestean, berriz, tragedia bat».
Estiloaren aldetik eta ukitzen dituzten gaiei aldetik ezberdinak dira bi nobelak, Vazquezek dioenez, baina «hondarrik hondarrenean» antzekoak dira. «Itsasoan kokatuak egon arren, bi kontakizun hauek ez baitira abentura ipuinak, Moby Dick abenturazko eleberria ez den bezala».
Benito Cereno Melvilleren kontakizun polemikoenetako bat da. Batzuen ustez, haren lanik onenetakoa da, eta beste aditu batzuek, berriz, ez diote estimu handirik.
Billy Budd, berriz,Melvilleren azken lana izan zen, eta amaitu gabe utzi zuen. Argitaratu ere 1924an argitaratu zuten, idazlea hil eta 33 urtera. Nolanahi ere, aditurik gehienek literaturako maisulantzat jotzen dute, eta Moby Dick-en ondotik idazlearen eleberririk onena dela ere esan izan dute.
Lehengo eta gaurko klasikoak
Herman Melvilleren 'Benito Cereno / Billy Budd, marinela' eta Jamaica Kincaiden 'Nire amaren autobiografia' argitaratu dituzteLiteratura Unibertsala bildumaren aro berriko lehenengo bi lanak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu