Hirugarren saiakeran ezagutuko du udaberria Sormenek. Berez, euskal kulturari beste plaza bat zabaltzeko asmoz jarri zuen abian jaialdia Galdakaoko Udalak (Bizkaia), 2020an, eta plaza hori udaberrikoa izan zedila nahi izan izan dute hasiera-hasieratik. Koronabirusak gogorren jo duen urteetan hasi du ibilbidea, ordea, eta, azkenean, bi urteko igaroaldiaren ostean, aurten egingo dute lehenengoz pentsatua zuten urtaroan. Bertso saio literario batekin hasiko dute programa, gaur, eta zuzeneko kontzertuak, azoka bat eta liburu aurkezpenak izango dira igandera bitartean. Guztiak euskara ardatz hartuta, eta guztiak Kurtzeko plazan jarriko duten karpan. BERRIA egunkaria da festibalaren babesleetako bat.
Oier Guillan idazle eta antzerkigileak jarriko dizkie kanturako gaiak Alaia Martin eta Julio Soto bertsolariei gaur, eta #Mauriziakezdauinorhil ikuskizuna eskainiko dute bihar Ines Osinagak, Lorea Argaratek eta Olatz Salvadorrek. Ahotsenea gunearekin elkarlanean, hainbat zuzeneko aurkezpen eta kontzertu ere antolatu dituzte biharko eta etziko. Aurten diskoa argitaratu duten zazpi talde arituko dira, esaterako, eta bakoitzak 30 minutuko emanaldi bat egingo du. Bihar, Dukkha, Odolaren Mintzoa eta Keia arituko dira, 18:00etatik 20:30etara; eta, larunbat arratsaldean, Neona, Murgi, Islabat eta Gilda igoko dira oholtzara .
Etzi, gainera, egun osoko azoka egongo da plazan, eta, guztira, 11 argitaletxe eta diskoetxek jarriko dituzte erakusmahaiak. Goizean, han izango dira Garazi Albizua, Karlos Linazasoro, Asel Luzarraga, Xabi Borda eta Ainara Maia, hurrenez hurren, beren azken lanak aurkezten.
Igandean, Juan Karlos Irizar piano jotzaile eta konpositorea omenduko du jaialdiak. Ibilbide oparoko autorea da Irizar, eta Galdakaorekin estuki lotutakoa. Esate baterako, hark sortuak dira hala herriko ereserkia nola 1937ko bonbardaketa gogoratzeko konposatutako Galdakaoko oroimen historikoa obra multzoa ere. Horrez gainera, hogei urtez izan zen herriko musika bandaren zuzendaria ere. Iaz hil zen, 69 urterekin, eta haren ibilbidea izango dute gogoan herriko hainbat musika taldek Irizarren izarrak emanaldian.
Transmisioan eragiteko
Gotzon Barandiaran idazle eta kultur eragilea da Sormeneko zuzendari artistikoa, eta, haren hitzetan, transmisioarena da jaialdiaren muinean dauden kezketako bat. Hutsunea igartzen dute alor horretan, eta horri erantzuteko bideak zabaltzea da Sormenek bere buruari ezarritako egitekoetako bat.
Programa berezia antolatu dute horretarako Galdakaoko Elexalde institutuko batxilergoko lehenengo mailako ikasleekin. Formol laborategiko kideek topaketa bat egin zuten iazko azaroan ikasleekin, eta apirilean berriz izan ziren ikastetxean, gazteekin tailer bat lantzen. Antzerkigileek bisita egingo diete berriz maiatzaren 27an, eta saio bikoitza izango dute egun horretan. Bitan emango dute Album antzezlana, Torrezabal kultur etxean: ikasleentzat arituko dira goizean, eta publiko orokorrarentzat arratsaldean.
Gaur eta bihar ere, jaialdian arituko diren hainbat sortzailek zenbait tailer emango dituzte ikastetxean.
Jaialdia egitea bera izan zen lehen erronka. Izan ere, nagusitzen ari zen ilunpearen aurka hasi zuen ibilbidea, 2020an. Koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz, bertan behera geratuz joan ziren sasoi hartako kultur emanaldi gehientsuenak, eta areto asko itxita egon ziren. Udaberrirako pentsatutako jaialdia abendura bultzatu zuen egoerak, eta orduan ere murrizketekin egin behar izan zuten aurrera. Galdakaoko eta mugakide ziren herrietako biztanleek bakarrik izan zuten aukera lehen jaialdi hartako saioak zuzenean ikusteko, baina digitalki ere zabaldu zituzten. Maldan gora hasi arren, ordea, proposamenari eusteko asmoa azaldu zuten antolatzaileek lehen urte hartan bertan, eta, esaterako, Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak hogei urte barru ere jaialdiarekin jarraitzeko esperantza azaldu zuen aurkezpen ekitaldian.
Neurri malguagoekin egin zuten bigarren aldia, iazko azaroan, eta aurtengo jaialdia neurri murriztaile gehienak desagertuta egin ahalko dute, azkenik. Eta festibala zabaltzen ari da, gainera.
Udazkenean berriz
Antolatzaileek iragarri dutenez, Sormenek bi agerraldi publiko izango ditu aurrerantzean. Asteburu honetan egingo dena izango da lehenengoa, eta udazkenean egingo da bigarrena: azaroaren 10etik 13ra, zehazki. Euskal kulturaren transmisioa lantzeko beharrarekin lotu du erabakia jaialdiko zuzendariak. Barandiaran: «Agerraldi batetik bestera, ez hain ageriko lan iraunkorra egingo dugu bai Galdakaoko bai Euskal Herriko kulturgintzaren ekosistema osatzen duten hainbat eragilerekin».
Lehen udaberria hiru urtean
Sormene jaialdiak euskarazko sorkuntza izango du ardatz, gaur hasi eta igandera bitarte, Galdakaon. Aurrerantzean, festibalak beste asteburu bat ere hartuko du, udazkenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu