Nerabe batek maitasunarekin eta sexuarekin bizi dituen lehenengo esperientziak kontatzen ditu Club Sandwich pelikula mexikarrak. Hectorrek oso harreman estua dauka bere amarekin, eta oporraldia igarotzera elkarrekin doaz Mexikoko kostaldera. Bertako hotel bakarti batean, Jazmin ezagutzen du, eta harekin izaten ditu lehen bizipen horiek.
Hectorren esperientziak islatzen dira pelikulan, baina Fernando Eimbcke zuzendariari amaren ikuspegiak piztu zion interesa. «Gaiari buruz idazten hasi nintzenean, ama batentzat oso egoera zaila dela ohartu nintzen, eta horretan jarri dut arreta».
«Seme-alabekin beti daukazu galtzen ari zarelako sentsazioa. Nire alabarekin dudan sentsazio hori baliatu dut pelikulan», dio Maria Renee Prudenciok, Palomaren rola egiten duen aktoreak.
Sexu tentsioa eta masturbazioa azaltzen dira pelikulan, eta horrek atzera egin zion hasieran Lucio Gimenez Cachori, Hectorren rola betetzen duen aktore gazteari. «Nire lehen erreakzioa ezezkoa izan zen. Baina Fernandoren lan egiteko modua ikusi nuen, eta, azkenean, aurrera egin nuen».
Jazminen larruan sartzen den aktorearen kasua kontrakoa da. «Sexuaren lehenengo bizipenak gai duten hainbat film laburretan lan egin dut. Gogoko gaia dute zuzendariek, hor nonbait», dio, txantxetan, Danae Reynaudek.
Pelikula Mexikoko kostaldeko hotel batean filmatuta dago, baina paisaia oso gutxi azaltzen dira. Nahita egin du Eimbckek. «Pertsonaietan jarri nahi nuen arreta osoa, haien xehetasun guztietan. Kokaleku asko azaltzen badira, arreta pertsonaiengandik urruntzen da».
Horixe lortzeko, bi pertsonaianagusien arteko harremana lantzea ezinbestekoa zen, eta hori filmaketan egin zuten. «Bi hilabeteko filmaketa izan zen, 38 gradutan, kostaldean. Horrek asko erraztu zuen gure arteko harremana modu naturalean sortzen», dio Prudenciok.
Donostiako 61. Zinemaldia. Sail Ofiziala
Lehen sexu izpiak
'Club Sandwich' film mexikarrak seme nerabea urruntzeak ama bati sortzen dion gatazka jorratzen du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu